Datorren urte bukaerarako egongo da prest Markina eta Etxebarria arteko saihesbidea

Bukatzean, Markina erdigunetik pasatzen den trafikoa %53 apalduko da. Lanek 8-9 hilabeteko atzerapena eta ia sei milioi euroko garestitzea izan dute, besteak beste, segurtasun eta ingurumen arrazoiengatik.

Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea, Carlos Alzaga Azpiegituretarako Bizkaiko foru diputatua eta Jesus Iriondo Etxebarriako alkatea, gaur, saihesbidearen obretan. BERRIA
Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea, Carlos Alzaga Azpiegituretarako Bizkaiko foru diputatua eta Jesus Iriondo Etxebarriako alkatea, gaur, saihesbidearen obretan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko irailaren 30a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Markina-Xemeinerako hegoaldeko sarbidea eta Etxebarriako bidea lotuko dituen saihesbidea datorren urte bukaerarako prest egotea espero du Bizkaiko Foru Aldundiak. Carlos Alzaga Azpiegituretarako foru diputatuak goizean bisitatu ditu obrak, eta esan du 8-9 hilabeteko atzerapena izango dutela, hainbat egokitze egin behar izan direlako proiektuan. Ondorioz, kostua ere ia sei milioi euro handitu da, eta azkenean 31,9 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Diputatuak lau arrazoi eman ditu atzerapena azaltzeko. Batetik, segurtasuna. «Proiektua egiterakoan hemendik igaroko diren ibilgailuen segurtasuna hartzen da kontuan, baina baita hemen lanean ari diren beharginena ere». Horrez gainera, Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak hainbat konpentsazio neurri hartzeko eskatu dizkie. Esaterako, irailean hormigoizko azpiegitura bat eraiki dute Munibe errekaren gainean, eta horri esker ibaiaren tarte bat agerian geratu da bioingeniaritza teknikei esker. Era berean, ibaien inguruetan fauna pasatu ahal izateko neurriak hartu dira. Obra atzeratu duen beste arrazoi bat arkeologikoa izan da: 36ko gerrako lubaki bat topatu dute, eta indusketa lanak egin dituzte. Azkenik, Markina eta Etxebarria arteko bidegorriaren lanak esleitu dituzte dagoeneko, eta saihesbidea bukatzean egingo dute lotura.

Saihesbidea martxan jartzen dutenean, Markina erdigunetik pasatzen den trafikoa %53 apalduko da, diputatuaren esanetan. Gaur egun, 5.500 ibilgailu inguruk zeharkatzen dute herria, baina horietatik 3.000 inguruk saihesbidea erabiliko dute gero. Etxebarriako industrialdeetako kamioiak izango dira batez ere.

Horri esker, Markina erdigunea berrantolatu ahal izango dute, Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasaren esanetan. «Zelaia eta plaza inguru horia berriro antolatzeko, berrasmatzeko eta, batez ere, trafikoa eteteko aukera emango digu, oinezkoentzako lehentasunezko espazio bat izan dadin». Etxebarriako alkate Jesus Iriondok esan du bere herriko industrialdeko enpresek aspalditik eskatzen zutela saihesbidea, modua emango baitie herrigunetik pasatu gabe Markinarantz joateko. Esaterako, Etxebarriako automozio enpresa batek Markinan du logistika zentroa, eta errazagoa eta seguruagoa izango zaie garraioa saihesbidetik egitea. Haien produktuak Euskal Herriko leku askotara saltzen dituen pentsu fabrika bat ere badago Etxebarrian.

Saihesbidea kilometro bat izango da luze. 335 metroko tunela izango du, eta biribilgune bi: bata BI-633 errepidetik sartzeko eta bestea Etxebarriara doan BI-2636 errepidearekin lotzeko. Lehen biribilgunea otsailean irekiko dute, eta bigarrena, martxoan. Gutxi gorabehera, ordurako egon beharko luke prest tunelak ere, baina oraindik laurogei metro baino ez dituzte zulatu lehen fasean. Alzagak azaldu duenez, Austriako metodo berria delakoa erabiltzen ari dira. Metodo horretako lehen fasean daude orain, hau da, tunelaren goiko aldea zulatzen ari dira, eta laurogei metro egin dituzte. «Orain ikusten dena tunelaren goiko erdia baino ez da». Bigarren fasean ia beste horrenbeste zulatuko dute beherantz. Hirugarren fasean zorua egonkortuko dute.

Ermuko saihesbidea

Iraileko osoko bilkura egingo du iluntzean Ermuko Udalak. Udalbatzan ordezkaritza duten bost alderdiek —PSE-EE, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP— hirigunean trafiko astuna gauez murrizteko mozioa adostu dute, eta gaur onartuko dute. Alderdiok salatu dutenez, Ermu erdigunetik egunero igarotzen diren kamioiek eragin zuzena dute bide segurtasunean, herritarren osasunean, atsedenean eta bizi kalitatean. 

Horregatik, udalak neurriak hartzea erabaki du, foru aldundiak mendebaldeko saihesbidea eraiki bitartean. 3.500 kilo baino gehiagoko ibilgailuek ezingo dute herrigunetik igaro: Urtia industrialdera doazenak ezingo dira inoiz pasatu, eta Gaitondora doazenentzako debekua 22:00etatik 08:00etara ezarriko da. Gainontzeko ibilgailu astun guztiak ezingo dira inoiz igaro.

Markinara egindako bisitan, Alzaga diputatuak BERRIA-ri esan dio Ermuko saihesbidearen proiektuak «atzerapen txiki bat» izan duela eta, ondorioz, obraren hasiera ere atzeratuko dela. Orain Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak du proiektua, ingurumen inpaktuari buruzko txostena egiteko. Datorren urtean obra esleitu ahal izatea espero du Alzagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.