Diputazioak «laster» konponduko ditu Leioako tuneleko kondentsazio arazoak

Bukatu dituzte BI-637 errepidea estaltzeko lanak. Erabiltzaileek salatu dute tuneleko kondentsazioak autoen kristalak lausotzen dituela. Diputazioak aireztapena egokituko du kondentsaziorik izan ez dadin.

Leioako tunelaren gainean sortutako bulebarra, artxiboko irudian. BERRIA
Leioako tunelaren gainean sortutako bulebarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 13a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioako Bulebarraren erdialdean baldosa batzuk aldatzea baino ez da falta, eta etzirako prest egongo dira. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak bukatutzat eman ditu BI-637 errepidea herrian estaltzeko lanak. Hala ere, albistea iragarri aurretik heldu dira erabiltzaileen lehen kexak. Gidariek diotenez, euria egiten duenean autoetako kristalak lausotu egiten zaizkie, tunel barruan sortzen den kondentsazioagatik. Azpiegitura Sailak egin du obra, eta jakinarazi du «laster» ipiniko diola konponbidea: aireztapen behartuko pauta bat ezarriko dute.

Diputazioak azaldu duenez, tunelen aireztapenaren funtzionamendua erabakitzeko hiru algoritmo erabiltzen dira normalean: suteen kontrola, aireztapen sanitarioa eta kondentsazioaren kontrola. Leioako tunelak ezaugarri bereziak ditu: estua da, trafiko handia du, eta malda txikia. Ondorioz, euria ari duenean eta tenperatua epela denean, kondentsazioa sortzen da, eta ibilgailuen beirak eta atzerako ispiluak lausotu egiten dira. Estazio meteorologiko bat ipini dute. Hark eta tuneleko anemometroek emandako informazioarekin egokituko dute aireztapen pauta kondentsaziorik izan ez dadin.

Leioa bitan banatzen zuen errepidea estaltzeko urte bi eta erdian lanean ibili da foru aldundia. Errepide zati horren gainean, 18.000 metro karratuko bulebar berria sortu du, eta espaloi zabalagoak alboetako bideetan. Leioaztarren aspaldiko aldarrikapena izan da BI-637 errepidea estaltzea. Izan ere, handik egunero 90.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira, eta sekulako kutsadura akustikoa eragiten dute. Orain, inguruan sortzen den zarata hogei dezibel inguru murriztu da, diputazioak egindako kalkuluen arabera. Obrak hasi aurretik 77 dezibel ere neurtu ziren, trafiko handieneko tarteetan. 

Obrak 2023ko apirilean hasi ziren. Hiru urte eta erdian bukatuta egongo zirela aurreikusi zuten, baina urtebete lehenago amaitu dituzte. Diputazioak 65,2 milioi euroko inbertsioa egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.