Zur lanketa; Argazkigintza: hastapena: Adimen emozionala eta osasun mentala; Emakumea eta zinea; Bitxigintza: metalen oxidazioa lantzen… Getxo Kultura Getxoko Udalaren kultura zerbitzuak 2025-2026 ikasturterako antolatu dituen ikastaroetako batzuk dira. Guztira, hamazortzi eskainiko ditu irailetik ekainera bitartean. Hiru dira euskaraz: arestian aipatutako bitxigintzakoa, gai berari buruzko beste bat eta Dantza garaikidea eta mugimendua izenekoa. Hori ikusita, Getxoko hainbat euskaldunek kexak ipini dituzte Hizkuntza Eskubideen Behatokian, Elebiden eta udalean bertan. «Ikusten dugu eskaintza ez dela batere orekatua; gaztelania lehenesten dela, eta horrek sekulako amorrua sortzen digu euskaldunoi», esan du Paul Bilbao Behatokiko kudeatzaile ohi eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohiak.
Algortan (Getxo, Bizkaia) bizi da, eta Behatokian ipini du kexa, erakundearekin izan duen loturagatik. Bilbaoren esanetan, Getxoko euskaldunek sentitzen dute «kanpoan uzten» dituztela. «Gero eta euskaldun gehiago gara, eta gure espazioak behar ditugu euskaraz bizitzeko». Hiru ikastaro dira euskaraz, eta haietako bi bertsuak direla azpimarratu du Bilbaok. Beraz, eskaintza are urriagoa da.
Oraingoz ez dute Getxo Kulturaren erantzunik jaso. «Spoilerra egingo dizut: esango digute ez dela jendea apuntatzen euskarazko ikastaroetara. Baina, eskaintzen ez baduzu, orduan seguru ez dela inor apuntatuko!».
«Ikusten dugu eskaintza ez dela batere orekatua; gaztelania lehenesten dela, eta horrek sekulako amorrua sortzen digu»
PAUL BILBAO Getxon bizi den euskalduna
Getxoko Udalera jo du BERRIAk, eskaintzaren inguruan berba egiteko. Getxo Kultura erakundeak idatziz eman ditu azalpenak. Udalaren kultura erakundeak azaldu du lizitazio bidez egiten duela tailerren eskaintza, legez horretarako behartuta dagoelako. Dioenez, 2021etik «ahalegin handia» egiten ari dira euskarazko eskaintza indartzeko; besteak beste, lizitazioetan euskarazko eta gaztelaniazko ikastaro kopuru bera eskatzen dute. Hala ere, azaldu dute lizitatzaileek aurkeztutako proposamenetan euskarazko ikastaroen eskaintza beti izaten dela txikiagoa.
«Euskarazko tailer kopuru handiagoa duten proposamenak bultzatzeko, azken horien alde egin dugu, ikasleen gutxieneko kopurua laura murriztuz —gaztelerazko tailerren kasuan, seikoa edo zazpikoa da, ikastaro motaren arabera—, hizkuntza eskakizuna aldez aurretik egiaztatzeko derrigortasuna kendu da eta hobari ekonomikoa ere eskaini da euskarazko tailerretarako», azaldu du udal erakundeak. Getxo Kulturak esan du datorren urtearen hasieran berriro saiatuko dela euskarazko eskaintza indartzen. Aurreikusia dute euskarazko ikastaro laburrak eskaintzea.
«Euskarazko tailer kopuru handiagoa duten proposamenak bultzatzeko, azken horien alde egin dugu»
GETXO KULTURA
Horrez gainera, Getxo Kulturak azpimarratu du udalak eta gainerako udal erakunde autonomoek ikastaro eskaintza «zabala» egiten dutela udalerrian, zuzenean edo diru laguntza bidez, herriko elkarteen laguntzarekin. «Euretako askok kultur, aisialdi edo entretenimendu arloko tailerrak eskaintzen dituzte euskaraz». Bilbaok ipini du horren adibide bat: bera kide den euskara elkarteak irakurketa kluba sustatzen du, eta Getxoko Udalaren laguntza jasotzen du. Horregatik ez du txarto ikusten Getxo Kulturaren irakurketa kluba gaztelaniazkoa izatea. «Kasu honetan euskalgintzarekin elkarlanean eskaintzen du euskarazko irakurketa kluba Getxoko Udalak, eta eredu horri ondo deritzot».
Eskaria sustatu
Bilbaok uste du eskaintza ezinbestekoa dela eskaria sortzeko: «Udalaren lana da ohiturak sustatzea eta sortzea». Iritzi berekoa da Uxune Iriondo ekintzaile feminista getxoztarra ere. «Ez baduzu lanketa bat egiten, ez baduzu bide bat jorratzen, ez duzu lortuko eskaria handitzea», egin du gogoeta. Iriondok ondo ezagutzen du Gurari Getxoko emakumeen etxeko egoera, eta, dioenez, Getxo Kulturakoaren parekoa da. Han ere eskaintza gehiena gaztelaniaz egiten dute. «11-12 ikastaro eskainiko dira aurten, eta uste dut bat edo bi baino ez direla euskaraz». Iriondok komunikatzeko moduan ere ikusten du eskaera faltaren arrazoia. «Nondik ematen dute eskaintzaren berri? Agian euskaldunok beste bide batzuk erabiltzen ditugu informatzeko. Agian ez ditugu gaztelaniazko hedabideak kontsumitzen».
«Nondik ematen dute eskaintzaren berri? Agian euskaldunok beste bide batzuk erabiltzen ditugu informatzeko»
UXUNE IRIONDO Getxon bizi den euskalduna
Iaz emakumeen etxean gertatutakoa kontatu du. Gogoan du orduan ere tailer bakarra zegoela euskaraz. Ezagun erdaldun batek esan zion izena eman zuela. Iriondo harritu egin zen, eta ezagunari esan zion euskaraz eskainiko zela ikastaroa, eta ez zuela ulertuko. Hala ere, ezagun hori joan egin zen ikastaroetara, eta ez zuela euskara ulertzen esan zion arduradunari. Beraz, gaztelaniara pasatu ziren. Halakoak udalaren erantzukizuna ez diren arren, udalak horiek saihesteko lan egin dezakeela deritzo Iriondok: «Izena ematen duen jendeari argi utzi behar dio ikastaroa euskaraz eskainiko dela, eta monitoreekin ere lan egin beharko du halako egoeretan gaztelaniara pasa ez daitezen».
Orain arte aipatutako eskaintza, oro har, helduentzakoa da. Baina Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illaroren esanetan, berdin gertatzen da umeentzat egiten den eskaintzarekin ere. Bera ere herrian bizi da, eta dagoeneko hainbat kexa ipini ditu. Dioenez, musika eskolan eta kiroldegian ez dute euskarazko eskaintza bermatzen haurrentzat. «Musika eskolak ele bitan izaten dira, horrek dituen ondorioekin. Gainera, ele bitan dela esan arren, batez ere gaztelaniaz izaten da». Gaineratu du badirela gaztelaniaz moldatzen ez diren umeak, eta deseroso egoten dira eskolak gaztelaniaz ere jaso behar izanda. «Euskaldunekiko eta euskararekiko gutxiespen bat dago», salatu du Illarok.