Berrikuntzekin abiatu da eskola kirola Bizkaian, eta, besteak beste, agility eta falkoneria ikastaroak eskaintzen hasi dira estreinakoz, Bizkaiko Ehiza Federazioak lagunduta. Ekologistak Martxan taldeak gogor gaitzetsi du «animaliei tratu txarrak ematen» erakusten zaielako umeei. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskara diputatuak ukatu egin du saio horietan indarkeria erabiltzen dela: «Animaliek eta parte hartzaileek babes osoa dute; ez da ehizatzen eta ez zaie animaliei tratu txarrik ematen».
Talde ekologistaren arabera, umetatik ehizarekin harremana edukitzeak «indarkeria normalizatu» dezake, eta umeek ikas dezakete indarkeria dela «gatazkak konpontzeko metodoa» edo «jolaserako jarduera bat». Horregatik, programatik kentzeko eskatu diote Bizkaiko Diputazioari, eta ikastaro horien ordez natura ezagutzen lagunduko duten beste batzuk sustatu ditzala, «bioaniztasunaren behaketan, kontserbazioan, errespetuan eta babesean oinarrituta».
45.000Bizkaian, zenbat ume dabiltzan eskola kirolean. Joan den ikasturtean 45.000 ume ibili ziren eskola kirolean. Diputazioak espero du aurten kopuru horri eustea edo handitzea, eskaintza zabaldu dutelako. 2,7 milioi euroko aurrekontua du programak.
Arrizabalagak kontatu du eskola kiroleko programa atontzeko Bizkaiko kirol federazioekin biltzen direla, eta aurten ehiza federazioak jarduera bi hauek proposatu dizkiela. «Kirolak dira, eta Eusko Jaurlaritzak hala ditu jasoak», azpimarratu du. Diputazioari ere proposamen ona iruditu zitzaizkion, eskola kirolarekin bultzatu nahi dituen helburuekin bat datorrelako. «Gure asmoa ez da bakarrik umeek ariketa fisikoa egitea, bide batez beste balio eta ezagutza batzuk ere eman gura dizkiegu», azaldu du.
Agitily-k eta falkoneriak «naturara gerturatzeko aukera» ematen diete umeei, Arrizabalagaren esanetan. Baita «animaliak ezagutzeko eta beldurra galtzeko» ere: «Gaur egun ume asko hiriguneetan bizi dira, eta harreman gutxi dute animaliekaz. Horregatik ipini genuen lehenago korrican —txakurrekin korrika egitea—. Jarduera berri horietan, txakurrekin ariketak egiten dituzte, eta hegazti harrapariak ezagutzen dituzte». Gaineratu du aurretik izan dituztela halako jarduerak antolatzeko eskaera, eta behin martxan ipinita harrera ona izan dutela. Dagoeneko eskaini diren saioak bete egin dira, eta, diputatuaren esanetan, umeek eta gurasoek «balorazio oso ona» egin dute.
Lehia gehiago
Ikasturte honetan, 549 hastapen ikastaro eskainiko dituzte. Polemika piztu duten bi horietaz gain, beste berri bat ere badago: parte hartzaileei ipuin mitologikoak kontatuko dizkiete mendi irteeretan. Borja Sarrionandia eskola kiroleko arduradun teknikariak azaldu duenez, kultura eta mitologia ere txertatzea izan da nobedade honen helburua. Guztira, 8.036 umerentzako lekua egongo da hastapen ikastaro hauetan.
Lehiari dagokionez, denboraldi honetan 62 kirol txapelketa antolatu dituzte, aurrekoan baino bi gehiago: sokatira, haur eta nerabe kategorietarako, eta 11D futbola mutilen haur kategoriarako. Kirol egokituaren arloan ere, eskaintza zabalagoa izango da: eskubaloia, hockeya, igeriketa, multikirola, atletismoa eta herri kirolak.

Arrizabalagaren esanetan, diputazioaren helburua da eskaintza zabalagoa, inklusiboagoa eta seguruagoa eskaintzea. Gaztetxoak «seguru eta eroso» sentitzeko helburuagaz, KirolaOn tresna sortu zuten duela ikasturte bi. Indarkeria egoerak prebenitzea, detektatzea eta artatzea da asmoa. Diputatuak balantze ona egin du. Joan den denboraldian, 241 komunikazio jaso zituzten; aurrekoan baino %66 gehiago. «Hazkunde horrek erakusten du zerbitzua gero eta gehiago ezagutzen dela, eta familien artean konfiantza lortu duela», nabarmendu du Sarrionandiak.
Arlo horretan ere berritasun batzuk iragarri dituzte. Ikusi dute arazo gehienak futbolean, saskibaloian eta eskubaloian egoten direla. «Parte hartzaile gehien kirol horietan baitaude», diputatuen esanetan. Eta horietan indar berezia egingo dute denboraldi berrian, kirol bakoitzeko federazioekin lan mahai bereziak sortuta. Gainera, eskola kirolean diharduten umeek, gurasoek eta teknikariek sinatu beharko dituzten jokabide kodea sortu dute, zeinak eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituen.
%94,5Zenbat teknikarik jasoa duten formakuntza. Aurten sartu da EAEko Kirol Lanbideen Legea. Haren arabera, kirol teknikariek prestakuntza jaso behar izan dute. Gaur egun, eskola kirolean dabiltzanen %94,5ek dute Bizkaian. Borja Sarrionandia eskola kiroleko arduradun teknikoak esan du Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen duela formakuntza hori. Iaz 170.000 euro banatu zituen, 500 pertsonaren artean. Kasu batzuetan matrikularen %95 ere hartu zuten beren gain.
Kode horren bitartez, familiei eta umeei aitortuko zaie kirola modu seguruan egiteko eskubidea dutela, baina aldi berean konpromiso batzuk eskatuko zaizkie. Adibidez, norgehiagoketara garaiz joango direla hitzeman beharko dute, eta lehiatzen ari diren bitartean jokalariek, ikusleek eta teknikariek jokabide egokia izango dutela.
Joan den denboraldian martxan ipinitako Errespetua izeneko kanpaina ere indartuko dute: norgehiagokak hasi aurretik lelo hori duen pankarta batekin atera izan dira kirol ezagunenetako jokalariak. Aurten kirol gehiagotara zabalduko dute, antzeman baitute eragina izaten duela ikusleen jokabidean.