Mallabiko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuak herrian eraiki nahi duen goi tentsioko lineari

Eskatu du neurriak ezar daitezela herritarren osasuna eta ingurumena zaintzeko.

Goi tentsioko dorre bat, Usurbilen, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Goi tentsioko dorre bat, Usurbilen, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 28a
08:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2030erako Energia Elektrikoko Sarearen Plana onartu zuen udazkenean. Mallabiko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio, udalerri horretan tentsio handiko lineak jartzeko asmoa jasotzen baita plan horretan. Proiektuak herrigune inguruan eragina izango lukeela ohartarazi du Igor Agirre alkateak. Horregatik, osasuna eta ingurumena babesteko neurriak eskatu dizkiote ministerioari.

Udalak «kezka handia» du, plan horrek Mallabiko bizilagunen osasunean eta udalerriko ingurune naturalean zer inpaktu izan ote dezakeen, eta eskatu du indarrean daudenez gain beste neurri batzuk ere har daitezela segurtasuna bermatzeko. Azpiegitura elektriko berrien eta biziguneen arteko segurtasun distantzia handiagoa izatea gura dute. Udalak egindako eskaeraren arabera, goi tentsio linea berriek etxebizitzetatik ehun metrora edo urrunago egon beharko lukete, eta herriguneetatik bostehun metrora gutxienez.

Lineak igorriko duen erradiazioekiko esposizio mugak berrikusteko ere eskatu dute. Ministerioak egindako ingurumen azterketan, proposatu dute ehun mikroteslakoa izatea erradiazioekiko esposizio muga. Udalaren ustez, «goregi» dago langa hori. Hain zuzen, gehieneko muga 0,1 mikroteslatan ezartzeko eskatzen du, «Europako erakunde garrantzitsu batzuen gomendioei jarraituz». Ahal den neurrian goi tentsioko lineak lurperatzea ere gura du udalak, faunan, paisaian eta natura ingurunean ahalik eta eragin txikiena izateko. Azkenik, tokiko erakundeen parte hartzeari bide emateko eskatu du, udalak berak eta Eusko Jaurlaritzak azpiegituraren plangintzan eta osaketan esku hartu ahal izateko.

 Alkatearen esanetan, alegazioen helburu nagusia da azpiegitura elektriko berriak «modu arduratsuan» garatzea. «Uste dugu posible dela udalerriko energia garapenean aurrera egitea herritarren bizi kalitatea eta ingurumenarekiko errespetua sakrifikatu gabe». Agirrek ohartarazi du «adi» egongo direla aurrerantzean ere, eta «mallabitarren interesak defendatuko» dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.