Euskal Ligako Bizkaiko klubek salatu dute desabantailan aritzen direla

Euskal Futbol Federazioak eta epaileen batzordeek hitzeman zieten partida guztietan hiru andrek osatutako epaile taldea egongo zela, baina Bizkaian jokatzen direnetan epaile bakarra aritzen da. Hiru herrialdeetarako baldintza berak exijitu dituzte.

Bea Arregi epaile bilbotarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bea Arregi epaile bilbotarra, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 17a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futboleko emakumezkoen Euskal Ligan parte hartzen duten Bizkaiko zazpi klubek salatu dute desabantaila daukatela Arabako eta Gipuzkoako kluben aldean. Izan ere, hiru herrialdeotako epaileen batzordeek eta Euskal Futbol Federazioak konpromisoa hartu zuten norgehiagoka guztietan hiru andrek osatutako taldeak egingo dituela epaile lanak, baina zazpigarren jardunaldiaz geroztik, Bizkaian ez dute bete agindutakoa. «Ez dugu ulertzen nola egin daitekeen erkidego mailako lehiaketa bat irizpide ezberdinekin, klub bakoitza zein lurralde historikotakoa den kontuan hartuta. Bizkaiko taldeok ezin dugu jokatu baldintza okerragoetan», ohartarazi dute sei klubek elkarrekin argitaratu duten agirian.

Asteburuan bederatzigarren jardunaldia jokatu dute. Bizkaian derbi bi jokatu ziren: Erandioko Betiko Neskak eta Bilboko Artizarrak taldeen artekoa, Erandion, eta Basauriko Indartsu eta Derioko klubaren artekoa, Basaurin. Lau talde horiek epaile bakarra izan zuten partidan. «Denboraldi honetan talde batzuek gehienez ere partida bi jokatu ditugu etxean epaile talde osoarekin, eta beste batzuek hiru», txarretsi dute.

7

Bizkaiko zenbat klub lehiatzen diren Euskal Ligan. Emakumezkoen Euskal Ligan hamasei klub lehiatzen dira, eta horietatik zazpi dira Bizkaikoak: Erandioko Betiko Neskak, Peña Athletic Santurtzi, Bilboko Artizarrak B, Derio, Basauriko Indartsu, Sestao River eta Arratia B.

Adierazi dute kezkagarria iruditzen zaiela halako egoerak andreen futbolean gertatzea beti. «Eskubide, baliabide, arreta eta aitortza berdintasuna aldarrikatzen dugu, bai gizonezkoen bai emakumezkoen beste lehiaketekin alderatuta». Argi utzi dute ez dutela tratu berezirik eskatzen, hartutako konpromisoak bete eta lehiaketa bereko talde guztiek baldintza beretan lehiatu ahal izatea baizik. «Babesik gabe sentitzen gara, eta uste dugu ez dugula jasotzen kategoria honetan Bizkaia ordezkatzen dugun klubok merezi dugun babes instituzionala».

Horregatik, Bizkaiko Epaileen Batzordeari eta Euskal Futbol Federazioari eskatu diote azal dezatela zergatik ez diren ari emandako hitza betetzen. Horretarako bilera bat eskatu dute, zazpi taldeen eta erakunde bien artean. Euskal Ligan aritzen diren talde guztientzat baldintza berberak exijitu dituzte, eta partida guztietan hiru emakumek osatutako epaile taldea egongo dela bermatzea. Bestela, erkidego osoko baliabideen banaketa berrikusteko eskatu dute: «Ezinezkoa bada Bizkaian partida guztietan hiru epaile izatea, lehiaketa osorako irizpide bateratu bat ezartzea aztertu beharko litzateke, eta beharrezkoa balitz, partida guztietan epaile gutxiago jarri». Diotenez, lurralde historiko bateko baliabide faltak ezin die herrialde horretako klubei desabantailarik ekarri.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA