Durangoko Udalak «etapa berri bat» hasi nahi du 2026ko aurrekontuekin

Datorren urtean 45,3 milioi euro izango ditu, aurten baino %5,55 gehiago. Etxebizitza eta aparkalekuak izango dira lehentasunetako batzuk.

Durangoko Udalaren osoko bilkura, artxiboko irudi batean. BERRIA
Durangoko Udalaren osoko bilkura, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko abenduaren 11
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Udalak 45,3 milioi euro izango ditu datorren urtean, aurten baino %5,55 gehiago. Mireia Elkoroiribe alkatearen esanetan, 2026ko aurrekontuak «etapa berri baten hasiera» adierazten du: «Orain arte egindako lanaren emaitzak ikusteko aukera izango dugu». Adierazi duenez, proiektu estrategikoak sendotu eta zerbitzu publikoak indartuko dituzte. Urtarrileko osoko bilkuran onartzeko esperantza du alkateak. Udal gobernua gutxiengoan dago. PPko zinegotzi bakarraren babesarekin lortu zuen Elkoroiribek aginte makila. Iazko abenduan, 2025erako aurrekontua bozkatzean, EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea plataformak aurka bozkatu zuten. PP abstenitu egin zenez, berdinketa egon zen, eta alkatearen kalitatezko botoak hautsi zuen berdinketa. 

Besteak beste, etxebizitzaren eta aparkalekuen arloetan egingo dituzten inbertsioak nabarmendu ditu Elkoroiribek. Izan ere, udalak Etxebizitza Publikoaren Plana garatuko du Eusko Jaurlaritzarekin. Gainera, etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu sozialera bideratzeko laguntzak emango ditu. Horrez gainera, alkateak esan du trenbidea lurperatzean hutsik geratutako orubearen proiektuari bultzada emango diotela. Gainera, milioi bat eurotik gorako inbertsioa egingo dute bidegorrien sarea zabaltzeko, eta aparkaleku berriak sortzeko.

Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontua %17 handituko da. Saibi eraikinean adinekoentzako zentro bat sortzeko proiektua bultzatuko dute, eta urtarrilean hura definitzeko parte-hartze prozesu bat zabalduko dute. Bada jendea hala nahi izan gabe bakarrik dagoena, eta bakardade mota horri aurre egiteko programa bat ere bultzatuko dute. Migratzaileen integrazioa sustatzeko programak %7ko hazkundea izango du; besteak beste, migratzaileen lana balioetsiko duen dokumental bat egingo dute. Berdintasun alorretik indarkeria matxistaren biktimentzako aholkularitza bulegoa bultzatuko da. Lanbiderekin elkarlanean, enplegu plan berri bat abiatuko dute.

Kirol arloan, azpiegiturak berrituko dituzte; besteak beste, Tabirako futbol zelaia. Antso Estegiz kalea oinezkoentzako bilakatzeko lanak ere datorren urtean bukatuko dituzte. Haurrentzako jolasgune estali bat eraikiko dute San Ignazion, eta Zabalarrako patioa moldatuko dute inklusiboa izateko. Kulturari dagokionez, Arte eta Historia Museoaren 40. urteurrena ospatuko dute, eta San Agustin kulturguneko, Plateruenako eta Landako guneko programazioa indartuko dute. Hirugarren urtez 600.000 euroko partida gorde dute auzoetan herritarrek aukeratutako proiektuak bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.