Klima larrialdiak santuen egutegia ere aztoratu du, eta sanpedroetan San Joan bezpera ospatuko dute Mungian (Bizkaia): ekainaren 23an bertan behera utzitako Su bizia ekitaldia etzi egingo dute Deabru Beltzak taldeak eta herriko beste hainbat elkartek. Hala, Bizkaiko kaleko arteen erakusleiho bihurtuko da herria 18:00etatik aurrera. Mungiako eta beste hainbat herritako sortzaileak, musikariak, dantzariak, bertsolariak eta konpainiak bilduko dira gauera arte iraungo duen ikuskizun horretan. Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko beren-beregi sortu dute jaia.
Arratsalde bereziak Matxin plazan izango du abiapuntua. Familientzako tailer eta jolasak izango dira han, 18:00etan hasita. Zirkuarekin lotutako jarduerak eta etxeko guztiek parte hartzeko moduko ekintzak eskainiko dituzte Zirkozaurre Bilboko zirku taldeak eta Kalakak egurrezko jolasen taldeak.
21:00etan, udaletxeko horma eszenatoki bihurtuko da, Dimegaz taldearen eta Janire Etxaberen dantza bertikal ikuskizunarekin. Arkitektura, mugimendua eta altuera uztartuko dituzte. 21:15ean, kalejira abiatuko da udaletxe aurretik. Hauek hartuko dute parte: Bizkaiko Gaiteroak taldekoek, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako kideek, Mungiako Gure Ametsa txistulari taldekoek eta Alaiak Mungiako Soinulari Taldeko musikariek. Herriko kaleak zeharkatuta, Uriguen parkera iritsiko da jai giroa. Emanaldi nagusia hasi bitartean, txokolatea eskainiko diete han bildutakoei.
22:00etan hasiko da Su bizia-ren ekitaldi printzipala. Argiekin egindako esku jokoak, koreografiak, dantza eta sua uztartuko dituzte. 22:30ean izango da momentu gorena: Deabru Beltzak eta Taket Mungiako bertso eskola elkartuko dira, antzerki konpainiaren 30. urteurrenerako prestatu duten ikuskizun nagusian. Musika, piroteknia eta «akerraren pizte magikoa» izango dira emanaldiaren ardatzak. Deabru Beltzak taldearen ohiko unibertso artistikoa San Joan gauarekin eta akelarrearekin lotuko dira. Bukatzeko, 22:45etik aurrera, erromerian dantzatzeko aukera egongo da, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolakoekin.