Bizkaia 1986tik da Europako Batasuneko kide. Ordutik, Bizkaiko Foru Aldundiak 459 milioi eurotik gorako finantzaketa lortu du. Gainera, azken urteetan Next Generation planeko 69 milioi ere egokitu zaizkio —dagoeneko 65,5 milioi jaso ditu—, eta Bizkaiko udal eta tokiko erakundeek ere 280 milioitik gora jaso dituzte. Beraz, 1980ko urteetatik 800 milioi eurotik gora jaso ditu herrialdeak Europako Batasunetik. «Europa funtsezkoa da Bizkaiaren garapenean. Europak Bizkaia eraldatzen lagundu du», esan du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak, goizean Europako lau eskualdetako ordezkariei Bilboko Foru Jauregian egin dien harreran.
Izan ere, gaur eta bihar Bizkaian izango dira Bruselako, Valoniako (Belgika), Turingiako (Alemania) eta Silesiako voivoderriko (Polonia) gobernuetako ordezkariak, Bizkaiak funts horiek zelan kudeatu dituen ikustera etorrita. Europako Batasunaren ekimenetan eta funtsetan eskualde mailako sarbidea eta errendimendua hobetzea izeneko proiektuaren parte da bisita. Diputazioaren esanetan, bisita horrek Bizkaia «erreferentziazko lurralde» bihurtzen du, «Europako funtsak kudeatzeko duen ikuspegi berritzaile eta estrategikoagatik». «Gure poztasuna adierazi nahi dugu Bizkaia jardunbide egokien adibide giza aitortua izan delako. Ea balio duen beste leku batzuetan prozesuak hobetzeko eta baliabide horiek herritarren onerako behar bezala erabiltzeko», esan du Etxanobek.
Europak diruz lagundutako hainbat proiektu nabarmendu ditu ahaldun nagusiak: Abantoko eta Zamudioko parke teknologikoak, Bilboko metroa, Euskalduna jauregia, Antomotive Intelligence Center, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, Batuz sistema, hiri arteko bizikleta bideak, ingurumen arloko proiektua, mugikortasun azpiegitura nagusiak, etxeko zaintza aringarrien arreta soziosanitarioa indartzea... «Herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak gara, eta Europako politikak benetako aurrerapen bihurtzen ditugunak. Horregatik defendatzen dugu bere eskualdeen zeregina aitortzen duen eta behetik gora eraikitzen den Europa bat». Etxanobek uste du «Europako balioak zalantzan daudenean» tokiko erakundeak direla «irtenbidearen parte».
«Une erabakigarria»
Ahaldun nagusiaren iritziz, Europako Batasuna «une erabakigarrian» dago, «kanpoko mehatxuengatik eta proiektua barrutik zalantzan jartzen duten diskurtso populisten gorakadagatik». Horren aurrean «integrazioa eta demokrazia sendoagoa» behar direla esan du. «Indartu egin behar ditugu lankidetza, gizarte kohesioa eta aniztasunaren errespetua».
Goizeko topaketan, Bizkaiko Foru Aldundiak Europako funtsak kudeatzeko eta bideratzeko dituen zerbitzuak erakutsi dizkiete bisitariei. Esaterako, orientazio bulegoaren nondik norakoak kontatu dizkiete. 2017an sortu zuten, herrialdeko udalei tokiko proiektuak Europako deialdietara aurkezten laguntzeko. Diputazioak azaldu duenez, bulego hori funtsezkoa izaten da oztopo burokratikoak gainditzeko eta funtsak kudeatzeko eta justifikatzeko zailtasunei aurre egiteko.