Etorkizuneko erronkei erantzungo dien Mugikortasuna Kudeatzeko Zentro berria du Bizkaiak

Malmasingo tuneletarako sarreran dagoen eraikin zaharra moldatu, eta berria eraiki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Baliabide eta langile gehiago izango ditu, informazio gehiago kudeatu ahal izateko.

 Felipe Cobos Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroko arduraduna, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako foru diputatua, gaur, Basaurin. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Felipe Cobos Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroko arduraduna, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako foru diputatua, gaur, Basaurin. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 23a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian barrena dabiltzan ibilgailuei adi-adi begiratzen diete Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroko beharginek. 1973tik, Malmasingo tunelen sarrera ondoan dago, baina ordutik nabarmen aldatu da herrialdeko errepide sarea. Eta azpiegitura berriak egiten dituztenean handiagoa izango da langileon zeregina: tunel gehiago, datu gehiago, segurtasun neurri zorrotzagoak eta koordinazio premia handiagoa. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa berritu du, beste eraikin bat eginda eta zaharra egokituta. Egungo sareaz ez ezik, aurrerantzean sortuko denaz arduratzeko diseinatu da: etorkizuneko erronkei ere erantzuteko gai izango dela esan du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak, goizean, hara egin duen bisitan. 

Etxanobek nabarmendu duenez, zentroa sistema baten burmuina da. Sistema horren barruan, errepideen foru sarea —1.104 kilometro—, 17 tunel eta autobideak eta edukiera handiko errepideak daude —210 kilometro—. «Burmuin honek bost milioi datu baino gehiago prozesatzen ditu egunean, zuzenean. Sentsoreek eta kamerek biltzen duten informazioa gure zuntz optikoko sarearen bidez heltzen da hona», azaldu du diputatu nagusiak.

Duela bi urte hasi zituzten lanak Malmasinen. Lehen fasean, eraikin berria egin zuten, eta han ipini dituzte kontrol gelak, krisi gela, bilera gela, bulegoak eta gela tekniko bat. Bigarren fasean, eraikin zaharra eraberritu dute, eta barne antolaketa moldatu. Orain, altuera bikoitzeko kontrol gela berri bat dago zentroan, eta bideo horma zabal bat du. Lanak bukatuta, zentroaren eremua bikoiztu egin da. Gainera, aurrerantzean, bederatzi langile gehiago izango ditu kontrol zentroak, batez ere kontrol arloan jarduteko. 

Diputazioaren asmoa da errepideetan informazioa zuzenean transmititzeko gai den eredu adimentsuago eta konektatu bat lortzea. Horretarako, teknologia berriak ipini beharko dituzte errepideetan. Malmasingo zentroa dagoeneko prest dago etorkizunean jasoko duen informazio hori bildu eta kudeatzeko. Etxanobek adierazi duenez, erabiltzaileen segurtasuna handitzea, istripu arriskua txikitzea eta istripuen ondorioak arintzea dira helburu nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA