Etxeetako suteak prebenitzeko ke detektagailuak probatuko dituzte Busturialdean

Adinekoak eta herritar kalteberak bizi diren 2.450 etxetan baino gehiagotan ipiniko dituzte. Foru aldundiak, Busturialdeko Mankomunitateak, udalek eta Gurutze Gorriak bultzatu dute proiektua. Arrakasta badu, beste eskualde batzuetara hedatuko dute.

Bizkaiko foru suhiltzaileak, ke detektagailua ipintzen, gaur, Kortezubin. BERRIA
Bizkaiko foru suhiltzaileak, ke detektagailua ipintzen, gaur, Kortezubin. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Kortezubi
2026ko martxoaren 3a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemanian jada probatu dute, eta ikusi etxeetan ke detektagailuak ipinita suteek eragindako urteko heriotza kopurua %27 apaldu dela. Bizkaiko Foru Aldundiak ere probatu gura du sistema hori, eta Busturialdea aukeratu du horretarako: adinekoak eta herritar kalteberak bizi diren 2.450 etxetan jarriko ditu detektagailuak, gutxi gorabehera, mankomunitatearekin, udalekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean. Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuaren esanetan, probaren emaitzak aztertuta erabakiko dute ea Bizkaiko beste eskualde batzuetara ere zabalduko duten.

Kortezubiko Andikoetxe baserrian aurkeztu dute programa, goizean, Javier Legarzaren etxean. 85 urte ditu, eta proiektu «ona» iruditu zaio: «Aurrerapen teknologikoak beti dira onak». Legarza bakarrik bizi da, nahiz eta alaba alboko etxean duen. «Osasuntsu» dagoen arren, mugitzeko arazoak ditu adinaren ondorioz, eta uste du «seguruago» egongo dela detektagailuari esker.

Legarzarenean ez ezik, bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako beste 620 herritarren etxean ere ipiniko dituzte detektagailuak; udalek ordainduko dituzte, eta haiek ipini beharko dituzte. Horrez gainera, etxeko arreta zerbitzua jasotzen duten edo familian zaintzen dituztelako laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten herritarren etxeetan ere jarriko dituzte; guztira,1.250 bizilekutan. Horiei Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko die gailua, baina herritarrek eurek ipini beharko dute. Horretarako gai ez badira, Gurutze Gorriko boluntarioak joango zaizkie detektagailua jartzera. Ereñon, Arratzun, Ibarrangelun, Kortezubin, Muruetan eta Ajangizen udalek erabaki dute etxe guztietan ipiniko dituztela, bizilagunek zer adin duten eta zelan dauden kontuan hartu gabe. Beraz, Legarzaren alabak ere izango du detektagailu bat, Kortezubin bizi denez gero.

Bizkaiko Foru Suhiltzaileen Zerbitzuko inspektorea da Patxi Berreteaga, eta, hark azaldu duenez, gailu sinpleak dira, jartzen errazak, eta bizitza salbatu diezaiokete jendeari. Homologatuta daude, eta hamar urterako bateria dute. «Zinta itsaskor bat dute atzeko aldean, eta sabaian ipini behar dira, leku altuetan, keak gora egiten du eta», esan du Berreteagak. Kontatu duenez, arriskurik handieneko lekuak egongelak eta sukaldeak izaten dira, horietan egoten baitira sua pizteko moduko tresna elektriko gehienak. Baserrietan, tximinia ere arriskutsua izaten da. Lekurik arriskutsuenak, halere, logelak dira, loak hartzean zaila da-eta kea nabaritzea. «Detektagailua korridorean jartzea komeni da, kea gugana heldu aurretik antzeman dezan, eta guk logelatik entzuteko modua izan dezagun». Izan ere, gailuak soinu ozen baten bidez jakinaraziko du kea detektatu duela. Tresna horiek ez daude larrialdi zerbitzuetara lotuta, halere; beraz, herritarrek deitu beharko dute SOS Deietara, behin leku seguru batean dagoenean.

Informazio saioak

Programan parte hartuko duten herritarrek gutun bat jasoko dute etxean, jakin dezaten zer eta zelan egingo den. Eskualdeko udalerri batzuetan informazio saioak ere egingo dituzte, etxeko arriskuen gainekoak. Besteak beste, etxeko suteak prebenitzen irakatsiko diete partaideei. Gizarte zerbitzuen laguntza duten herritarren kasuan, zaintzaileen bidez banatuko dira detektagailuak. Bakarrik bizi diren adinekoek dagokien udaletxean jaso beharko dituzte.

Oro har, 65 urtetik gorako herritarrak dira kalteberenak etxeko suteei dagokienez. Estatistiken arabera, hiltzeko arriskua 30 eta 64 urte bitartekoena baino hiru aldiz handiagoa da 65 urtetik gorakoen artean. Kea edo gas toxikoak arnasteak eragiten ditu heriotza gehienak: hiru kasutik bitan, behintzat, hori izaten da arrazoia. Bakarrik bizitzeak nabarmen handitzen du arrisku hori: hiru halakotu egiten da sute batean hiltzeko probabilitatea. Heriotza gehienak neguan eta gauez gertatzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.