Hirugarrenean lortu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak BGP Bizkaiko Garraio Partzuergoaren oniritzia. Gaur egindako bilkuran %40ko deskontua otsailaren 20ra arte luzatzea onartu du herrialdeko garraio publikoaz arduratzen den erakundeak. Irailean iragarri zuen Etxanobek deskontuen luzapena, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran, Espainiako Gobernuak datorren urterako hartuko duen erabakia gorabehera. Neurri horren bidez, ahaldun nagusiak bizkaitarrak konpentsatu nahi ditu, 2025 hasieran kontu burokratikoengatik hainbat egunez deskontua indarrik gabe geratu zelako. Modu horretan, urte osoko deskontuez gozatuko dute.
Azaroaren 6an eta 12an ere bozkatu zuen BGPk Etxanoberen proposamena, baina ez zuen onartu. PSE-EEko ordezkariak ez dira alde egon, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko ordezkari jeltzaleek ere huts egin izan dute bilkura horietan; hala EAJ gutxiengoan utzi dute. Hainbat hedabideren arabera, sozialistek eta Jaurlaritzak zalantza juridikoak izan dituzte. Sozialistek uste dute Espainiako Gobernuak deskontuarekin jarraitzea onartu ezean Bizkaiak ezin dituela bere kasa luzatu. Etxanobek ukatu egin du zalantza juridikorik izan dutela, neurriak BPGko «teknikari juridikoen oniritzia» izan duelako «hasieratik».
Orain ere ez dago argi Espainiako Gobernuak deskontua luzatuko duen. Edozelan ere, Bizkaian otsailaren 20ra arte jarraituko dute ohiko bidaiek %40 merkeago izaten, eta, Espainiako Gobernuak iragarriko balu 2026an ere deskontuari eutsiko diola, Bizkaian indarrean jarraituko luke otsailaren 20a pasatuta ere. Â