Energia plan berria onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak, lau urtean erakundearen energia kontsumoa %35 txikitzeko

Planean 23 neurri zehatz jaso dituzte foru aldundiaren egitura osorako. Argindar kontsumoa %6 apaldu dute, 2016ko, 2017ko eta 2018ko batezbestekoarekin alderatuz gero.

Bizkaibuseko lehen ibilgailu hibridoak, Mungian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bizkaibuseko lehen ibilgailu hibridoak, Mungian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko abenduaren 15a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak %6 txikitu du energia kontsumoa 2016ko, 2017ko eta 2018ko batezbestekoaren aldean. «Gutxiago kontsumitu da, baina zerbitzu publikoek funtzionatzen jarraitu dute, eta zerbitzu batzuk hazi egin dira», esan du Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak. 2030erako %35 txikitu behar dute, eta, helburu hori lortzeko, Energia Foru Plan berria onartu dute. Gaur aurkeztu du diputatuak.

Planean 23 neurri jaso dituzte foru aldundiaren egitura osorako. Besteak beste, honako hau egingo dute: eraikinak birgaitu eta hobetu; argiztapena eta klimatizazioa modernizatu, monitorizatu eta energia berriztagarriak ezarri; errepideak eraginkor bihurtu; ibilgailu parkea elektrifikatu; mugikortasun jasangarria sustatu, eta kontratazioetan eta aurrekontuetan irizpide energetikoak sartu; barne koordinazioa indartu, inbentarioak zentralizatu, langileak prestatu eta energia auditoretzak egin. Atutxaren esanetan, erakundetik kanpo ere egingo dute lan. Esaterako, mugikortasunean intermodalitatea sustatuko dute, ekosistema sentiberak lehengoratzea bultzatuko dute, suteak prebenitzeko neurriak hartuko dituzte, eta enpresetako eta lehen sektoreko energia trantsizioa diruz lagunduko dituzte.

Aurretik ere hartu dituzte antzeko neurriak. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiak 371 instalazio eta 352 hornidura gune kudeatzen ditu. 2016tik aldundiaren eraikinek %24 energia gutxiago kontsumitzen dute, egindako aldaketei esker. Bizkaibusen flota ere elektrifikatzen ari dira, eta dagoeneko %8 jaitsi da energia kontsumoa, linea berriak sortu dituzten arren.

Isurketen beherakada

Plana osatzeko, diagnosia egin dute aurretik. Diputatuaren esanetan, azken urteetan «nabarmen» egin da hobera. Esaterako, berotegi efektuko gasen isurketek %25 eta %38 artean egin dute behera 2005etik. Hala ere, badira datu kezkagarriak. Oraindik ere Bizkaia da gas horien sortzaile nagusia: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan isurtzen diren gasen erdiek Bizkaian dute sorburua. Batez ere, energia sektorea bera da gas gehien sortzen duena, garraio sektorearekin eta industriarekin batera. Deskarbonizazioa ezinbestekoa dela esan du Atutxak. Gainera, ikusi dute Bizkaiko baso eta lurzoruak karbono dioxidoa xurgatzeko gaitasuna galduz joan direla.

Klima larrialdiaren ondorioak ere neurtu ditu diagnosiak. 1971 eta 2016 artean, batez besteko tenperatura gradu bat igo da Bizkaian. Egun bero, gau tropikal eta beroaldi gehiago daude azken urteetan. Prezipitazioetan ere aldaketak igarri dituzte, eta euri gabeko gero eta aldi gehiago eta luzeagoak neurtu dituzte. Beraz, nekazaritzaren eta basoen errendimendua murriztu da, uholdeak izateko arriskua handiagoa da, eta bizkaitarren osasunean ere ondorioak izan ditu.

Hori horrela, Bizkaiak lortu behar du 2030erako berotegi gasen emisioak %45 murriztea, 2005eko datuekin alderatuta. Energia kontsumoa ere %12 txikitu beharko du 2021aren aldean, eta kontsumituko duenaren %32 berriztagarria izan beharko da. 2050erako klima neutraltasuna lortu beharko du, eta ziurtatu klima aldaketaren inpaktuek ez dutela kalterik eragingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.