Flow line ibilbidea eta ziklo-kros zirkuitua ireki dituzte Ollarganeko bizikleta parkean

Azpiegitura berri horiei esker, enduroa, jaitsiera eta ziklo-krosa ere egin ahal izango dira.

Manu Gomez Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea, Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua eta Ruben Sanz zirkuituaren diseinatzailea, txirrindulari batekin, gaur, Arrigorriagan. BERRIA
Manu Gomez Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea, Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua eta Ruben Sanz zirkuituaren diseinatzailea, txirrindulari batekin, gaur, Arrigorriagan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 19a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hostoa hazitako errekan nola, igualtsu joaten dira bizikletak flow line ibilbideetan, orografiaren gorabeherei esker. Jaitsiera, endurorako eta antzeko modalitateetarako dira aproposak. 1.640 metro luze den halako bide bat atondu du Bizkaiko Foru Aldundiak Arrigorriagan. Horrez gain, lurraldeko lehen ziklo-kros zirkuitu publikoa ere egokitu dute inguruan. Hala, bukatu dute Ollarganeko bizikleta parkea eraikitzen. Goizean inauguratu du Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak. Nabarmendu duenez, «erreferentziazko azpiegitura bat» izango da bizikletazaleentzat. Naturaz gozatzeko ez ezik, hainbat txirrindularitza modalitate praktikatzeko aukera ematen du, modu seguruan eta ordenatuan», nabarmendu du. 

Flow line berria Malmasingo mendiaren hegaletako batetik Ollarganeko metropoliko parkeraino doa. Etengabeko jaitsiera bat da. Bihurgune goratuak, jauzi txikiak eta eremu teknikoak ditu. Diputatuaren esanetan, esperientzia maila ertaina dutenentzat da aproposa. Ziklo-kros zirkuitua, berriz, 2,5 kilometro da luze, eta honako ezaugarri hauek ditu: pedalei eragiteko eremuak oztopoekin, eskailerekin, kurba teknikoekin eta desnibel txikiekin. Hala, lehiaketetan izan ohi dituzten antzeko baldintzetan entrenatu ahal izango dira txirrindulariak.

Txirrindulari bat, gaur, Ollargango Bike Parkeko flow line ibilbide berrian. BERRIA
Txirrindulari bat, gaur, Ollarganeko bizikleta parkeko flow line ibilbide berrian. BERRIA

Elementu bi horiek aurretik dauden beste batzuk osatzeko eraiki dituzte. Izan ere, 2025ean zabaldu zuten bizikleta parkea. Orduko hartan, 4,8 kilometro baino gehiago ipini zituzten erabilgarri, hainbat modalitatetarako egokituta: nazioarteko lehiaketetarako irizpideekin diseinatutako cross country olinpikoko zirkuitu bat, eta dirt jump gune bat, jauziak eta maniobrak egiten ingurune seguru eta kontrolatu batean ikasteko. «Parke hau ia bakarra da munduan, askotariko diziplinetan aritzeko aukera ematen digulako», esan du Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidente Manu Gomezek.

«Guztientzako lekua»

Harrezkero, herrialdeko hainbat txirrindulari eskolak, kirol klubek eta zaleek erabili dute, eta Bizkaian mendiko txirrindularitzan aritzeko erreferentziazko leku bihurtu da, Atutxaren esanetan. Entrenamenduez gain, bizikleta parkean nazioarteko kirol probak eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak bultzatutako prestakuntza jarduerak ere egiten dira.

Durangaldeko mankomunitateak laguntza handiagoa gura du berrizko belodromorako

Durangaldeko Mankomunitateak mozio bat onartu du foru aldundiari eskatzeko Berrizko belodromoarekiko konpromiso «irmoagoa» har dezala. Azpiegitura estaltzeko diru gehiago jar dezala gura du, eta ondorengo kudeaketan ere lidergoa har dezala. 

Idoia Otadui mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, proiektuaren kostu osoa 6,8 milioi eurokoa da, eta aldundiak 1,5 milioi finantzatzeko konpromisoa hartu du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du proiektuarekiko ardurarik hartu, eta, beraz, Otaduik ardura hartzeko eskatu dio. Izan ere, mankomunitateak uste du Berrizko belodromoa Durangaldetik kanpo ere intereseko azpiegitura dela, eta nabarmendu du bera bakarrik ez dela gastuei aurre egiteko gai, eskaintzen dituen zerbitzu publikoei kalte egin barik. Hiru erakundeek parte hartuko duten mahai bat osatzeko eskatu dute mozioan, proiektuaren exekuzioari eta etorkizuneko kudeaketari «elkarrekin» heldu ahal izateko. 

Gaiari lotutako mozio bi bozkatu zituzten bart mankomunitateko osoko bilkuran. Bata EH Bilduk eta hautetsi independenteek aurkeztu zutena da, onartutakoa. Bestea EAJk aurkeztu zuen, eta atzo goizean iragarri zuen, hainbat txirrindulari ezagunek lagunduta belodromoan bertan egindako agerraldian: mankomunitateari eskatzen zioten belodromoa estaltzeko proiektuari hel ziezaiola, horretarako dirua gordea duelako 2023tik. 

 

Gatazkarik ere sortu du, hala ere. Esaterako, martxoan parkeko seinaleak moztu eta bota egin zituen ezezagun talde batek. Sare sozialetan zabaldu zenez, Ollargan ingurura paseora joan ohi diren batzuk izan ziren. Izan ere, oinezko horiek salatu dute txirrindulariek jarrera arriskutsua izaten dutela, batez ere azkarregi ibiltzen direlako. Segurtasun falta sentitzen dute bereziki txakurrekin joaten direnek.

Diputatuak gogoratu du mendi publikoa dela Ollargan, eta «errespetuz» erabili behar dela, «guztientzako lekua egon behar delako». Txirrindulariei seinaleak eta erabilera arauak errespetatzeko eskatu die Atutxak, eta txakurrekin joaten direnei lotuta eroan behar dituztela gogorarazi die. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE