Eskola kiroleko norgehiagoka «jendetsuetan» ‘Errespetua’ leloa duen pankarta aterako dute Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak Kirola On aplikazioaren erabilera sustatzeko kanpaina bat abiatuko du.

Ume bi, futbolean, Ortuellan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ume bi, futbolean, Ortuellan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 5a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola kirolean sortzen diren indarkeria eta deserosotasun egoeretako asko adingabeen aurka harmailetatik egiten diren oihu eta irainek sortutakoak izaten dira. Horregatik, futbolean, saskibaloian eta halako proba jendetsuenetan, lehia hasi aurretik Errespetua leloa duen pankarta aterako dute kirolariek. 

Bizkaiko Foru Aldundiak Kirola On aplikazioa sortu zuen indarkeria hori detektatu eta lantzeko. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak esan duenez, ordutik erabilera «iraunkorra» egin dute ume, guraso eta taldeetako kideek. 2024-2025eko ikasturtean 144 kasuri lotutako 440 jakinarazpen jaso zituzten, eta horietatik hiru fiskaltzara bideratu zituzten. Ikasturte honetan, dagoeneko 49 komunikazio jaso dituzte, baina horietan ez dute topatu delitu zantzurik. Tresna horren «eraginkortasuna» ikusita, diputazioak erabilera sustatu nahi du kanpaina batekin.

Pankarta kanpainako baliabideetako bat izango da, baina ez bakarra. Datozen asteetan, herrialdeko 46.000 eskola umek gutun bat jasoko dute etxean. Kirola On tresna nola erabili azalduko dien afixa bat eta haren logoa duen giltzarrapoa izango ditu barruan. Gainera, Bizkaiko kirol azpiegituretan kartelak ipiniko dira, aplikazioari buruzko informazio guztiarekin.

Kanpainaren helburua da gazteei Kirola On zuzenean ezagutaraztea, edozein zalantza, ezinegon edo susmo izan bezain laster erabil dezaten. Modu anonimoan erabili daiteke, eta han idazteak ez du konpromisorik sortzen. Kirol arloan adingabeen ongizatea hobetzea dute helburu. Haren bidez, indarkeria eragiten duen edo ezinegona sortzen duen edozein egoera modu integral eta koordinatuan kudeatu dezake diputazioak. Diziplina anitzeko eta umeen babesean espezializatutako profesionalek osatutako lantalde baten esku dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.