Estepona ibaia egokitzen hasi dira, Bakio urioletatik babesteko

Padura bat sortu, eta urpean gera daitekeen baso bat landatuko dute. 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Uraren Euskal Agentziak, eta zortzi hilabete iraungo dute lanek.

Estepona ibaia, Bakioko Bakea inguruan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Estepona ibaia, Bakioko Bakea inguruan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 17a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Padura bat eta urpean gera daitekeen baso bat egiten hasi da Uraren Euskal Agentzia Bakion (Bizkaia), Estepona ibaiaren inguruetan. Herria urioletatik babestea eta klima aldaketaren ondorioetara egokitzea da helburua. Itsasoko mareak eragina duen ibaiaren zatian sortuko dute padura, Bakea inguruan. Hartara, ibaiak gainezka egiten duenean inguru hori urez beteko da, eta herrigunea ez da urpean geratuko. Ibaian gorago, Bakea eta Solozarre artean, ur azpian gera daitekeen baso bat landatuko dute.

Bakioko herrigunea uholde arrisku handiko eremua da. Azterlanen arabera, hamar urtean behin egin dezake Estepona ibaiak gainezka. Egingo dituzten obrei esker, ehun urtean behin errepikatu daitezkeen uholde handiek urpean utziko luketen eremua sei hektarea txikituko da. Uriola horiek sortuko luketen kalte ekonomikoa 0,24 milioi euro txikiagoa izango litzateke; izan ere, gaur egun eremu horretan 76 pertsonek egiten dute lan, hamahiru jarduera ekonomikotan. 

Obra horiek Europako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte dira. Ia 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta zortzi hilabetean lanak bukatuta egongo direla aurreikusi dute. Uriolak saihesteko lanak egiteaz gain, espezie inbaditzaileak ere kenduko dira ingurutik, eta autoktonoak landatu. Hobekuntza horiek hainbat animalia espezieri egingo diete mesede: Europako bisoiari, musker berde-beltzari eta kostaldeko hezeguneetan egon ohi diren hegaztiei. 

Busturiko Udala Altamira San Kristobal estacion de aforo a demoler 2025
Mape ibaiaren ur emaria neurtzeko estazio zaharra, Busturian. BERRIA

Busturian (Bizkaia), berriz, Mape ibaia lehengoratzeko lanak abiatu ditu Uraren Euskal Agentziak, Alarbin inguruan. Ur emaria neurtzeko estazio zahar bat eta ur jauzi artifiziala kenduko ditu. Gaur egun harri lubetaz estalita dagoen 180 metroko ibaiertz zatia ere naturalizatuko dute, bide batez. Lubeta kendu ondoren, ibaiertzeko ezponda leunduko da. Uraren Agentziak 192.635 euroko inbertsioa egingo du. Ibaia berriz naturalizatzearekin batera, inguruan uholde arriskua ere murriztu gura dute. Lan horiei esker, Mape ibaiko bioaniztasuna hobetuko da, inguruan bizi ohi diren baso igel iberiarrarentzat edo bisoi europarrarentzat leku atseginagoa izango baita. Herritarrak ere errazago jaitsi ahal izango dira errekara.  

Aitor Aretxaga Busturiko alkateak adierazi duenez, lanen helburuak dira ingurune naturala babestea, haren erabilera jasangarria bultzatzea eta Busturiako ondare etnografikoa babestea. «Obra garrantzitsua da Busturirako, Altamiran eta San Kristobalen uholde arriskua murriztuko dugulako», nabarmendu du. Auzo bi horietan uriolak egon ohi dira euri jasa handiak direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.