Eskola publikoa sustatzeko sarea sortu dute Bizkaiko hainbat ikastetxek

Zornotzako eta Busturialdeko 25 ikastetxe publikok eta hamahiru guraso elkartek sortu dute Danon Eskola Publikoa sarea.

Danon Eskola Publikoa sarearen lehen ekitaldia, zapatuan, Busturiko Ekoetxean. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE
Danon Eskola Publikoa sarearen lehen ekitaldia, zapatuan, Busturiko Ekoetxean. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 2a
19:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Danon Eskola Publikoa sortu dute Bizkaiko 25 eskolak eta hamahiru guraso elkartek. Hezkuntza sistema publikoa indartzea eta hura osatzen duten eragileak elkarren artean ehuntzea du helburu. Eremu geografiko jakin batean daude ikastetxe guztiak: Zornotzan eta Busturialdean. 4.000 familia pasatxo eta 5.000 ikasle inguru dira sareko kide, baita zazpiehunetik gora ikasle ere. Zapatuan egin zuten aurkezpen ekitaldia, Busturiko Ekoetxean.

«Eskola publikoa herriaren bizkarrezurra da, eta hori indartzeko bide bakarra elkarlana da», adierazi dute sustatzaileek. Diotenez, sarearen helburua da «kalitatezko hezkuntza euskaldun, inklusibo eta doakoa bermatzea». Nabarmendu dute sarea «transbertsala» dela: «Proiektu honek ikastetxeetako klaustroen eta zuzendaritza taldeen erabateko babesa dauka, eta horrek komunitate osoaren batasuna islatzen du». Ikasketa etapa guztiak hartu dituzte kontuan, eta hala daude ordezkatuta sarean: 0 eta 2 urte bitartekoen haur eskoletatik hasi, eta Lanbide Heziketako ikastetxeak, musika eskola publikoak eta helduen hezkuntzako zentroak ere biltzen ditu, derrigorrezko hezkuntzako zikloak barne hartuta.

Sinergiak sortzea izango dute lehentasuna. Horregatik, guraso elkarteen arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzea izango da lehen lana. Baliabideak optimizatzea ere lortu gura dute: esperientziak, materialak eta proiektuak trukatu gura dituzte eragileen artean. Eskualdearen kohesioari ere garrantzia emango diote: herrien arteko mugak gainditu eta eskualdeko hezkuntza ekosistema indartzeari, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.