Euskara ikastera datozen diasporako gazteentzako harrera familia bila dabiltza Busturialdean

Gaztemunduri Ateak Ireki programaren barruan, Argentinatik, Uruguaitik eta Australiatik etorriko dira 18 eta 25 urte arteko gazteak Bizkaira, ekainaren 27tik uztailaren 19ra.

Gaztemunduri Ateak Ireki programan iaz etorritako gazteak, Gaztelugatxera egindako bisitan. GAZTEMUNDURI ATEAK IREKI
Gaztemunduri Ateak Ireki programan iaz etorritako gazteak, Gaztelugatxera egindako bisitan. GAZTEMUNDURI ATEAK IREKI
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 28a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria ezagutu, euskara ikasi eta euskal kulturan murgildu. Diasporako gazteei aukera hori eskaintzeko sortu zen Gaztemunduri Ateak Ireki programa duela lau urte. Ordutik makina bat gazte etorri dira Gipuzkoako Goierrira. Aldiz aldi arrakasta handiagoa izan du, eta aurten Bizkaira ere zabaldu dute: Argentinatik, Uruguaitik eta Australiatik etorriko diren gazteak hartuko dituzte Busturialdean. Horretarako familia bila dabiltza. Dagoeneko badaude batzuk izena emanda, baina gehiago behar dituzte. Proiektuaren webgunean eman daiteke izena, edo ateakireki@ateakireki.eus helbidera idatzita. Edozein motatako familia izan daiteke: bikoteak, seme-alabak dituztenak edo pertsona bakarrekoak.

Ekainaren 27tik uztailaren 19ra arte egongo dira gazteok Euskal Herrian, eta Zornotzako Barnetegian euskara eskolak jasoko dituzte. Astegunetarako euskal kulturan murgiltzeko programa oso bat antolatu diete, eta harrera familietako gazteek ere parte ahal izango dute jarduera horietan: herri kirolak, zesta-punta, dantza eta sukaldaritza tailerrak, txangoak, itsasoko kirolak… Euskal Herria ezagutzeko egunpasak ere egingo dituzte: Donostiara, Bilbora, Iruñera eta Ipar Euskal Herrira joango dira Goierrin egongo diren gazteekin eta harrera familietako gazteekin batera. Asteburuetan, ostera, gazte bakoitza bere harrera familiarekin egongo da.

Guztira, 50 gazte etorriko dira hiru asteko egonaldia egitera Euskal Herriko familietara. 18 eta 25 urte arteko gazteak dira, euskal arbasoak dituztenak, eta gehienak euskal etxeetan ibiltzen dira. Goierrin egongo direnak AEBetakoak eta Kanadakoak izango dira, aurreko aldietan izan den legez. Haien esperientziatik ikusi dute harrera familia izatea diasporako gazteekin sareak egiteko eta harremanak sortzeko aukera ona dela. Aurreko edizioetako Goierriko harrera familietako gazteek Estatu Batuetan antolatzen diren udalekuetan begirale moduan parte hartzeko aukera izango dute aurten, eta asmoa da horrelako zubiak zabaltzea Argentinan ere Busturialdeko gazteentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA