Bigarren urtez, Espainiatik, Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik baino bisitari gehiago jaso zituen iaz Bilbok munduko gainontzeko herrialdeetatik. Batez ere, Frantziatik, Erresuma Batutik, AEBetatik eta Alemaniatik etorritakoen kopuruak egin du gora. Kontxi Claver Bilboko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziaren esanetan, turismo mota hori «oso ona» da Bilborentzat; izan ere, zenbat eta urrunagotik etorri, orduan eta egonaldi luzeagoa egiten dute hirian, eta gehiago gastatzen dute. Gainera, turista horiek urte osoan bidaiatzen dute. Bereziki Erresuma Batutik eta Alemaniatik ailegatzen dira turista helduak udalditik kanpo.
Aisialdiari lotutako turismoa batez ere ekainean, uztailean eta abuztuan jasotzen du Bilbok. 2025ean lortu dute Vueling aire konpainiak hegaldi erregularrak egitea Loiuko eta Heathrowko aireportuen (Londres) artean, eta, ondorioz, uda sasoitik kanpo ere adineko turistak etorri dira. Gauza bera gertatu da Lufthansa konpainiari esker Alemaniako bidaiariekin. Ingeles kopuruaren igoera bereziki udaberrian nabaritu dute, eta alemanena, udazkenean, Bilbo Ekintzako Turismo zuzendari Mercedes Rodriguezen esanetan.
%70Bizkaian ostatu hartu duten bisitarien %70ek Bilboko hotel edo apartamentu turistikoetan egin dute lo.
Oraindik abenduko datuak falta ditu Bilboko Udalak, baina haiek ere onak izango direla espero du Claverrek. Horrela bada, urtarriletik azarora 1,3 milioi bisitari izan ditu Bilbok, 2024ko aldi berean baino %13,1 gehiago. Guztira, 2,5 milioi gaualdi egin dituzte hirian. Hazkunde horri esker turismo eta ostalaritza sektoreko jarduera hobetu da. Batez beste, Bilboko hotelek %63,4ko okupazioa izan dute, 2024an baino puntu eta erdi gehiago. Igoera bera izan du apartamentu turistikoen okupazioak ere: %44,4koa izan da. Gainera, Bilboko hoteletan gela erabilgarri bakoitzeko batez besteko errentagarritasuna 93,8 eurokoa izan da, 2024an baino %3,8 handiagoa. Zinegotziaren esanetan, enplegu aldetik markak hautsi dira: 1.871 behargin aritu ziren iaz sektorean, 2024an baino %7,7 gehiago.
Nazioarteko turista kopuruak gora egin izanaren arrazoietako bat Bilboko aireportua da. Markak hautsi zituen iaz ere: zazpi miloi bidaiariren langa gainditu zuen. «Europarekin eta munduarekin oso ondo konektatuta» dago Loiu, zinegotziaren esanetan. 25 hegazkin konpainiak egiten dute lan han, Bilbo 24 herrialdetako 54 hirirekin konektatzeko. Iaz, azpimarratzekoa izan zen Loiu eta New York arteko linea. AEBetako turisten gorakada nabaritu dute harrezkeroztik, nahiz eta oraindik erabat zenbatu barik duten linea horren eragina. Claverren esanetan, lanean ari dira lotura horiek sendotu eta hobetzeko, eta datozen asteetan berritasunak iragarriko dituzte.
Merkatu bila
Nazioarteko ekitaldiek ere laguntzen dute. BBK Live musika jaialdia urteroko zita da atzerritarrentzat. Baita Aste Nagusia ere. Iaz, Europa Ligako finala jokatu zen San Mamesen, eta aurten, maiatzean, taldeka jokatzen diren Europako txapelketako finalak lehiatuko dira leku berean. Zinegotziaren esanetan, jendea erakartzeko ez ezik, Bilbo ezagutarazteko ere baliagarriak dira. Onartu du halako ekitaldiei lotuta enpresari batzuek prezioak «nabarmen» igotzen dituztela, eta turisten kexuen berri ere izan dutela; «arduraz» jokatzeko eskatu die ostalariei.
Merkatu berrien bila ere badabiltza. Portugalen, Alemanian, Austrian, Frantzian eta Norvegian egingo diren azoka nagusietara joango dira, Bilbo saltzera. Era berean, Espainiako Gobernuarekin lan egingo dute AEBetako, Kanadako eta Turkiako merkatuetan sartu ahal izateko. Kontrara, urrian Europa ekialdeko eta Baltikoko turismo operadoreek Bizkaia bisitatuko dute, ondoren haien herrialdeetako bisitariak Bilborantz bidal ditzaten.
Claverren esanetan, Bilboko Udalak lan egiten du «turismoaren gorakada bilbotarren bizitzarekin bateragarri egiteko»: «Turismoaren hazkundea orekatua, iraunkorra eta arduratsua da Bilbon, eta herritarren eta turisten arteko errespetua lehenetsiko dituen eredu baten aldeko apustua egiten jarraituko dugu».