Europako Kontseiluko ordezkari Nerea Ahedok Europako Ohorezko Plaka eman dio Juan Mari Aburto Bilboko alkateari. Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak banatzen duen Europa saria lortzeko azken pausoa da Ohorezko Plaka eskuratzea. Bilbo da kontinenteko beste bost hirirekin batera Europa saria lortzeko hautagaietako bat: Kassel, Nagold (Alemania), Morawica (Polonia) eta Mollet del Valles (Herrialde Katalanak). «Bilbok Europako proiektuaren oinarri diren balioekin duen konpromiso irmo eta jarraitua saritzen du sariak: demokrazia, giza eskubideak, zuzenbide estatua, berdintasuna, aniztasuna, elkartasuna eta gizarte kohesioa», azpimarratu du alkateak, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan egin den ekitaldian. «Gu bat gatoz erabat balio horiekin, gure politika publikoak, nazioarteko harremanak eta bizitza komuna bideratzen dituztelako», gaineratu du.
Aburtoren esanetan, «Bilbo solidarioa eta nazioarteko lankidetzarekin konprometitua aintzatesten» du plakak. Bide horretan hiriak egindakoaren adibide batzuk ipini ditu: «Errefuxiatuei harrera eta lagun egin diegu, Ukraina eta Palestina babestu ditugu, eta nazioarteko erakundeekin batera garatutako hainbat lankidetza programatan inplikatua egon gara». Era berean, 2030 Agendari lotuta, Bilbo 2030 Coalition delakoaren Tokiko Idazkaritzaren egoitza dela gogoratu du. «Hiria garapen iraunkorraren erdigunean kokatu dugu».
Europako Kontseiluko kide diren estatu guztietako udalerriak izan daitezke Europa saria jasotzeko hautagai. Horretarako, baldintza hauek bete behar dituzte: Europarekiko konpromisoa, senidetze jarduerak bultzatu; hezkuntza, kultura eta kirol arloetan trukean jardun; Europa mailako ekitaldiak antolatu; udalerrietako edo toki administrazioetako erakundeetako kide izan; eta elkartasun ekimenak sustatu. Sariaren bidez, laguntza ematen diete Europa mailan ikusgaitasun handiagoa lortzeko eta beste batzuekin lotura berriak eratzeko.
Saria irabazi nahi duten udalerriek hainbat aitortza jasotzeko hautagaitza aurkeztu behar izaten dute, hurrenez hurren: Europako Diploma, Ohorezko Bandera, Ohorezko Plaka eta, azkenik, Europa saria. Sari bat irabazten dutenean, hurrengo mailako sarirako hautagaitza aurkeztu dezakete. Bilbok 2021ean eskuratu zuen Europako Diploma, eta 2023an Ohorezko Bandera; orain, Ohorezko Plaka lortu du.