Arantzazu, Areatza, Arteaga, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuri. Zortzi udalerri horietako lurralde eremu berria definituko du Arratiako lurralde plan partzialak. Hain justu, Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak behin-behineko onespena eman dio gaur. Orain eman dute horren berri, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertzen denetik 45 eguneko epea egongo da alegazioak aurkezteko. Dokumentuak 2010etik indarrean egondako plangintza eguneratu du, egungo premietara egokitzeko. Leixuri Arrizabalaga foru bozeramailearen esanetan, helburua da «ingurune naturalaren kalitatea eta arratiarren bizi kalitatea hobetzea».
Besteak beste, hiriguneetan etxebizitzak non eta zelan eraiki ahal izango diren zehaztu dute. Gainera, eraikitzea ez ezik, lehendik dauden eremuak berroneratzea eta birgaitzea ere proposatzen du. Mugikortasunari dagokionez, garraio sare «jasangarri» baten alde egin dute planean: oinezkoak eta bizikletak lehenetsiko dituzte, eta intermodalitatearen aldeko apustua egingo dute. Zeharka bada ere, genero ikuspegia, osasuna, klima aldaketa eta euskara ere txertatu dituzte dokumentuan.
47Zenbat salaketa jarri dituzten Urkiolako eta Gorbeiako parke naturaletan txakurrak aske ibiltzeagatik. Bizkaiko Foru Aldundiak gogoratu du parke naturaletan ezinbestekoa dela txakurrak lotuta eroatea. 2022tik gaur arte, 47 salaketa erregistratu dira Urkiolako eta Gorbeiako parke naturaletan. Isunak 200 eta 3.000 euro artekoak izan daitezke. Diputazioko Ingurune Zaintzako langileek eta Ertzaintzak kontrolak egiten dituzte, bereziki asteburuetan.
Ingurumen arloan, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen, korridore ekologikoen, sare hidrografikoaren eta beste naturagune batzuen babesa zehaztu dute. Lehen sektoreari begira, nekazaritza ahalmen handieneko lurzoruak ere babestu dituzte. Energia berriztagarrien erabilera handitzeko, hornidura propioa sustatzeko eta kontsumoa murrizteko neurriak ere bultzatu dituzte.