Durangoko Udalak lehen etxebizitza plana onartu du, eta durangarrei etxebizitza lortzea errazteko hainbat neurri jaso ditu. Besteak beste, 5.000 eurora arteko laguntzak emango ditu hutsik dauden etxeak zaharberritzeko, gero bost urtez alokairu sozialerako erabil daitezen. Gainera, ondare higiezinen gaineko zergan %90era arteko hobariak egingo dizkie alokairurako programa publikoetan sartuta dauden etxejabeei.Â
«Etxebizitza plan honekin urrats sendoa egin dugu Durangoko gazteek beren bizi proiektua hemen garatu ahal izateko eta gure udalerrian bizi eta lan egin nahi dutenei aukerak eskaintzeko», esan du Mireia Elkoroiribe alkateak. Gainera, nabarmendu du planak «bide orri egonkor bat» ezartzen duela datozen urteetarako.Â
Etxe babestuen kopurua handitu gura du Durangoko Udalak. Horregatik, etxe berriak eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzarekin batera. Asmoa da datozen urteetan gutxienez babes ofizialeko 530 etxebizitza tasatu eraikitzea. Bizitegi formula berriak aztertzeko konpromisoa ere hartu du: zuzkidura bizitokiak eta belaunaldien arteko etxebizitzak, besteak beste. Adibidez, bulegoak eta lonjak etxebizitza babestu bihurtzeko aukera aipatzen du planak. Etxe turistikoak arautzeko prozesuari ere ekingo diote, HAPOa berrikusteko prozesua aprobetxatua.