Etxanobek metroaren 4. linearen finantzaketari buruzko akordioa sinatzea nahi dute

Bilboko metroaren 4. linearen aldeko plataformak elkarretaratzera deitu du. Datozen hiru eguenetan egingo dute protesta, Bilboko Foru Jauregiaren parean.

Bilboko metroaren 4. linearen aldeko protesta bat, Bilboko Foru Jauregi parean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bilboko metroaren 4. linearen aldeko protesta bat, Bilboko Foru Jauregi parean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 25a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko metroaren 4. linearen aldeko plataformakoak Bilboko Foru Jauregiaren parean elkartuko dira datozen hiru eguenetan, 19:30ean. Asmoa da Elixabete Etxanoberi presioa egitea, Bilboko erdigunea eta hegoaldeko auzoak lotuko dituen metro linearen finantzaketari dagokion akordioa sinatu dezan. Eraikitzeko eskumena Eusko Jaurlaritzarena den arren, obra erdi bana ordainduko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta biek. Azken asteetan, erakunde bietako ordezkariek hainbatetan esan dute akordioa gertu dagoela, Etxanobek berak ere bai, baina Errekalde, Irala eta inguruetako bizilagunak luze iritzita daude, 25 urte luze daramatzate-eta zain, metroa euren auzoetara noiz ailegatuko.

Plataformak ohar bidez adierazi duenez, akordioaren testua idatzita daukate Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta ETS Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko teknikariek. «Ahaldun nagusiaren sinadura baino ez du falta», ohartarazi dute. Horregatik, erabaki dute Etxanoberi presio egitea. «Borrokan jarraituko dugu, gure aldarrikapenak bidezkoak dira eta. Bizkaiko populazio handiko eremu bakarra gara metro zerbitzurik ez duena», kexatu dira. Hain zuzen ere, 70.000 herritar bizi dira Bilbo hegoaldeko auzoetan.

Gorabehera asko izan ditu Bilbo hegoaldeko auzoetako proiektuak. Hasierako asmoa zen 3. linea Errekaldera ailegatzea eta Txurdinaga-Otxarkoaga inguruarekin lotzea. 2008an, ordea, bitan zatitu zen proiektua, eta erabaki 4. lineak emango zuela zerbitzua hegoaldeko auzoetan: Matiko-Moyua-Errekalde izango zuen ibilbidea. Nolanahi ere, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango den linearen, hau da. 5. linearen obrak ere aurrea hartu die, eta bizilagunen haserrea handituz joan da urteotan.

Azken urteetan aipatzen zutenaren arabera, Bilboko Abandoko geltokitik abiatuko zen trenbidea Irala eta Errekalde alderantz. Baina, iaz, Eusko Jaurlaritzak diputazioari proposatu zion hasierako ibilbideari eustea azkenean, hau da, hegoaldeko auzoak Moyuako geltokiarekin lotzea. Hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak uzkur hartu zuen aldaketa. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak esan zuen aztertuko zutela proposamena, baina baldintza garrantzitsu bat ipini zuen: linea horrek etorkizunean Enkarterriri ere zerbitzua ematea. Azkenean, erakunde biek ibilbide hori hobetsi zuten apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.