Itsasoa eta mendia. Bien artean zegoen Santurtziko Kontzejua eta bietatik bizi zen, 1901ean zatitu eta udalerri bi jaio ziren arte: Santurtzi eta Ortuella. Banaketaren ondoren, lehena arrantzari lotu zitzaion eta bigarrena meatzaritzari, gaur egun lehen sektorea bietan ere oso apala den arren. Gaur bete dira 125 urte banatu zirela, eta goizean elkarrekin gogoratu dute udal biek, Santurtzin egindako ekitaldi batean. «Duela 125 urte gure udalerriek zeinek bere bideari ekin zioten. Baina oraindik ere elkartuta gaude, komun dugun historiak batzen gaituelako, eta, batez ere, elkarlanean aritzeko gogoak», esan du Itziar Carrocera Santurtziko alkateak. «Elkarren ondoan eta elkarrekin bizi diren herri bi» direla azpimarratu du.
Gaur egun, Santurtzik 46.000 biztanletik gora ditu, eta Ortuella ez da 9.000ra ailegatzen. Baina duela 125 urte alderantziz zen: Ortuella zen handia, eta Santurtzi txikia. Santurtziko Kontzejuak zituen 7.500 herritarretatik ia 5.000 Ortuellan bizi ziren. XIX. mendeko meatzaritzaren indarraldiak jendetza erakarri zuen Trianoko mendietara. Saulo Nebreda Ortuellako alkateak goraipatu gura izan du harrezkero herritarrek egin duten lana: «Ortuellak eta Santurtzik nork bere nortasuna garatzea lortu dugu, gure udalerrien garapen ekonomikoa, soziala, kulturala eta instituzionala bultzatu duten gizon-emakumeei esker».
Ekitaldian, Carlos Glaria historialari santurtziarrak ere egin du berba. Azpimarratu du Ortuella meatzaritzan ibili dela eta Santurtzi arrantzan, baina udalerri biek nekazaritza izan dutela komun. Horren adibide nabarmenena Capetillo auzoa dela esan du. Inguruari izena ematen dion erreka da udalerri bien arteko muga, gainera, eta han egin dute goizeko ekitaldia. Gaur oraindik nekazaritzari lotuta dagoen lekua da.
Carroceraren ustez, garrantzitsua da Santurtzik eta Ortuellak elkarrekin bizi izandako garaiak ez ahaztea. Helburu horrekin, jardunaldi historikoak egingo dituzte. Lehena irailaren 23an izango da, Ortuellako Gorbea aretoan. Urrian egingo dute Santurtzikoa.