Erle beltzentzako babesleku bat sortu dute Urkiolan

Durangaldeko erlezainek uztailetik negura erabili ahal izango dute, erleak klima aldaketaren ondorioetatik eta liztor asiarraren mehatxutik gordetzeko.

Erlezainak Urkiolako babeslekuko erlauntzetan. BERRIA
Erlezainak Urkiolako babeslekuko erlauntzetan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 28a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangaldeko erle beltzak klima aldaketaren ondorioetatik eta liztor asiarraren mehatxutik babesteko leku bat atondu dute Urkiolan. Erlete elkarteak eta Urkiola Landa Garapen Elkarteak sustatu dute, eta Abadiñoko herri lurretan dago —Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu—. Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten Durangaldeko erlezainek hara eroan ahal izango dituzte erle beltzak, uztail amaieratik negua hasi bitartean.

Azken urteetako beroteek eta lehorteek arriskuan ipini dituzte erle beltzak. Alde batetik, espeziea bera ahuldu egin da, lehorteen ondorioz landareen nektar jarioa eteten delako; hala, erlauntzetara sartzen duten elikagaia nabarmen gutxitzen da. Beste aldetik, tenperatura altuak lagungarri dira liztor asiarra ugaltzeko, eta liztor hori da, hain justu, erle beltzen predatzaile nagusia. Horiek horrela, erlezain askok erlauntzak lekuz mugitzen dituzte, itsas mailatik gorago dauden toki seguruagoetara. Besteak beste, Durangaldetik Gorbeiara, Arabako lautadara eta Burgos aldera (Espainia) eroaten dituzte. Orain, beste aukera bat izango dute etxetik gertu.

Abadiñoko orubeak baldintza «ezin hobeak» ditu, sustatzaileen esanetan. Itsas mailatik zazpiehun metrora dago, eta garaiera horrek asko zailtzen du liztor asiarra han egotea. Hegoaldera begira dago, eta haize bolada indartsuetatik babestuta. Ur hornidura ere ziurtatua izango dute erleek, handik gertu erreka bat pasatzen da eta. Ehun erlauntza inguru kabitzen dira, eta hesitu egin dute, erlezainen lana errazteko eta segurtasuna bermatzeko.

Sustatzaileek argi utzi dute: beste erlerik ezingo da eroan, soilik Apis mellifera iberiensis espeziekoak, asmoa baita tokikoaren genetika babestea. Era berean, Urkiolako parke naturalaren oreka ekologikoa babesteko lagungarri izango da. Babeslekura eroateko erleek erregistratuta egon beharko dute, eta asegurua eduki beharko dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA