Euskara, migratzaileen etxe

Bizkaiko Foru Aldundia migratzaile batzuekin bildu da, jakiteko zer oztopo dituzten euskara ikasteko. Euskaltegien ordutegia, sarean ikasteko eskaintza falta eta kaleko giro erdalduna aipatu dituzte, besteak beste.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, Bizkaian bizi diren hainbat migratzailerekin, gaur, Bilboko Euskararen Etxean. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, Bizkaian bizi diren hainbat migratzailerekin, gaur, Bilboko Euskararen Etxean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko martxoaren 4a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anna Moroz Ukrainakoa da. Gerrari ihesi, senarra eta biak Euskal Herrira etorri ziren. Gaztelania apur bat bazekien lehenagotik, sorterrian ikasi zuelako. «Heldu ginenean ohartu ginen hemen beste hizkuntza bat ere bazenutela. Beraz, senarra etxe bila hasi zen, eta ni, euskalduntzeko aukerak begiratzen. Online ikasi nahi nuen, denbora faltagatik erosoagoa zaidalako, baina ez nuen topatu halako ikastarorik. XXI. mendean edozer egin dezakegu Internet bidez, euskara ikasi izan ezik». Oro har migratzaileek «euskalduntzeko gogoa» dutela uste du Morozek, baina horretarako «zailtasunak» dituztela kontatu die Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuari. Agintari biak hainbat migratzailerekin elkartu dira gaur Bilboko Euskararen Etxean, migratzaileak euskarara gerturatzeko Zu ere euskaldun programaren barruan.

Hain zuzen, topaketaren helburua izan da etorkinek euskara ikasteko dituzten oztopoen berri bertatik bertara izatea. Gaur entzundakoa kontuan hartuta traba horiek gainditzen lagunduko dieten neurriak hartu gura ditu foru aldundiak. «Helburua bikoitza da: haien integrazioan lagundu eta euskaldunen komunitatea handitu», adierazi du Etxanobek. Uste du euskarak «integraziorako tresna» izan behar duela. Hainbat testigantza entzun ondoren, ohartu da trabak gainditzen lagundu behar dietela. Besteak beste, ordutegietara egokitzeko zailtasunak eta euskara ikastea doakoa izateko beharra aipatu dizkiote.

Alberto Galindo Asocolvas kolonbiarren elkarteko zuzendariak beste gako bat eman dio: euskararen kale erabilera. Kontatu duenez, euskararen garrantziaz konturatzen direnean, hainbatek izena ematen dute euskaltegietan. «Euskalduntzeko ahalegina egiten dugu. Baina ohartzen gara euskara ikasteko dugun aukera bakarra ikasgelan ematen dugun denbora dela: handik irteten garenean, inork ez digu euskaraz hitz egiten. Kalean ikusten dugu euskaldunek ere ez dutela erabiltzen, eta pentsatzen dugu guk ere ez dugula behar egunerokoan». Hori gertatu zitzaion Galindori, eta hasi eta urtebetera utzi zuen euskaltegia.

«Kalean ikusten dugu euskaldunek ere ez dutela erabiltzen, eta pentsatzen dugu guk ere ez dugula behar egunerokoan» 

ALBERTO GALINDO Asocolvas kolonbiarren elkarteko zuzendaria

Ostera, lan merkatura sartzeko euskara behar dutela ohartzen dira, hainbat lanpostu lortzeko hizkuntza jakitea eskatzen dietelako. «Ikasten hasteko ahalegina egin duzun arren, ez daukazu eskatzen dizuten maila, eta oztopo bihurtzen zaigula sentitzen dugu. Lehen lagun izan zitekeena, orain arerio bilakatu da», esan du kolonbiarren elkarteko buruak. Adibidez, Moroz medikua da ikasketaz, eta lanean hasi gura luke. «Paziente bat ondo artatzeko bere hizkuntza ezagutu behar dut; hemen badakit gaztelania eta euskara jakin behar ditudala», azpimarratu du. Lan eskaintza guztietan euskara eskatzen diotela esan du, eta ondo deritzo. Baina iruditzen zaio ez zaiela euskalduntze prozesua errazten.

Ezezagun

Asko dira Euskal Herririk denik ere jakin gabe iristen direnak. Adibidez, hori gertatu zitzaion Barakaldon bizi den Carolina Jimenez venezuelarrari. Horregatik, uste du ondo legokeela ezer baino lehen nora etorri diren eta hemen zer kultura dagoen jakinaraztea. «Azaldu behar digute euskara nondik datorren eta zergatik den garrantzitsua guk ere ikastea. Ez dakigunez, inposiziotzat hartzen dugu batzuetan». Etxanobek esan du «bertoko askok» ere ez dutela hizkuntzarekiko atxikimendurik, eta erakundeentzat erronka itzela dela hori aldatzea: «Ezin duzu norbait edo zerbait maite horretara behartu zaituztelako; hura maitatzeko arrazoiak dituzulako maiteko duzu, barrutik ateratzen zaizulako».

«Azaldu behar digute euskara nondik datorren eta zergatik den garrantzitsua guk ikastea. Ez dakigunez, inposiziotzat hartzen dugu batzuetan» 

CAROLINA JIMENEZ Barakaldon bizi den venezuelarra

Asocolvasekoek egiten dute lan hori Kolonbiatik iritsi berriak direnekin: euskarara gastronomiaren bitartez hurbiltzeko saioak eskaintzen hasi dira. Hala ere, iruditzen zaie batez ere euskaldunen lana dela hizkuntzaren garrantzia erakustea. «Zuretzat zer da euskara?», galdetu dio senegaldar katolikoen elkarteko Joao Gomesek Etxanoberi. «Euskara nire etxea da, eta lortu gura duguna da zuek ere zuen etxetzat hartzea», erantzun dio ahaldun nagusiak.

Migratzaileekin egon ondoren, euskaltegietako eta migratzaileekin lan egiten duten elkarteetako ordezkariekin bildu dira diputaziokoak. Ondoren, tresna berriak diseinatuko dituzte, Bizkaiko hainbat udalerritan probatzeko. Arrakastatsuak direnak lurralde osora hedatzeko asmoa dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.