Errekaldeko saihesbidea ez da prest egongo «gutxienez» 2034ra arte

Saihesbidea pasatuko den leku batzuetan topatu dituzten zailtasun teknikoengatik proiektua idazteko denbora luzatu egingo dela dutela esan du Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak.

A-8 autobidea, Bilboko Errekaldeko plaza zeharkatzen, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
A-8 autobidea, Bilboko Errekaldeko plaza zeharkatzen, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 27a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Errekalde auzoko zubibidea eraisteko modua emango duen saihesbidea eraikitzeko proiektua lantzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako Saileko teknikariekin batera, beste hiru enpresa ari dira lan horretan. 2024ko urtarrilean esleitu zitzaien hiru enpresa horiei proiektua lantzeko kontratua, 5,8 milioi euroren truke. Sinatutako kontratuan 33 hilabeteko epea ezarri zen horretarako. Beraz, datorren abenduaren 1erako idatzita behar luke. Baina, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak gaur esan duenez, «zailtasun teknikoengatik» atzeratu egingo da: denbora gehiago beharko dute proiektua prest izateko, eta, ondorioz, obren amaiera ere atzeratu egingo da, «gutxienez» 2034ra arte. 

Ondo bidean, ordurako gura luke Alzagak saihesbidea bukatuta, baina oraindik Errekalde zeharkatzen duen A-8aren zubibidea eraistea faltako da. Orain, lehenengo helburua dute idazten ari diren proiektua ekainerako prest izatea, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailera bidali ahal izateko, hango ingurumen teknikariek aztertu eta ingurumen zaintzaren aldetik proiektuari egin beharreko zuzenketak gehitzeko. Ingurumen teknikariek bukatutakoan, publikoki emango dute proiektuaren berri, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Datorren urteko apiril-maiatzetarako bukatu gura luke fase hori Alzagak, baina esan du ingurumen teknikariek batzuetan denbora asko behar izaten dutela. Azpiegitura saileko teknikariek jasotako alegazio eta zuzenketa guztiak proiektuan txertatu ondoren, behin betiko obra proiektua 2028ko ekainerako egongo litzateke prest. Lanek sei urte irautea kalkulatu dutenez, ez dituzte bukatuko gutxienez 2034a baino lehen. 

EH Bilduk eskatuta eman ditu azalpenak Alzagak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Izan ere, joan den udazkenean, aurtengo aurrekontuen tramitazio fasean, Alzagak esan zuen proiektua idazteko fasea luzatu egingo zela, eta koalizioak jakin nahi izan du zergatik atzeratu den. Hala ere, atzerapena gogorren kritikatu dutenak PP eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak izan dira. «Konpromiso politiko falta» egotzi diote PPko Raquel Gonzalezek eta Elkarrekin Bizkaia taldeko Ricardo Vaquerok. Errekaldeko bizilagunak «bigarren mailakotzat» dauzkala leporatu dio Gonzalezek. Alzagak ukatu egin du konpromiso politikoa dutela. «Agintaldia hasi genuenean, ia sei milioi euro ipini zituen diputazioak proiektuarekin hasteko. Nik orain diru gehiago ipiniko banu ere, ehun milioi ipiniko banitu ere, ez litzateke azkartuko. Arazoa proiektu honek dituen zailtasun teknikoak dira», erantzun die. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Kohesio Batzordea, gaur, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Kohesio Batzordea, gaur, Bilbon. BERRIA

Gainera, oposizioko alderdiei egotzi die kasu honetan ez dutela aipatu ere egin lanek zer traba eragingo dieten bizilagunei. «Beste proiektu batzuetan, esaten diguzue ez ditugula kontuan hartzen bizilagunei eragingo dizkieten kalteak. Guk beti hartzen ditugu kontutan, beste kasu horietan eta honetan ere bai. Zuek, komeni zaizuenean bakarrik». Itsasadarreko tunelaz ari zen «beste kasu hori» esatean.

Saihesbidearen proiektua azaldu die batzarkideei, luze eta zabal. Zailtasun teknikoak non dauden eta zeintzuk diren zehaztu du, planoak erabilita. «Tunel bi izango dira, eta ikusten dugu hainbat auzo zeharkatuko dituztela. Ikusten dugu hemen Masustegitik pasatuko dela, baina ez du aparteko arazorik eragingo. Bai, ostera, Uretamendin, Betolazan eta Iturrigorri kalean, baita Gaztelondoko alondegian ere. Baita, noski, tunelen irteerak egongo diren lekuetan ere». Basurtuko eta Fangoko futbol zelaien inguruetan egongo lirateke irteera biak, eta, beraz, batetik besterako zatian eraikiko lukete saihesbide lurperatua.

Kalitate geotekniko txikiko lurrak

Esaterako, Uretamendi eta Betolaza auzoen historia gogoratu du. 1950eko eta 1960ko urteetako txabolen gainean eraikitako auzoak dira. «Inguru hori kalitate geotekniko oso txarreko mea hondakinez beteta dago. Horren gainean eraikita dago». Lurzoruaren ezaugarriak ez dira homogeneoak, eta etxeok eraiki zituztenean ere zailtasunak izan ziren, Alzagaren esanetan. Gainera, nabarmendu du eraikinen antzinatasuna ere kontuan hartu behar dela, ez baita gauza bera lurzoru berean, onena ez izan arren, 1950ko edo 1960ko urteetan eraikitako etxebizitza bat egotea, edo 1990ko hamarkadako bat egotea. «Badakit asko luzatzen ari naizela azalpenetan, eta agian pentsatuko duzue gehiegizkoak direla, baina nahi dut uler dezazuen zer zailtasun ditugun». Iturrigorri kalean erreka bat ere desbideratu beharko dute.

Oposizioak esan dio zailtasun horiek lehendik ere hor egon direla, baina haren aurretik karguan egondakoek —Imanol Padrales egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakariak— egutegi bat ezarri zutela, eta ez direla betetzen ari. Alzagak erantzun die ez dutela jakin zer traba topatuko dituzten eremua zehatz aztertzen hasi diren arte. «Etxeetako obretan ere pasatzen da: ‘hau egingo dut’ pentsatu, baina gero ezin, han zegoela ez zenekien hodi bat agertu zaizulako». Esan du oraindik ere zundaketa gehiago egin behar dituztela, proiektu osoa idatzi aurretik. Diputazioaren asmoa da obrek ahalik eta kalte txikiena eragitea tunelak pasatuko diren eremuen gainean bizi diren bizilagunei.

Tunelaren irteera bietan ere sortuko dituzte eragozpenak. Obra materiala uzteko leku zabalak atondu beharko dituzte. Ondorioz, Basurtu aldean Masustegi kalea sei urtez zarratuta egongo da. Trafiko arazoak handiagoak izango dira beste muturrean, Fango aldean, eta, gainera, beisbol zelaia ere ez da erabilgarri egongo obrek iraungo duten sei urteetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.