Eskolarako taxi barik utzi dituztela salatu dute Markina-Xemeingo hainbat familiak

Eusko Jaurlaritzak zerbitzua eten du, eta martxoaren 2tik gurasoek arduratu behar dute umeak autobus geltokira eroateaz.

Markina-Xemeingo Larruskain auzoko plaza, atzo. Auzoko umeak horra eroaten zituen taxiak, hor eskolarako autobusa hartzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
Markina-Xemeingo Larruskain auzoko plaza, atzo. Auzoko umeak horra eroaten zituen taxiak, eskolarako autobusa hartzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 24a
08:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hezkuntza publikoan dauden bitartean eta adingabeak diren bitartean, Hezkuntza Sailak berak bermatu behar ditu umeak eskolara joateko baliabideak», azpimarratu du Ainara Antxustegik. Baina, salatu duenez, Markina-Xemeinen orain ez daude bermatuta. Haur eta Lehen Hezkuntzako Bekobenta eskolara eta Bigarren Hezkuntzako Markina institutura doazen zortzi ume etxetik eskolako autobusaren geltokira eroaten izan dituen taxi zerbitzu barik geratu dira. Larruskain, Amallo eta Ubilla landa auzoetako baserri sakabanatuetan bizi dira guztiak. «Otsaileko azken barikuan eskolak jakinarazi zigun hurrengo astelehenetik aurrera ez genuela zerbitzu hori izango», gogoratu du. Hala, martxoaren 2tik gurasoek arduratu behar dute umeak autobus geltokira eroateaz; tartean da Antxustegi bera.

Zerbitzua berriro martxan jartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkaritzari, baina oraingoz ez dute ezer lortu. Are gehiago, eskolak jakinarazi die Hezkuntza ordezkaritzak esan duela eskolarako autobusa ere galduko dutela irailetik aurrera, ez direlako gutxieneko ume kopurura heltzen. «Gero esango dute landa ingurua babestu eta indartu egin behar dela. Ba, ikusten ari gara oztopoak jartzen ari direla», txarretsi du Antxustegik.

Markina-Xemeingo Larruskain auzoko atzoko irudi bat. Inguruko baserrietako umeei ematen izan die zerbitzu taxiak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Markina-Xemeingo Larruskain auzoko atzoko irudi bat. Inguruko baserrietako umeei ematen izan die zerbitzu taxiak. ARITZ LOIOLA / FOKU

Familia horientzat taxi zerbitzu hori ezinbestekoa izan da. Guraso asko lanean egon ohi dira umeak eskolara joaten diren orduan, eta orain baimena eskatu behar dute lanorduetan haurrak autobusera eroan ahal izateko edo bueltan jasotzeko. Beste guraso batzuk ingurukoei mesede eske dabiltza egunero, haiek ezin dutelako arduratu. «Umeek ezin dute oinez joan. Batzuek kilometro bi baino gehiago egin behar dituzte, espaloirik eta argiztapenik gabeko bideetan. Gainera, malda handiko bideak dira». Ondorioz, arriskutsua da ikasleentzat eurak bakarrik joatea. «Dekretuak esaten du Hezkuntza Sailak bermatu behar duela umeen segurtasuna, eta hemen ez du bermatzen», ohartarazi du.

Zerbitzu galeraren erantzulea Hezkuntza Sailaren «utzikeria eta aurreikuspen falta» dira, Antxustegiren ustetan. Izan ere, aurretik umeak jasotzen zituen taxi gidariarekin zuten kontratua otsail bukaeran bukatu zen. «Zelan egin dute ikasturte osorako ez den kontratu bat? Gurasooi irailean ikasturte osorako zerbitzua eskaini ziguten, eta hori bermatu behar digute», adierazi du. Markinako gurasoak kontatu duenez, Hezkuntza Saila saiatu zen kontratua berritzen, baina taxi gidariak orain arte baino diru gehiago eskatu zuen zerbitzua eskaintzearen truke. Hezkuntza Sailak ez zuen onartu igoera hori, eta inguruko beste taxi gidari batzuei eskaini zien, baina haiek ere ez dute onartu gobernuak eskaini dien aurrekontuaren truke behar egitea. 

Diru laguntza

Hezkuntza Sailak ez duenez lortu zerbitzua berak ematea, gurasoei diru laguntza eskaini die umeak eskolara eroateko. Antxustegik azaldu duenez, 2025eko abenduko dekretuaren arabera, 29 zentimo jasoko lituzkete autoz egindako kilometro bakoitzeko. «Arazoa ez da dirua. Orain arte umeak eskolara eramateko zerbitzu bat izan dugu, eta horri eustea nahi dugu. Besterik ez». 

Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkaritzakoek gurasoei esan zieten kexa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez jartzeko; jarri zuten, baina ez dute erantzunik jaso. EAEko Arartekora ere joan dira babes bila, eta Arartekoak ere jo du kontu eske Jaurlaritzara, baina zain dago oraindik. Beste horrenbeste gertatu zaio Markina-Xemeingo Udalari. BERRIAk ere jo du Hezkuntza Saileko komunikazio bulegora, baina ez du erantzunik jaso. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA