Egiteko modu pertsonalak eta kolektiboak aitortu dituzte Zirgari sarietan

Begoña Sagasti feminista historikoa, Urduñako Loraldi eta Busturiko Atxurkulu andreen elkarteak, eta VIVA Arte Feministaren eta Pentsamendu Garaikidearen Sarea omendu ditu Bizkaiak, «andreen eta gizonen berdintasunaren alde egin duten lanagatik».

Zirgari sarien ekitaldia, atzo, Bilboko BBK aretoan. BERRIA
Zirgari sarien ekitaldia, atzo, Bilboko BBK aretoan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 6a
08:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zuei esker gizarte hobea gara», esan die Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak aurtengo Zirgari sariak jaso dituztenei. Bart egin zieten aitortza Begoña Sagasti feminista historikoari, Urduñako Loraldi elkarteari eta Busturiko Atxurkulu emakumeen elkarteari, eta VIVA Arte Feministaren eta Pentsamendu Garaikidearen Sareari, «andreen eta gizonen berdintasunaren alde egin duten lanagatik». Musika, dantza eta ehunka gonbidatu izan ziren BBK aretoan egindako omenaldiaren osagai nagusiak. 

Etxanoberen esanetan, «pertsonalak eta batez ere kolektiboak diren egiteko moduak» aitortu gura izan dituzte: «Aitortza egiten diogu sarea sortzeko, laguntza emateko eta zeuentzat eta ondoren etorri garen emakumeontzat aukerak erreklamatu eta sorrarazteko egiten duzuen ahaleginari. Aitortzen dugu berdintasunean aurrera egiteak zerikusi handia duela elkar sostengatzearekin. Funtsean, saria ematen dizuegu zuei esker, hotsandiko diskurtsorik behar ez duzuen eta ia beti isil-gordean jarduten duzuenoi».

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak matxismoa izan zuen berbagai bere solasaldian. Esan zuenez, ez zituen «errudunak seinalatu» gura izan, gizonei «erantzukizuna» eskatu baizik. «Ahotsa goratu, zentzarazi, hezi eta mespretxuari aurre egiten dion gizon oro basakeria eragozten ari da, eta indarkeria amaitu dadin laguntzen. Berdintasuna konkistatzeko, legeak ez ezik, leialtasunak ere behar dira. Justiziari eta emakumeen askatasunari leial zaizkion gizonak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA