Gatikako herri bideetan baimenik gabe lanean ibili izana salatu dute

Bizkaitik Frantziara itsasoz joango den goi tentsioko argindar kablearen lanek aurrera jarraitzen dute. Proiektuaren aurkakoek errekurtso bat aurkeztu dute udaletxean.

GATIKAKO AZPIESTAZIO ELEKTRIKOA
Gatikako azpiestazio elektrikoa, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Denbora batez proiektua geldirik egon ostean, Gatikatik Cubnezaisera (Gironda, Akitania Berria, Frantzia) joango den tentsio handiko kablea egiteko pausoak ematen hasi dira berriro. Gatikako bizilagunak, baina, erne dabiltza azken hilabeteotan, eta salatu dute «baimenik gabe» ari direla Gatikako herri bideak erabiltzen. Udaletxean errekurtso bat aurkeztu duInterkonexio Elektrikorik Ez herri plataformak, eta oraingoz obrak geldi dauela esan du Ekaitz Arbinaga plataformako kideak. «Dena dela, aurrerantzean ere adi egon beharko dugu; han jarraitzen dute kamioiek, hondeamakinek… Edonoiz hasiko dira berriro martxan».

Espainiako eta Frantziako estatuetako sare elektrikoen operadoreek —Red Electrica de España (REE) eta Reseau Transport d’Electricite (RTE)— osatutako Inelfe enpresak kudeatzen du proiektua. Zehazki, 2015. urtean hasi ziren martxan, eta Gatika eta Cubnezais artean itsaso azpitik joango den goi tentsioko argindar linea bat eraikitzea du helburu. 

Arbinagak azaldu duenez, REEk joan den uztailean atera zuen egokitzapen lanak egiten hasteko baimen administratiboa. Alabaina, horrek ez zien herri bideak zapaltzeko lizentziarik ematen: «Gatikako eta Mungialdeko jende asko ibiltzen da paseoan kamioiak, hondeamakinak… igarotzen diren herri bide horretatik. Begi bistan daude, eta herritarrok ikusi egiten dugu zertan ari diren».

«Gatikako eta Mungialdeko jende asko ibiltzen da paseoan kamioiak, hondeamakinak... igarotzen diren herri bide horretatik. Begi bistan daude, eta herritarrok ikusi egiten dugu zertan ari diren».

EKAITZ ARBINAGA Gatikako Interkonexio Elektrorik Ez plataformako kidea

Gatikan Lemoizko zentral nuklearrarentzat sortu zen azpiestazio elektriko bat dago, baina haren ondoan ari dira beste bat eraikitzen: lauzpabost hektarea hartuko ditu, eta hogei metro garai izango da. «Eraikin berrirako lursailak aspaldi erosi zituzten; beraz, han egin ditzakete nahi dituzten egokitzapenak. Herri bideetan, ordea, ez», zehaztu du plataformako kideak. 

Hori ikusita, herri plataformak errekurtso bat aurkeztu zuen Gatikako udaletxean. «Udalak esan die bide hori ezin dutela erabili, eta Ertzaintzak obrak geldiarazi ditu», azaldu du Arbinagak. Hala ere, «adi» daude oraindik herriko bizilagunak: «Ez gara ari kanpadenda batekin zaintzak egiten: ikusi eta entzun egiten ditugu. Beraz, erne gaude». 

Udalak ohartarazi du, ordea, administratiboki pauso guztiak ondo emanez gero herri bideak erabiltzeko baimena eman beharko diela enpresei. 

Oraingoz, geldi

Zehazki, Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko interkonexioa handitzea da proiektuaren helburua. Gaur egun dagoen konexioa halako bi izango litzateke, REEren arabera: 2.800 megawatteko gaitasuna du orain, eta 5.000 megawattera iritsiko litzateke. Hau da, ekoizpen gaitasuna %3tik %5era igaroko litzateke. Kableak 370 kilometro izango ditu, eta horietatik 280 joango dira itsasotik. Gainerakoan, hamahiru kilometro egingo ditu Gatikan, Maruri-Jataben eta Lemoizen, eta 80 kilometro Girondan.

Urte hauetan guztietan, proiektuaren kostua 1.750 milioi eurotik 2.850 milioira igaro da. Hasierako asmoa baino 1.100 milioi euro gehiago da hori —%62,8 gehiago—, eta arrisku tartea ere kalkulatu dute: 250 milioi eurokoa. Bi arrazoik eragin dute horrenbesteko gainkostua. Lehenik eta behin, Gatika eta Cubnezais artean Capbretongo ur azpiko arroila dago, eta horrek ezinezkoa egiten du hasierako nahia: tarte horretan kable elektrikoak urperatzea. Hala, Capbretonen kableak lurreratu egingo dira berriro, eta 40 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute Ozeano Atlantikora berriro itsasoratu aurretik. Bestetik, pandemiak, inflazioak eta egoera geopolitikoak lehengaien prezioak asko garestitzea ekarri du, baita eskulanarena eta energiarena ere.

Arbinaga, baina, «itxaropentsu» dago: «Proiektua pare bat urte atzeratuz gero, uste dut ez dela egingo. Ez da bideragarria». Oraingoz, esperoan geratu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.