Herriko elikagai denda bakarra zen Mañariko (Bizkaia) Rafa Harategia. 1985ean ireki zituen ateak. Baina 2021ean jabeak erretiroa hartu zuen, eta zarratu egin zuen. Udalak lokala erostea eta elikagai denda bat zabaltzea erabaki zuen. Haren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen. Arantza Zilaurren aurkeztu zen, eta ordutik bera da Mañariko Herriko Dendaren arduraduna. «Ezinbestekoa da Mañaria bezalako herri batek denda edukitzea. Bestela herritarrek Durangora joan behar dute erostera», adierazi du Zilaurrenek.
Azaldu duenez, badaude asteko edo hilabeteko erosketa handiak supermerkatu handietan egiten dituzten herritarrak, baina egunerokoan herritar askok jotzen dute bere dendara, eta oso pozik dago negozioaren martxa ikusita. Denbora gutxiago daroa Miren Tejok Zeberioko dendan (Bizkaia). Han ere herriko denda bakarra udalarena da. Aurretik beste andre bat izan zen arduradun hainbat urtez, baina joan den udaberrian utzi egin zuen, eta, zaharberritze lanak egin ondoren, udalak berriro atera zuen lehiaketara negozioaren kudeaketa. Tejok esperientzia du merkataritza alorrean, eta autonomo izana da aurretik ere. «Badakit zer gogorra den denda batean lan egitea», adierazi du. Sei hilabete dira Zeberiokoaren ardura hartu zuenetik, eta «oso pozik» dago.
Zilaurren eta Tejo saiatzen dira gertuko ekoizleen ahalik eta produktu gehien eskaintzen. «Inguruan lan egiten dugunok elkar lagundu eta babestu behar dugu», adierazi du Zilaurrenek. Ez dute salmenta handirik egiten, beraz, haiek ere ez dute kopuru handirik erosten, eta, ondorioz, prezioak negoziatzeko tarte handirik ere ez dute. «Ezin dugu lehiatu supermerkatuekin», esan du Tejok. Hori dela eta, haien produktuen prezioak ere supermerkatuetakoak baino arean garestiagoak izaten dira.
Mila biztanle inguru ditu Zeberiok, eta, erdiak, berriz, Mañariak. Dendari bien esanetan, horrelako herri txikietan negozioa errentagarria izatea ez da batere erraza, salmentak ere ez direlako handiak. «Leku guztiek dituzte zailtasunak, baina herrietan autonomoa izatea oso zaila da: gainontzekoek dituzten gastu berak ditugu, baina diru sarrerak nabarmen txikiagoak dira», azpimarratu du Tejok.

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak ere uste du desabantaila egoeran daudela herri txikietako dendariak. Horregatik, merkataritzarik ez duten herrietan elikagai dendak sortzen laguntzeko eskaera egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Uste du dendariek babes publikoa behar dutela negozioa martxan jartzeko, eta bereziki gero hura mantendu ahal izateko. «Errentagarritasun falta da denda gehienek ixteko arrazoi nagusia», nabarmendu du. Baina Batzar Nagusiek ez dute eskera babestu, eta ezerezean geratu da proposamena.
Foru gobernua babesten duten EAJk eta PSE-EEk uste dute laguntzak ematen hasi aurretik egoera zein den aztertu behar dela, bakoitzaren beharretara egokitu ahal izateko. «Batzuetan denda bat egongo da agian, baina beste batzuetan herriko tabernak salduko ditu elikagaiak edo herriz herri ibiltzen den saltzailea joango zaie, eta bakoitzak modu bateko babesa beharko du», esan du Julen Karrion jeltzaleak. EH Bilduk, ordea, eskaera babestu du, «milaka bizkaitarren bizitza kalitatea hobetzea ekarriko lukeelako».
Zilaurrenek eta Tejok nabarmendu dute ezinbestekoa dutela erakunde publikoen babesa. Esaterako, Zilaurreni Mañariko Udalak alokairu «oso merkea» kobratzen dio: 50 euro gehi BEZa. Baina hori da oraingoz lortu duen babes bakarra. Beste erakunde batzuen diru laguntzak eskatzea ere aztertu izan du aholkulariarekin, baina ikastaroak egiteko eskatzen diote, eta ez du denborarik dendan duen ordutegia dela eta.
Handiak eta txikiak
Desabantaila horren adibide moduan hornitzaile batek esandakoa kontatu du Tejok. «Hegaztien gripea dela eta, arrautza falta dagoela esan dit, eta ez dakiela noiz arte izango dugun hornidura bermatuta. Dirudienez supermerkatu handiak arrautza guztiak erosten ari dira, eta denda txikiak ezer gabe geratzeko arriskua dago».
Tejori iruditzen zaio ezinbesteko zerbitzua dela, batez ere adineko jendearentzat. «Mugitzeko arazo handiagoak dituzte, eta beste batzuen laguntza behar dute erosketak egiteko». Halako herrietan baserri eta etxe sakabanatu asko egoten dira, eta herriko dendara joateko ere ezinbestekoa da autoa hartzea. Horregatik iruditzen zaio erakunde publikoek mugikortasuna erraztu beharko luketela. Zeberioko dendan erosketak etxera eroateko zerbitzua eskaintzen dute.
Oro har, halako dendak topagune ere badira herritarrentzat. Mañariko lokala handia da, eta Zilaurrenek mahai batzuk ere atondu ditu, eta jostailuak ipini. Kontatu duenez, umeak joaten zaizkio arratsaldeetan elkarrekin olgetan egitera edo irakurtzera. «Poz handia ematen dit horrek».
Lan asko egin behar izaten dute biek. Zilaurrenek 08:30ean irekitzen du denda egunero. Aurretik Iurretara joaten da fruta eta barazkiak erostera, dendara itzultzen da, eta dena muntatzen du. Astelehenetik domekara izaten du negozioa zabalik; zapatuan eta domekan, goizez bakarrik. «Domeka eta jaiegunetan, berez, ogia baino ez dut saltzen, baina norbaitek besterik eskatzen badit, ba, saltzen diot», azaldu du Mañariko dendariak. Tejok domeka eta jaiegunetan zarratuta izaten du denda, eta zapatuan goizez baino ez du irekitzen. Gainera, tarteka alabak egiten du txanda zapatuetan, berak asteburua osorik libratu ahal izateko. «Ordu asko pasatzen ditugu lanean, baina merezi du», esan du Tejok.