90 urteko egoiliar bat hil zen atzo Bizkaiko zahar etxe batean. Hasieran, beroarekin lotutako konplikazioekin lotu du diputazioak heriotza. «Gertakari horrek berriro erakusten du zer-nolako eragina duten bero boladek bereziki zaurgarriak direnengan, eta, horregatik, administrazioek aurreikusita dauzkagun mekanismoak aktibatzen dira», esan du Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak. Nabarmendu duenez, bero boladetan hartzen diren neurriak «ez dira inprobisatzen, ez dira egoitza bakoitzaren esku uzten eta ez dira berandu ailegatzen». Gaineratu du diputazioak «kontrolatu, zuzenketak agindu eta hobekuntzak bultzatzen» dituela. Bizkaiko Batzar Nagusiek udako oporren aurreko azken kontrol saioa izan dute gaur, Avellanedako batzar etxean (Sopuerta), eta han eman ditu azalpenak Antxustegik, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak hala eskatuta. Kontrol saioa bukatuta zegoela argitu du diputazioak egoiliarraren heriotza ez zela bero kolpe baten ondorio izan.
Ikusi gehiago
«Zenbateko gaitasuna dute Bizkaiko egoitzek egoiliarrak babesteko?», galdetu dio Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak Antxustegiri. «Egoiliar askok ezin dute beren burua babestu: hainbat osasun arazo dituzte, bihotzeko gaitzak, arnastekoak, mugitzeko arazoak, narriadura kognitiboak... Egarriaren eta beroaren pertzepzio txikiagoa dute. Horregatik, zentroak eskaintzen dien babesaren menpe daude», ohartarazi du Madariagak. Batzarkideak jakin gura izan du ea egoitzek beroari aurre egiteko baliabide materialak dituzten, ea lantaldea handitzen duten egoiliarren premiak asetzeko, ea tenperatura mugak betetzen dituzten eta ea diputazioak hori guztia kontrolatzen duen.
«Beharginek zelan egingo dituzte beroaren aurkako planean zehazten diren lan gehigarriak, beroaldirik ez dagoenean ere ezinean ibiltzen badira?»
ENERITZ MADARIAGA Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramailea
Madariagak gogoratu duenez, Bizkaiko egoiliarren familien Babestu elkarteak inkesta bat egin zuen egoitzetako beharginen artean, eta haren emaitzak errepasatu ditu. «Kezkagarriak dira». Azterlanaren arabera, beharginen %71k zioten haien beharlekuetan ez zegoela beroaldietarako larrialdi planik, edo behintzat haiek ez zutela horren berririk. %84ren arabera, ez zuten behar besteko prestakuntzarik jasotzen beroaldietan zelan jokatu jakiteko. %90ek erantzun zuten ez zegoela aire giroturik logeletan. %96k zioten beren egoitzetan ez zela langile gehiagorik kontratatzen halako egunetarako. «Zelan egingo dituzte beroaren aurkako planean zehazten diren lan gehigarriak, beroaldirik ez dagoenean ere ezinean ibiltzen badira? Zelan neurtuko dute zer tenperatura dagoen geletan, eta zelan jarriko diete termometroa egoiliarrei? Zelan hidratatuko dituzte?», galdetu du Madariagak.
Diputatuak erantzun dio «baloratzen» dituztela Babestuk egindako ekarpen guztiak. Baina adierazi du elkarteak eskatutako neurri batzuk beroaren aurkako Jaurlaritzaren planean jasota daudela. «Beste batzuk eztabaidagarriak edo egokiak izan daitezke oro har asistentziaren kalitateari edo egitura baldintzei dagokionez, baina ez dute eragin zuzenik bero boladetan egin beharreko esku hartze espezifikoarekin», gehitu du.
Beroaren aurkako plana
Antxustegik esan duenez, Eusko Jaurlaritzak urtero berritzen du beroaren aurkako plana, eta plan horretan zehazten ditu Bizkaiko egoitzetan hartu beharreko neurriak. Normalean ekainaren 1etik irailaren 30era egon ohi da indarrean, baina aurten, maiatzean izandako beroaldia dela eta, aurreratu egin zuten. Hala, maiatzaren 25ean diputazioak bere sareko egoitza, eguneko zentro, etxebizitza komunitario, tutoretzapeko etxe eta enparauetara bidali zituen neurri gaurkotuak. Aurten, giroko tenperatura azpimarratu dute batez ere: «Esplizituki gogorarazi da ez dela komeni 26 gradutik gora dauden geletan egotea. Ez gara soilik gomendio orokorrez ari». Nabarmendu du zentroek ere plan bereziak izan behar dituztela. Haietan zehazten da egoiliarrak hidratatu egin behar direla, arropa egokia jantzi behar dutela eta kalteberenei arreta handiagoa eman behar dietela, berbarako.
«Bero handia egiten duen zentroetan klimatizazio sistemak jartzeko eskatzen diete, eta ondoren agindutakoa bete dutela ziurtatzera itzultzen dira»
AMAIA ANTXUSTEGI Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatua
Antxustegiren esanetan, diputazioak adi aztertzen du hori guztia betetzen dutela. Kontatu duenez, teknikariak urte osoan joaten dira egoitzetara termohidrometroak hartuta, «konfort termikoa» bermatzen dela baieztatzeko; hau da, 21 eta 27 gradu artean daudela. «Hori baino bero handiagoa duten zentroetan klimatizazio sistemak jartzeko eskatzen diete, eta, ondoren, agindutakoa bete dutela ziurtatzera itzultzen dira». Kontrol lan hori egiten duten diputazioko teknikariek beroaldien kudeaketari lotutako formakuntza jaso dute aurten lehengoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emanda.
Madariagak jakin gura izan du zenbat bisita egiten dituzten teknikari horiek: «Maiatzeko beroalditik gaur arte, zenbat kontrol egin dira, eta zenbat egoitzatan?». Antxustegik erantzun dio ezin diola datu zehatz bat eman. Oro har, diputatuaren azalpenek ez dute Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramailea asebete: «Hasieran bezalaxe gaude oraindik: ez didazu esan egoitzetako egoera zein den, zer neurri hartu dituzten, zer baliabide ipini dituzten, langile gehiago hartu dituzten...».