Bilbon salatutako etxebizitza komunitarioetan hiru zigor txosten ireki ditu aldundiak

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak nabarmendu du langileen baldintzak ez direla aldundiaren eskumenekoak. «Agindu judizialik» jaso ezean etxeoi baimenik kentzea baztertu du.

Salatutako etxebizitza komunitarioetako bateko ataria, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / BILBO
Salatutako etxebizitza komunitarioetako bateko ataria, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / BILBO
Maite Asensio Lozano.
2026ko urtarrilaren 28a
13:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain bi aste Bilboko etxebizitza komunitario batzuetan LAB sindikatuak salatutako «esplotazio sare matxista eta arrazistaren» auzia Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrol saiora iritsi da gaur. Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak onartu du hiru zigor txosten zabaldu dituztela sare horretako etxeetan, eta huts egiteak segituan zuzendu zituztela. Lurraldean bederatzi etxebizitza komunitario eta sei zahar etxe dituen enpresaburuaren aurka bestelako neurririk hartuko al duen galdetu dio EH Bilduk, eta diputatuak erantzun du jarduera baimenik ezin duela kendu «ustezko delitu» batengatik: «Beste kontu bat izango da maila judizialean neurririk hartzen bada sindikatuak salatutako gertaeren inguruan, eta agindu judizialik badago».

Etxebizitza komunitarioetako langileak kontraturik gabe izatea edo kontratuan gezurrezko lan baldintzak jasotzea, beharginak kotizazioa ordaintzera behartzea, atseden egunak eta oporrak ukatzea, aparteko orduak ez pagatzea, trabak jartzea gaixo baimenak hartzeko... Askotariko urraketak egotzita, orain arte hamar lan demanda aurkeztu ditu LABek emakumezko enpresaburu horren aurka. Baina Antxustegik nabarmendu du lan eremuko gorabeherak ez direla aldundiaren eskumenekoak: «Gure ikuskaritza eta kontrol zerbitzuek ez dute eskumenik hori zigortzeko, ezta gaia aztertzeko ere». Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Lan Ikuskaritzak eginak ditu ikuskapenak hainbat etxetan, eta horiei buruzko txostena ontzen ari da.

Etxebizitza komunitarioak pribatuak dira berez, baina diputazioaren baimena jaso behar dute. Diputatuak azaldu du aldundiak ofizioz urtean behin egiten dituela ikuskapenak etxebizitza komunitarioetan, eta erabiltzaileen arreta egokiari eta instalazioei erreparatzen dietela bertan. Lehen hitzaldian, Antxustegik adierazi du 2025ean egindako ikuskapenetan ez zutela urraketarik antzeman «ratioen arloan». Bigarren hitzaldian, berriz, esan du hiru zigor espediente ireki dizkiotela enpresaburuari —ez du zehaztu noiz—, «mantentze eta preskripzio bako lotzeengatik», eta denak «zuzendu» zirela «espedientea ireki orduko».

Erantsi du enpresaburuak kudeatzen dituen bi etxeren inguruko lau kexa aurkeztu dituztela azken bi urteetan, eta kexa horietako biri erantzun zietela; ez du zehaztu zeri buruzkoak izan ziren, baina bai ez zutela zerikusirik langileen lan baldintzekin. Edonola ere, azpimarratu du ikuskapen guztiak «zorrotz» egiten dituztela, eta «adi eta erne» egongo direla.

Eredua aldatu

Auzia «larria» dela erantzun dio Urtzi Ostolozaga EH Bilduko batzarkideak: «Ez da duina adinekoak horrela bizitzea eta langileak horrela jardutea. Instituziook ezin dugu onartu». Eskumenen inguruko korapiloaz ere mintzatu da: «Beharginen egoerak ondorio zuzena du egoiliarrengan: adinekoak ezin dira ondo zainduta egon langileak horrelako baldintzetan badaude». Hala, kontrola areagotzeko eskatu dio, baita neurri gehiago hartzeko ere: «Ereduak horrelakoak posible egiten baditu, ez dago zalantzarik: eredua aldatu egin behar da. Erdigunean jarri behar dira zaindu beharreko pertsonak, eta zaintzaileak ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.