Ezagun zutena ezagutzera

Euskal diasporako 50 gaztek Euskal Herrira etortzeko aukera izan dute Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoari esker. Arbasoen historian eta kulturan murgildu dira egunotan, eta euskara ikasteko eskolak ere eman dizkiete.

Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartu duten gazteak, Bilboko Euskal Museoan, joan den ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartu duten gazteak, Bilboko Euskal Museoan, joan den ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko uztailaren 7a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arbasoen etxera egin dute bidaia, itsasoz haraindiko lurretatik. Euskal diasporako 50 gazte Euskal Herrira etorri dira Goierriko (Gipuzkoa) eta Busturialdeko (Bizkaia) familia euskaldunekin hiru astez bizitzera. Uztailaren 29an heldu ziren Argentinako, Uruguaiko, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako eta Australiako gazteak, eta datorren asteko igandean itzuliko dira jaioterrira. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek antolatzen dute Gaztemunduri Ateak Ireki proiektua, eta euskal diasporako gazteek euskal kultura eta hizkuntza xeheago ezagutzea dute helburu. 

Argentinatik Euskal Herrirako bidaia luzea egin duten gazteetako bat da Paulina Zari Oribe, 21 urtekoa; lehen aldia du arbasoen lurraldean. Euskal kultura, ordea, ez zaio arrotza, umetatik izan baitu gertu. «Necocheako [Buenos Aireseko probintzian dago] Euskal Etxekoek jai bat antolatu zuten Argentinako gainerako euskal etxeekin 2005eko urtarrilean. Egun hartako argazki batean, amaren besoetan agertzen naiz, bi hilabete eskas nituela. Necocheako Euskal Etxea nire bigarren etxea da». Zariren arbaso euskaldunek XIX. mendearen hasieran egin zuten Iurretatik (Bizkaia) Argentinarako bidaia, eta euskal etxearen sorreratik Necocheako euskal komunitatean egon dira. Zarik gogora ekarri ditu euskal etxeko paretak betetzen dituzten argazkiak: «Nire familia euskal etxeak izan dituen aldaketa guztien lekuko izan dela frogatzen dute. Bizitzako unerik zoriontsuenak hor bizi izan ditut, eta ama, izeba, amona, birramona eta birraitona han hazi dira». 

«Euskal etxean bizi izan ditut bizitzako unerik zoriontsuenak, eta ama, izeba, amona, birramona eta birraitona han hazi dira»

PAULINA ZARI ORIBE Argentinako euskal diasporako kidea

Euskal etxean igaro duen denboragatik ez ezik, gastronomiagatik ere hurbildu zen euskal kulturara Zari, azaldu duenez. Amonarengandik heldu zitzaizkion jatekoaren inguruko irakaspenak, bera baitzen gehien kozinatzen zuena, eta baita noizean behin euskarazko hitzak erakusten zizkiona ere, Zariren arabera. Gainera, gogoratu du umetatik Euskal Herriaren inguruko istorio ugari entzun dituela: «90eko hamarkadan, amak programa honetan [Gaztemundun] parte hartu zuen; lehenetarikoa izan zen, eta leku eder honen [Euskal Herria] argazkiak ikusten hazi naiz. Ametsetako leku bat zela uste nuen txikia nintzela». Amaren pausoei jarraitzeak «emozioz betetzen» duela aitortu du.

Gaztemundu eta Ateak Ireki programak batzen dituzten lehen aldia da aurtengoa. Gaztemundu proiektua 1996. urtean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak. Harrezkero, euskal diasporako zortziehun gaztek baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan. Haietako bat da Zariren ama ere. Ateak Ireki, aldiz, duela hiru urte jarri zuen martxan Batzen kultur elkarteak, eta Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako euskal komunitateetako gazteentzat pentsatua egon da orain arte. 

(ID_16242911) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-07-02, Bilbo. Gaztemunduri Ateak Ireki programan euskal diasporatik Euskal Herrira etorr...
Paulina Zari Oribe, Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartu duten gazteetako bat, iragan ostegunean, Bilboko Euskal Museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Etxean nagoela sentitu nuen». Jonas Hartline Ansolabehera estatubatuarrak hitz horiekin deskribatzen du bere birraitonaren herrira, Bankara (Nafarroa Beherea), joan zeneko eguna. Kaliforniako Bakersfield hirikoa da, eta 2022an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira. Azaldu duenez, familiakoekin egin zuen bidaia, eta urruneko ahaideak ezagutzeko aukera izan zuen, baita birraitonaren etxea bisitatzekoa ere. 

Hartlinek azaldu duenez, bere birraitona artzain lana egitera joan zen AEBetara, eta artzaintza arloko «negozio gizon arrakastatsu» bihurtu zen. Bakersfielden ezagutu zuen emaztea, euskalduna bera ere, Eiheralarrekoa (Nafarroa Beherea). «Nire birramonak euskal artzainentzako ostatu batean egiten zuen lan, eta bertan egin zuten topo», azaldu du.

Pazko eguna eta euskal piknika

Bere familiak duen tradizio bat ekarri du gogora Hartlinek: urtean birritan Bakersfieldeko Euskal Etxera joatea, Kern County Basque Club-era, hain zuzen ere. «Pazko egunean egiten den jaialdira eta euskal piknikera joaten naiz urtero, eta meza bat izaten dugu. Meza horiek oso garrantzitsuak dira estatubatuar euskaldunentzat; oso katolikoak gara». Azaldu duenez, egun horietan barbakoa egiten dute, eta idi buztan gisatua eta arkumea jaten dituzte. Duela gutxi arte, ordea, familiaren historiaz «gutxi» hitz egin dutela aitortu du Hartlinek. Beraz, nabarmendu du «plazer handia» izan dela Euskal Herrira etortzeko aukera izatea. 

Euskal diasporako bi gazteek euskara ikasteko aukera ere izan dute egunotan. Lehendabiziko aldia izan da Hartlinentzat, eta urte batez ikasitakoa sakontzeko aukera Zarirentzat. Argentinarrak hizkuntzaren eta identitatearen arteko loturaren inguruan hausnartu du: «Oso dibertigarria da euskara ikastea: hitz askok mitologiarekin dute lotura, eta baita paisaiarekin ere. Leihotik begiratuz gero, Euskal Herriko paisaian aurkitu daiteke hitzen, abizenen eta esamoldeen jatorria, eta hori liluragarria da».

(ID_16242912) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-07-02, Bilbo. Gaztemunduri Ateak Ireki programan euskal diasporatik Euskal Herrira etorr...
Helene Gutierrez eta Saioa Rekondo, Bilboko Euskal Museoan argazki bat ateratzen, iragan ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU 

Egunotan bizitakoa azaltzean zirraratu egiten dira Zari eta Hartline. Distira dute begietan, eta irribarrea ahoan, baina ez dira bakarrak. Pozarren daude Alegiako (Gipuzkoa) Saioa Rekondo eta Lazkaoko (Gipuzkoa) Helene Gutierrez ere. Euskal diasporako gazteei etxean ostatu eman dieten Goierriko familietakoak dira biak, eta «gustura» egin dituzte egun hauetako gidari lanak. Rekondok aitortu du hasieran «pixka bat arraroa» iruditu zitzaiola ezagutzen ez zuen norbait etxean edukitzea, baina «segituan lagun egin» zirela erantsi du. Gutierrez, berriz, ohituta dago harrera familia izatera, aurtengoa hirugarren aldia baitu. Egunotarako planei dagokienez, ordea, iritzi bera dute biek. Elkar begiratu ondoren algara bizian azaldu dute: «Lesakako jaietara eramango ditugu hemengo jaiak zelakoak diren ikus dezaten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA