Egia ezkutatzeko basoa

36ko gerran, euskal herritar askok Frantziara egin zuten ihes. 1939ko otsailean muga igaro zuten gizonetatik bost mila Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zituen Frantziako Poliziak. Horiek omentzeko erakusketa egin du Gernikako Bakearen Museoak.

'Gurs: Gernika Berriko amets zapuztua', Gernikako Bakearen museoko erakusketa.
'Gurs: Gernika Berriko amets zapuztua', Gernikako Bakearen Museoko erakusketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
iraia vieira gil
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

«Gaurkoan, armada gorria gatibu harturik eta desarmaturik, tropa nazionalek azken helburu militarrak lortu dituzte. Amaitu da gerra».1939ko apirilaren 1ean iragarri zuen Francisco Franco espainiar diktadoreak errepublikanoen eta frankisten arteko gerraren bukaera; gatazka hasi eta hiru urtera, hain zuzen. 1939ko otsailaren hasieran, ordea, Francoren armadak boterea lortuko zuen beldur ziren jada Hego Euskal Herriko eta Espainiako milaka herritar, eta askok erbestera joateko erabakia hartu zuten, euren buruak errepresiotik salbatzeko. Otsailaren lehenengo hamabostaldian, zehazki, adin, genero eta klase sozial desberdinetako 450.000 lagunek Katalunia eta Frantzia arteko muga gurutzatu ahal izan zuten, Frantziako Gobernuak eta Julio Alvarez del Vayo Espainiako Atzerri ministro errepublikanoak sinatutako migrazio akordio bati esker.

1930eko hamarkadan Frantziako Gobernuak martxan jarri zuen Les indesirables izeneko dekretuaren agindupean, baina, 1939ko otsailean muga gurutzatu zuten 260.000 gizon atxilotu zituen Poliziak. Preso horietatik 5.000 mila inguru euskal herritarrak ziren; miliziano eta gudari ohiak gehienak. Prebentziozko neurri gisa, Frantziako hegoaldeko hondartzetan prestatu zituzten kontzentrazio esparruetan giltzapetu zituzten atxilotuak, inolako bereizketarik egin gabe. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek, ordea, abantaila bat zuten: Eusko Jaurlaritza erbestean zegoen 1937tik, eta, ordurako, errefuxiatuak laguntzeko azpiegitura sendoa zuen. Alde horretatik, eta Frantziako militarrekin negoziatu ostean, bere herritar guztiak Argeles-sur-Mer herrian batzea lortu zuen Jaurlaritzak. Hilabete beranduago, Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparrura eraman zituzten elkarrekin.

Hain justu, euskal herritar haiek erbestean bizi izan zuten egoera gogora ekartzeko helburuarekin, Gurs: Gernika Berriren amets zapuztua erakusketa ikusgai jarri du Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Doakoa da, eta maiatzaren 25era arte egongo da zabalik.

Desilusioa eta etsipena

«Argeles-sur-Merko hondartzan elkartu zirenean, azpiesparru moduko bat sortu zuten Euskal Herriko 5.000 mila errefuxiatuk: Gernika Berri», azaldu du Iosu Chueca historialari eta ikerlariak. Gaian aditua da, Gurs, el campo vasco (2006) liburua idatzi du, eta erakusketa prestatzen lagundu du. «1937ko apirilaren 26an suntsitu zutenetik, Euskal Herriko suntsipenaren ikono nagusia bihurtu zen Gernika; ez bakarrik Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Hitzak zuen sinbolismoagatik aukeratu zuten Gernika Berri izena».

«Etxera bueltatzeko nahia zuten askok, baina ezin ziren itzuli, errepublikanoen alde borrokatzeagatik zigortuko zituzten beldur baitziren».IOSU CHUECAHistorialari eta ikerlaria

Martin Soler Zangitu UGT sindikatuko militantea zen taldeko burua, eta taldeak zituen eginbeharrak koordinatzeaz arduratzen zen, gerra garaian kapitaina izanagatik. «Eusko Jaurlaritzak bidaltzen zizkien oinarrizko baliabideak jasotzen zituzten; sendagaiak eta elikagaiak, gehienbat. Eta dokumentazioa banatzeaz arduratzen ziren», dio Chuecak. Nortasun agiri «paraofizialak» ziren, Eusko Jaurlaritzak orduan zuen boterea ez zelako oso handia.

Egunak igaro ahala, Argeles-sur-Merko hondartzako populazioa hazi egin zen, eta, lur-arrasean bizi baziren ere, ez zegoen heltzen ziren errefuxiatu guztientzako leku nahikorik. «Beraz, beste kontzentrazio esparru batzuk eraikitzeari ekin zioten militarrek». Hondartzek ez bezala, aterpeak eta barrakoiak zituzten gehienek. «Jaurlaritzako kideek proiektu berri horren berri izan zutenean, militarrekin bildu ziren berriz, eskatzeko Ipar Euskal Herrira eraman zitzatela euskal herritar guztiak». Baina ez zen posible izan. «Ipar Euskal Herrian eskuineko alderdiek eta jauntxoek agintzen zuten, eta errefuxiatuen aurkako jarrera zuten». Jean Ibarnegarai eskualdeko politikari eta Frantziako parlamentuko diputatuak, zehazki, Francoren aldeko eta errefuxiatuen, euskal nazionalisten eta «gorrien» aurkako kanpaina egin zuen.

Gurseko kontzentrazio esparruan erabiltzen zuten koilaretako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gurseko kontzentrazio esparruan erabiltzen zuten koilaretako bat, Gernika-Lumoko erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azkenean, Oloron hiritik hamabost kilometrora eraiki zuten Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zituzten Gernika Berri osatzen zuten euskal herritarrak. 382 barrakoi zituen guztira, eta bakoitzean hirurogei lagun sartzen ziren. «Pozik abiatu ziren Gursera, ilusioarekin, pentsatzen zutelako hondartzan baino baldintza hobeak izango zituztela bertan». Ez zen horrela izan: «Kaiola batean bezala» bizi ziren, eskubide eta janari gutxi zituzten, eta, gainera, gerra galdu berri zuten. «Animikoki etsita zeuden, eta oso haserre. Elkarri botatzen zioten gerra galtzearen errua», zehaztu du historialariak. «Etxera bueltatzeko nahia zuten askok, baina ezin ziren itzuli, errepublikanoen alde borrokatzeagatik zigortuko zituzten beldur baitziren».

Oro har, Gursetik atera ahal izateko aukerak eskasak ziren, Chuecak azaldu duenez. Hiru bide zituzten soilik: Euskal Herrira edo Espainiara itzultzea, Frantzian geratzea bermatuko zien lan bat aurkitzea edo Ameriketako herrialderen batera zihoan ontziren baten txartela lortzea.

Bigarren etapa

1939ko abenduan, kontzentrazio esparrua sortu eta zortzi hilabete geroago, ez zen euskal herritarrik geratzen Gursen; aske izateko modua lortu zuten gehienek. Kontzentrazio esparruak, aldiz, oraindik ez zituen ateak ixten: 1940ko udaberrian Bigarren Mundu Gerra hasi eta komunistak, juduak eta Alemaniako errefuxiatuak bidali zituen Frantziako Administrazioak Gursera. «Lehen aldiz, emakumeak, umeak eta zaharrak ere giltzapetu zituzten», esan du Chuecak. Hannah Arendt historialari eta filosofo judua, esaterako, bertan egon zen atxilo. 1933an heldu zen Arendt Frantziara, babes bila, baina 1940an atxilotu egin zuten. Hiru hilabete eman zituen Gursen, ihes egitea lortu zuen arte; Ameriketako Estatu Batuetara heltzea lortu zuen.

«Behin-behineko kontzentrazio esparrua izateko egin zuten; ez zegoen prest 1945era arte irauteko. Asko gosearen edota hotzaren ondorioz hil ziren».IOSU CHUECAHistorialari eta ikerlaria

1942tik aurrera, Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak juduak amaitzeko sortu zuen Azken konponbidea izeneko planaren parte bihurtu zen Gurseko kontzentrazio esparrua. Milioi bat judu hil zituten naziek orduan, eta horietatik 3.907 Gursetik Aushwitzera bidalitakoak izan ziren. «Gehiago izan zitezkeela uste dugu, baina horiek baino ez ditugu dokumentaturik».

Kontzentrazio esparru horretako bulegoetan lan egiten zutenek ere ez zekiten nora bidaltzen zituzten atxilotuak. «Horretan aritu zen langile baten testigantza ere badago erakusketan, eta hark argi esan zuen gerra amaitu arte ez zutela jakin Auschwitzera bidali zituztela». «Helmuga ezezaguna» zen, hain zuzen, presoak zeramatzaten kamioien helbidea.

Horrez gain, eta Gurs itxi zuten arte, 1.180 lagun hil ziren bertan. «Behin-behineko kontzentrazio esparrua izateko egin zuten; ez zegoen prest 1945era arte irauteko. Asko gosearen edota hotzaren ondorioz hil ziren». Frantzian beranduenen itxi zuten kontzentrazio esparrua izan zen, eta eskualde horretako jendetsuena.

Burdin haria. Atxilotuen esparrua zein zen seinalatzeko erabiltzen zuten Frantziako militarrek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Burdin haria. Atxilotuen esparrua zein zen seinalatzeko erabiltzen zuten Frantziako militarrek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Egun, hilerri bat besterik ez dago Gursen. Frantziako Administrazioak izan zuen beti kontzentrazio esparru horren inguruko eskuduntza, eta, bertan jazotakoa ezkutatzen saiatzeko, baso bat landatzea erabaki zuen orain dela hainbat hamarkada gobernuak. Chuecak uste du azken urteotan memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin gehiago egiten ari direla, baina oraindik ere Frantziako eta Euskal Herriko erakundeek asko dutela egiteko. «Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 2006. urtean egin zien Gursen izandako euskal herritarrei lehenengo omenaldia, eta Nafarroak, 2017an», kontatu du. «Euskal Herritik ihesi joan ziren erbesteratuen historia bigarren plano batean egon da beti».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.