Gaur irekiko dute Durangoko merkatu berritua

Guztira 11 postu izango ditu, baina, oraingoz, bost egongo dira zabalik: harategi bat, urdaitegi bat, zero kilometroko produktuak saltzen dituen denda bat, ozpinetakoak saltzen dituen beste bat, eta taberna bat.

Durangoko merkatu berritua, barikuan. BERRIA
Durangoko merkatu berritua, barikuan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 3a
06:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inaugurazio ofiziala zapatuan izango bada ere, gaur zabalduko ditu ateak Durangoko merkatu berrituak. Aurrerantzean, egunero egongo da zabalik, astelehenetik domekara, 08:30etik 21:00etara. Izan ere, merkatua ez ezik, aisialdiari eta kulturari lotutako jarduerak ere egingo dira han. Oraingoz bost postu egongo dira zabalik: harategi bat, urdaitegi bat, zero kilometroko produktuak saltzen dituen denda bat, ozpinetakoak saltzen dituen beste bat, eta taberna bat. 

Beste bost postu hutsik geratu dira, eta Durangoko Udalak beste lehiaketa bat antolatu du haiek adjudikatzeko. Arrandegi bat eta jakiak saltzeko beste lau denda dira. Interesa dutenek azaroaren 3tik 24ra izango dute izena emateko aukera.

Postuek egunero gutxienez bost orduz egon beharko dute zabalik, astelehenetik larunbatera. Arrandegia izango salbuespena: astelehenetan itxi ahal izango dute, gainontzeko arrandegiek bezala. Era berean, hilean arratsalde batzuk irekitzeko eskaera ere egin ahal izango die udalak geroago; bereziki eguenetan, egun horretan egingo baitira ekitaldiak edo jarduerak merkatuan.

Gunearen bueltan daude 11 postuak. Erdigunean eremu zabal bat utzi dute hutsik, eta hainbat gauzatarako erabiliko dute. Hain zuzen, erabilera anitzeko eremuak ditu merkatu berrituak, kultura jarduerak, tailerrak eta topaketak egin ahal izateko. Udalak gura du durangarren bizitza komunitarioa sustatzeko leku bihurtzea. Azaroan, baserritarren azoka ere merkatuan egingo da egun jakin batzuetan, proba modura. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.