Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak berrogei milioi euro eman zituen Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeari lotutako ingurumen hobekuntzak egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako akordioaren emaitza izan zen. Abenduan iragarri zen ez dela museorik egingo, eta, orain, Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizioaren kezka da zer gertatuko den diru laguntza horrekin. Gaur EH Bilduk galdetu dio Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari, eta hark erantzun du «aukera zabala» dagoela bi erakundeen artean estuarioan egiteko ingurumen jarduera bereziak adosteko, baina akordio bat lortu arte «zuhur» jokatzeko eskatu du, «negoziazioak arriskuan ez jartzeko».
Ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, foru aldundiko sailei agindu die jasangarritasunari eta ingurumenari lotutako jarduketen zerrenda bat lantzeko. Horretan ari dira orain, gerora ministerioarekin eztabaidatu ahal izateko. Etxanobek azaldu duenez, akordioaren testuak aukera ematen die inbertsioak estuarioaren garapen jasangarriko proiektuetara bideratzeko, eta, haren ustez, proiektu horiek ez dute zertan museoa handitzearekin lotuta egon. «Horrek ateak zabaltzen ditu eskualdeko herritarrek eskatzen dituzten azpiegitura berde berriak eta ingurumen arloko hobekuntzak finantzatzeko».
rementeriaren izendapena, «zorrotza»
Gaur, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako kontrol saioan, EH Bilduk salatu du Unai Rementeria BBK fundazioko presidente izendatu izana, eta «ate birakariekin» lotu du. Iker Casanova bozeramailearen esanetan, «beste behin, EAJk bere kide bat ipini du postu estrategiko batean». Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak erantzun dio Casanovaren beraren «iritzi pertsonalak baino garrantzi handiagoa» duela izendapena egiteko erabili den prozedurak. «Prozedura hori oso zorrotza da, eta oso-osoan bete da», adierazi du Etxanobek. Esan du diputazioak ez duela zer ikusirik BBK fundazioak egiten dituen izendapenetan, eta azpimarratu du fundazioak «bere arauak» dituela barne antolaketari dagozkion izendapenak egiteko.
Ahaldun nagusiak eskualdean egindako entzute prozesuarekin lotu ditu egingo diren inbertsioak. Gogoratu du bere gobernua eskualdeko udalekin eta eragileekin ondutako plan estrategikoa ezartzeko lanetan ari dela, eta nabarmendu du «eskualdeko biztanleentzat kritikoak» diren esparruetan jardungo dutela: etxebizitza, turismoa, garraioa eta azpiegiturak.
EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak Etxanoberi esan dio diputazioak «gobernantza ereduaren inguruko gogoeta» egin behar duela, museoaren auzian erakundeek «azken unera arte» herritarren iritzia «baztertu» baitute. Gainera, koalizioaren bozeramaileak Muruetako ontziola biosfera erreserbatik lekualdatzeko eskatu du. Hain zuzen, Stop Guggenheim Urdaibai plataformak prozesu administratibo bi abiatu ditu ontziola handik kentzeko, Adra enpresak egin dien peritu txostenaren arabera leku hartan «legez kanpo» dagoelako.
Sozietate zerga
Beste gai batzuei buruz ere galdetu dio oposizioak diputazioari gaur Gernika-Lumoko batzar etxean Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako kontrol saioan. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek kezka agertu dute sozietate zergak dituen hobarien inguruan. Iruditzen zaie zerga hori «indarra galtzen» ari dela. EH Bilduko Arantxa Sarasolak azken urteetako zerga bilketan ipini du arreta, eta nabarmendu du gero eta gutxiago biltzen dela sozietate zergaren bidez. Joan den astean eman zituen datuak Foru Ogasunak, eta iaz 2024an baino %25 gutxiago bildu zuten zerga horrekin. Sarasolaren ustez, 2018ko eta 2025eko zerga berrikuspenak «enpresa handien eta etekin handiak dituzten enpresen kuota murrizteko» egin dira. Salatu du onartu diren kenkari berriak ezarrita «tasa erreala gero eta txikiagoa» dela.
2025eko zerga berrikuspena Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldearekin adostu zuen foru gobernuak. Koalizio morearen bozeramaile Eneritz Madariagak gogoratu du sozietate zergak «funtsezko pieza» izan behar duela «ziurtatzeko enpresek ekarpen justua» egiten dutela «zerbitzu publikoei eusteko eta gizarte politika indartzeko». Horregatik, uste du kenkarien inguruko «kontrol zorrotza» egin behar dela, «zerga abantaila bihur ez daitezen», eta iragarri du sozietate zergak dituen kenkarien inguruko azterketa bat eskatuko duela.

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak erantzun die Sarasolari eta Madariagari. Sozietate zergaren eraginkortasuna defendatu du. Azaldu duenez, zerga hori ez zaio kontabilitateko irabazi gordinari aplikatzen, egokitutako errentari baino, nazioarteko zergapetze bikoitza ez egiteko. Esan du 2023an benetako tasa efektiboa %19,36koa izan zela enpresa orokorrentzat, eta % 15,61ekoa enpresa txiki eta ertainentzat. Azpimarratu du kopuru horiek legeak ezarritako gutxienekoaren gainetik daudela.
Madariagari erantzun dio Ogasunak kenkarien eraginkortasunari buruzko azterlan sakona egiteko konpromisoa duela, haiekin adostutako zerga berrikuspenean hala egitea jaso zutelako. Berrikuspenak utzitako emaitzen balorazioa «ona» dela esan du, «lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua bultzatzen» dituelako. Hala ere, beharrezko jo du onartutako pizgarrien eragin ekonomiko eta soziala aztertzen jarraitzea.
Ingurumena eta zaintzak
Karrantzako uraren auziaz ere galdetu du EH Bilduk. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan du bere saileko teknikariek eta Uraren Euskal Agentziakoek aztertu duela araztegi ekologikoak instalatzeko haraneko udalak egindako proposamena, baina arazoak ikusi dizkiotela. Udalak ondu duen proiektuan, hamazortzi araztegi eraikitzea proposatu dute: hamazazpi auzo bakartuetan eta handiago bat herrigunean. Atutxari iruditzen zaio sistema hori egokia izan daitekeela sakabanatuta dauden auzuneetarako, baina udalerriaren erdialderako proposatutakoa, berriz, «zailtasun tekniko handiak» dituela.
Gainera, teknikariek esan diote eredu hori ez dela egokia nekazaritzako eta abeltzaintzako isuriak tratatzeko, karga kutsatzaile handia daukatelako. Beraz, soilik erabili ahal izango lukete giza kontsumoak sortutako ur zikinak garbitzeko. Gainera, zalantzan jarri du planta nagusia uriola arriskuko eremu batean egotea. Hala ere, «elkarlanerako prest» agertu da diputatua, eta iragarri du «laster» akordio bat sinatuko dutela udalarekin, Karrantzan «hornidura eta saneamendu jasangarria bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak» egiteko.
Ikusi gehiago
Zaintza kontuez egin du berba Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuak, PPk horri buruz galdetuta. Izan ere, Raquel Gonzalez batzarkideak jakin gura izan du zertan den eguneko zentroa lekuan aldetik eta zentro horien kopurua handitzeko plana. Antxustegik esan dio 2023tik %5 ugaritu direla eguneko zentroetako lekuak. EtxeTIC ereduaren «arrakasta» azpimarratu du. Dagoeneko herrialdeko 3.700 etxeri baino gehiagori ematen die arreta, eta Markina-Xemeinen halako zentro berri bat zabalduko dute aurten. Gaineratu du eguneko zentroetan dauden egoiliarrentzako laguntzetan iaz baino milioi bat euro gehiago banatuko direla aurten. Urtea bukatzerako foru aldundiak prest izango du Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Karta. Horri esker, etorkizunerako zerbitzuak diseinatuko ditu foru aldundiak, diputatuaren arabera.
UEMA
Azkenik, EH Bilduk jakin gura izan du zergatik UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari emandako diru laguntza erdira murriztu den. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak eman ditu azalpenak. Esan du 2024-2026 aldirako laguntzak finkatuta zeudela, baina «komunikazio zailtasunak» izan dituztela mankomunitatearekin, eta, gainera, mankomunitateak ez dituela «behar bezala justifikatu» diruz lagundu dizkioten zenbait proiektu. Hori dela eta, diputazioak «zorrotz» jokatu behar izan du, Arrizabalaren esanetan.
Euskara diputatuak esan du prest daudela «proiektu zehatzak babesteko», baina ez «mankomunitatearen egiturazko gastuak ordaintzeko»: «Gure egitekoa da Bizkaian euskara sustatzeko beharrezkoak diren proiektuak bultzatzea, baina ez UEMAren egitura finantzatzea».