Gaztelugatxe kudeatzeko erakunde arteko kontseilua sortu du Bizkaiko Diputazioak

Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua aholku emailea izango da, eta Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo da. Diputatuak esan du bisitari kopurua berraztertzeko prest dagoela.

Bisitariak Gaztelugatxen, 2021eko uztaileko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bisitariak Gaztelugatxen, 2021eko uztaileko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 11
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaztelugatxeko gune babestuaren kudeaketan zer esana duten erakundeen lana koordinatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortu du gaurko gobernu kontseiluan. Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan du «seguruenik» datorren astean egingo dutela lehen bilera. Orduan zehaztuko dute kontseilua zenbatero bilduko den. Oraindik ez du gai ordena erabakita.

Kontseilua aholku emailea izango da, eta Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo da. Organo horren zeregina izango da kide diren administrazioen interesak eta jarduerak koordinatzea. Kontseiluko lehendakaria diputatua izango da, eta Bermeoko eta Bakioko alkateek txandaka beteko dute lehendakariordetza. Kontseilua sortzea udal bi horien aspaldiko eskaera bat izan da. Izan ere, han eztabaidatuko eta adostuko dituzte, besteak beste, Gaztelugatxeren kudeaketa, erabilera eta ingurunea babesteko neurriak.

«Oreka lortzen saiatu beharko dugu. Alde batetik, foru aldundiaren interesa dago, biotopoa mantentzekoa, eta, beste aldetik, Bermeorena dago, euren jarduera ekonomikoa sustatzearena»

ARANTZA ATUTXA Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua

Gaztelugatxek izan ohi duen bisitari kopuruak kezkatzen ditu inguruko agintariak eta eskualdeko hainbat eragile. Atutxak uda honetako datuak eman ditu gaur: 280.000 lagun ingururi pasatu dira harrera gunetik ekainetik abuztura. Oporraldiko hiru hilabeteetan, gehienez, 1.462 bisitari sar daitezke eguneko; gainontzeko hilabeteetan 1.092koa da muga. Bermeoko Udalak «gehiegizkoa» irizten dio kopuru horri, eta txikitzeko eskatu du azken urteetan. «Ez da jasangarria», esan du sarritan Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak.

Atutxak azpimarratu du muga horiek 2019an egindako azterlan tekniko baten ondorio direla. Hala ere, gaurko agerraldian esan du prest daudela berriro ere Bermeoko Udalaren eskaera aztertzeko. Dena den, gogoratu du Bermeoko Udalak turistak bideratzen dituela Gaztelugatxera, herriko turismo bulegoaren bitartez. Adierazi du Bermeok «itzelezko hazkundea» izan duela turismo aldetik. «Herriarentzat aktibo garrantzitsua da Gaztelugatxe. Beraz, oreka lortzen saiatu beharko dugu. Alde batetik, foru aldundiaren interesa dago, biotopoa mantentzekoa, eta, beste aldetik, Bermeorena dago, euren jarduera ekonomikoa sustatzearena».

Hondakinak gutxitzeko

Beste erabaki batzuen berri ere eman du diputazioak eguenetako gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian. Berbarako, Bizkaia Repara kanpainaren bigarren aldia iragarri dute. Asmoa da erabili ezin diren etxeko produktuak konpontzea, erabiltzen jarraitu eta hondakin bihur ez daitezen. Horretarako, kanpainan izena eman duten dendetan egiten diren konponketak diruz laguntzen ditu diputazioak. Irailaren 15etik urriaren 6ra bitartean eman ahalko dute izena parte hartu gura duten negozioek. Herritarrek urriaren 5etik aurrera trukatu ahal izango dituzte bonuak. Atutxaren arabera, hainbeste hondakin ez sortzeko tresna ez ezik, tokiko merkataritza sustatzeko ere baliagarria da kanpaina.

298736634 202509111216397430688 27042
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua eta Arantza  Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA

Bizkaia Repara-ren lehen aldia urte hasieran egin zuten. Lortutako emaitza ona izan zen Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren esanetan: herritarren eskura ipinitako 5.000 bonuen %93 erabili ziren, 1.864 kontsumitzailek eta 94 saltokik hartu zuten parte, eta hamalau tona produktu inguru konpondu ziren. Beste era batera esanda: hamalau tona hondakin murriztu ziren. Batez ere, arropa, bitxiak, erlojuak, ordenagailuak, gailu teknologikoak eta oinetakoak konpondu zituzten. Joan den maiatzean Hondakinen Prebentzioaren Europako Astean saritu zuten Bizkaia Repara, era horretako beste 12.700 programaren artean.

Foru aldundiak gaur onartutako neurrien artean, Bilboko Molinos Vascos fabrika zaharraren estalkia berritzeko proiektua ere badago. Irin enpresaren jabe izandako ACSA sozietatearena da eraikina. Industria monumentu izendapena du 2009tik, eta erortzeko arriskuan dago, hainbat eragilek sarritan salatu dutenez. Jabeek neurririk hartzen ez dutela ikusita, foru aldundiak konponduko dio estalkia, modu subsidiarioan. 1,2 milioi euroren inbertsioa egingo du horretarako. Bederatzi hilabete iraungo dute lanek, eta datorren urtearen erdialderako amaituta egotea espero dute.

Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak esan du konponketa lan horiekin, ondarea zaintzeaz batera, aurtengo foru aurrekontuen negoziazioetan beste alderdi batzuekin hartutako konpromisoa ere betetzen duela diputazioak. Azaldu duenez, foru aldundiko teknikarien arabera, estalkia berritzea «nahikoa» da eraikinaren iraupena bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.