Termometroek 30 gradutik gora jarraituko dute

Osasun etxeetan eta ospitaleetan muturreko tenperaturak daudela salatu dute SATSEko erizainek eta SMNko medikuek. Tenperaturarik hotzenak jaitsi egingo dira bihar, eta baliteke ekaitzak izatea arratsaldean.

Bilbo bero bolada batean, artxiboko irudi batean. FOKU / MARISOL RAMIREZ
Bilbo bero bolada batean, artxiboko irudi batean. FOKU / MARISOL RAMIREZ
Iratxe Muxika Carrion - Jakes Goikoetxea
2026ko ekainaren 24a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldi txarra ez da euria eta ekaitza bakarrik; eguraldi txarra bada muturreko beroa ere. Astea hasi zenetik, berrogei graduren bueltan da Euskal Herria, eta alarma gorria ezarria da lurralde osoan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak eta Eusko Jaurlaritzak gaur arte eutsiko diote alerta gorriari Lapurdin, Zuberoan, Nafarroa Beherean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iragarpen guztien arabera, gaur izanen da 40 gradutik gorako tenperaturen azken eguna.

Hala ere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bihar arte luzatuko du alerta gorria. Hala erabaki zuen atzo, bero handiko egunak bata bestearen atzetik izaten ari direlako, «aklimatazio txikiko une batean, ekainean baikaude, eta udako lehen bero bolada baita». Ohartarazi du beroa arriskutsua dela herritarren osasunarentzat, edadetuentzat eta arrisku faktoreren bat duten herritarrentzat.

Aurreko egunetan ohikoak izan dira 40 gradutik gorako tenperaturak, eta gaur ere bai. Euskalmetek, 16:00ak arte, 40 gradutik gorako tenperaturak neurtu ditu herri askotan: nabarmenenak izan dira Zizurkilgo (Gipuzkoa) 43,9 graduak, Gueñesko (Bizkaia) 43,6ak, Muxikako (Bizkaia) 43,3ak eta Laudioko (Araba) 43ak. Beroak eragina du uraren tenperaturan ere. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak jakinarazi du urak 25,2 graduko tenperatura duela Donostian, Aquarium parean, hau da, bertan uraren tenperatura neurtzen hasi zirenetik ekainean neurtu duten beroena. Iaz 23,4 gradu neurtu zituzten.

Bihartik aurrera pixka bat apalduko dira, eguneko tenperatura hotzenak batez ere, 20 graduren bueltan ibiliko baitira; baina eguraldi iragarpenek diote 30 gradutik gora izango direla Euskal Herriko leku askotan, 40tik gertuago 30etik baino. Euskalmetek, esaterako, 32 gradu espero ditu Bilbon eta 38 Iruñean. Horien artean daude gainerako hiriburuak. Arratsaldean baliteke zaparrada trumoitsuak botatzea eta kazkabarra egitea. Etzi aldea handiagoa izatea espero dute, eguneko tenperatura hotzenetan batez ere: Gasteizko 16 graduetatik Baionako 20 graduetara. Beroenak, berriz, 30 graduren bueltan edo hortik gora izango dira: 28 gradu Donostian, 37 Iruñean.

Suteak, bero kolpeak, atzerapenak eta matxurak. Denetarik nozitu du Euskal Herriak egunotan: Bizkaiko zahar etxe batean 90 urteko gizon bat hil zen atzo. Bero kolpeak jota hil zela esan zuten, baina Bizkaiko Foru Aldundiak gaur baztertu egin du horregatik izan zela: gizonak zenbait patologia zituen, goizean ondoezik sentitu zen, sukar pixka bat zuen, eta haren egoera okertuz joan zen, hiltzeraino, erakundearen arabera. 50 lagun inguru artatu dituzte gaur beroaren eraginagatik Osakidetzan.

Zalduondoko sutea itzaltzeko zailtasunak

Ez hori bakarrik: tren zerbitzuek ere ez dute ohi duten eran funtzionatu, eta Bilboko metroan, esaterako, gibeleratu egin dira joan-etorri guztiak, beroak eragindako arazo teknikoen ondorioz. Zalduondoko Galarreta mendian (Araba), tximista batek sutea piztu zuen ortziralean, eta, biharamunean itzali bazuten ere, atzo berriz piztu zen, muturreko tenperaturengatik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Radio Vitoria irratian esan du suhiltzaileei «kosta» egin zitzaiela atzo arratsean sua kontrolatzea, haize ufada zakarrengatik. Edonola ere, lasaitasun mezua igorri die herritarrei, argudiatuta «herritik urrun» dagoela sua, eta ez dela arriskurik ailegatu hara.

Ordu batzuk geroago, ordea, indartu egin dute sua itzaltzeko taldea: hiru helikoptero eta bi ur hegazkin ari dira lanean. Ur hegazkin horietako bat Espainiako Gobernuarena da, eta Zaragozatik joan da (Espainia). 50 pertsona ari dira lanean, horietatik hogei Arabako suhiltzaileak, eta gainerakoak suteen kontrako brigadetako kideak. Soriatik ere (Espainia) iritsi da suteen kontrako brigada bat. Laguntza eskatu diete Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei, eremu mugakideetan indar egiteko. Sua inguratu egin nahi dute. Hondeamakinak eta brigaden lana erabiltzen ari dira suebakiak egiteko.

Galarretako sutea itzaltzeko lanak zailak direla esan dute Arabako Foru Aldundiko iturriek, lur eremuak malda handiak dituelako eta zaila delako bertara iristea. Bero erreak, lur lehorrak eta haizeak are gehiago zaildu dituzte. Arabako Suhiltzaileek jakinarazi dute, dena den, sutearen perimetroa «egonkortzea» lortu dutela.

Beroa osasun etxe batean
Termometro bat beroagatik tenperatura neurtu ezinik, Bilboko Etxaniz Suhiltzailea osasun etxean. SATSE

Pazienteak eta langileak «arriskuan»

Muturrekoak izan dira egunotako tenperaturak, nola kalean, hala mendian eta hondartzan. Baita berez muturreko tenperaturei aurre egiteko prest egon beharko luketen leku batzuetan ere: osasun etxeetan eta ospitaleetan. EAEko SATSE erizainen sindikatuak salatu du muturreko beroa «orokorra» dela Osakidetzan, eta arriskuan jarri duela langileen eta pazienteen segurtasuna.

SATSEk zenbait osasun etxetako eta ospitaletako tenperaturak neurtu ditu, eta barruko eta kanpoko tenperaturen artean ez dago alde handirik: 35 gradutik gora Bilbo Basurtu ESI erakunde sanitario integratuan, «haurdunek beren umeekin egindako saioetan»; 36,4 gradutik gora Bilboko Etxaniz Suhiltzailea osasun etxean, «termometroaren neurketa muga gaindituta»; Barakaldoko San Bizente osasun etxean kontsulta bat 39 gradura iritsi zen, eta hogei kontsulta 36-37 gradu artean egon ziren; hiri bereko Zuazoko osasun etxean 38,3 gradu izan ziren pediatriako itxarongelan; Donostialdeko eta Bidasoko ESIetan, 31-35 gradu artean asistentzia eremuetan; eta Gasteizko Txagorritxuko eta Santiagoko ospitaleetan, 32-33 gradu psikiatrian, barne medikuntzan eta mendekotasunen bat duten pazienteen eremuetan. Txagorritxuren eta Santiagoren kasuan, kontrastea nabarmendu dute: eremu kritikoak klimatizatuta daudela, baina ospitaleratzeko eremu zabaletan eta «unitate bereziki delikatuetan» tenperatura oso beroak dituztela.

Tenperatura horiek osasunari eragiten diotela ohartarazi du SATSEk: «Zorabioak izan dira, ondoeza, erizaintzako kontrolak egiteko zailtasunak, arazoak botikekin, eta arrisku egoerak paziente kalteberentzat». Osakidetzak hartutako neurriak ez dira nahikoak izan, sindikatuaren ustez. SATSEk jarduera plan bat eskatu dio Osakidetzari, prebentzio neurri zehatzekin: «Klimatizazioan inbertitu behar da, mantentze lanetan, eta azpiegituren berritzean».

SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak jakinarazi du egoera antzekoa dela Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Medikuek salatu dute arazoa ez dela aurten sortu, duela hamar urte baino gehiago ere bazegoela, baina Nafarroako Gobernuak oraindik ez duela konpondu. «Paziente batzuk ohean daude, pilatuta eta geletan itxita, 34 graduan», sindikatuaren arabera. Psikiatriako pazienteen egoerari buruzko xehetasunak eman ditu: ezin dituzte eduki kablea duten hozteko makinak, eta, gainera, haien leihoak itxita egoten dira. Zenbait langileren egoerak lan osasuneko araudia urratzen duela uste du SMNk. Medikuen sindikatuak uste du beroak arazo handiago bat azaleratu duela: inbertsio falta eta «kudeaketaren profesionalizazio falta».

Bero bolada
Eguzkia eta itzala Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Arrantza debekatu dute Nafarroan

Nafarroan, bero boladak izaten direnean, ohikoa da gobernuak nekazariei uzta biltzeko orduak ezartzea edo kasu batzuetan baita debekatzea ere. Ezohikoagoa da arrantza debekatzea, baina hala egin du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzak: edozein arrantza mota egitea debekatu du asteartera arte Irati-Erro, Baztan-Bidasoa, Oria-Urumea, Arakil-Larraun, Ega-Urederra, Arga-Ultzama eta Aragoi ibaien arroetan. Zergatik? Legez gehienetan arrainak harrapatu eta askatu egiten badira ere, hori eginda ere arrainei egindako kaltea ohi baino handiagoa dela uste duelako.

Beroak eragina du arrainetan. Ura berotu egin da: Bidasoko arrainen kontrolerako estazioan, esaterako, ekainaren 18tik uraren tenperatura ez da jaitsi 21 gradutik. Amuarrainak «estres egoeran» izaten dira 20 gradutik gora. 23 gradutik gora, egoera «kritikoa» izaten da, eta «arriskuan jartzen du haien biziraupena». Gainera, ez du euririk egiten, eta ibaietan ur gutxiago izaten da. «Estres hidrikoa» gertatzen da, Nafarroako Gobernuaren esanetan: «Ur gutxiago dagoenez eta ur hori beroago dagoenez, arrainek oxigeno gutxiago dute». Nafarroako Gobernuak gogoratu du 2022an antzeko erabakia hartu zuela bero bolada batengatik, baina orduan Bidasoa ibaiko izokinetara mugatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA