Durangoko erabakimen handiko zentroan erresonantziak, mamografiak eta ordenagailu bidezko tomografia axialak egingo dituzte

Lehen arreta, hamalau espezialitatetako kanpo kontsultak eta buruko osasuneko arta bateratuko dituzte eraikin berean. Ibilgailu medikalizatu bat ere izango du, gaixoak lehenbailehen artatzeko. Osasun Sailak uste du urte bi barru hasiko direla eraikitzen.

Eusko Jaurlaritzako eta Durangoko Udaleko ordezkariak, gaur, Durangoko bereizmen handiko zentroa eraikiko duten orubean. BERRIA
Eusko Jaurlaritzako eta Durangoko Udaleko ordezkariak, gaur, Durangoko erabakimen handiko zentroa eraikiko duten orubean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 26a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Durangoko erabakimen handiko zentroaren zirriborroa aurkeztu du gaur. Herrian sakabanatuta dauden lehen arreta, espezialitateetako kanpo kontsultak eta buruko osasuneko arreta bateratuko dituzte eraikin berrian. Horrez gain, beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu: erradiodiagnostikoak egiteko zerbitzua —mamografiak, erresonantziak eta ordenagailu bidezko tomografia axial kontrastedunak—, erretinografia zerbitzua —oftalmologia eta begietako osasuna— eta ibilgailu medikalizatu bat gaixoak lehenbailehen artatzeko.

Alberto Martinez Osasun sailburuak esan du gutxi gorabehera bi urteren buruan eraikitzen hastea espero dutela, eta beste bizpahiru urte beharko lituzketela azpiegitura berria eraikitzeko. Zentroak Durangaldeko eta Lea-Artibaiko bizilagunei —95.000 herritar— emango die zerbitzua, eta, mugikortasuna errazteko, tren geltoki ondoan eta autobus geltokitik gertu egongo da.

Datorren urtean hasiko dira Usansoloko ospitaleko aparkaleku berriak eraikitzen

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak iragarri du datorren urtean hasiko direla Usansoloko ospitalean aparkaleku berriak eraikitzen. Kanpo kontsulten eraikin berria egiten dutenean, gaur egungo aparkalekuen zati bat galduko du ospitaleak. Paziente eta langileek kezka agertu dute, eta galera horri aurre egiteko aparkaleku gehiago sortzea erabaki dute. Lehenengo, berrehun autorentzako lekua izango duen aparkaleku bat eraikiko dute, ospitalearen jabetzako orube batean. Ez dute baztertzen jabe pribatu bati beste orube bat alokatzea, beste bostehun bat leku sortzeko. 

Erabakimen handiko zentro berriak 11.000 metro koadroko eremua izango du; hau da, gaur egun Osakidetzak Durangon dituen hiru zentroek batera betetzen dutenaren bikoitza. Hiru solairu izango ditu, eta lurpean, solairu biko aparkalekua. Zerbitzu guztiak eraikin berean egoteak profesionalen arteko elkarlana erraztuko du, sailburuaren esanetan. «Azpiegitura handiagoa izango da, hobeto hornituta egongo da eta eskainitako zerbitzuak ugarituko ditu».

Familia medikuntzako eta pediatriako 62 kontsulta izango dira eraikinean. Baita Usansoloko ospitalean dauden hamalau espezialitatetarako kontsultak ere: Traumatologia, Errehabilitazioa —gimnasioa izango du—, Pneumologia, Digestio Zerbitzua, Oftalmologia, Endokrinologia, Otorrinolaringologia, Urologia, Erreumatologia, Kardiologia, Dermatologia, Neurologia, Kirurgia Orokorra eta Ginekologia. Gainera, eskualdeko EAG etengabeko arretako gunea ere han egongo da, baita ibilgailu medikalizatua gordetzeko egoitza ere. Hain zuzen, ibilgailu hori da berrikuntza garrantzitsuenetakoa.

Erabakimen handiko zentro berriaren diseinuak, eraikuntzak eta ekipamenduak 35 milioi euroko inbertsioa izango dute. Osasun Sailaren 2026ko aurrekontuan 500.000 euro gorde dituzte eraikuntza proiektuaren lizitazioa hasteko. Durangoko Udalak orube bat utziko dio Osasun Sailari —trenbidea lurperatu zutenean libre geratu zena, hain zuzen—, eta orduan egingo dute lizitazioa. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin lanean ari da trenbidearen eremuko arau subsidiarioak aldatzeko. Erabakimen handiko zentroarekin batera, 420 etxebizitza eta hiri parke bat ere eraikiko dituzte lursail horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.