Bilboko Portu Agintaritzak gurutzaontzietan datozen bidaiarientzako hotela egin gura du Getxoko kirol portuan. Horretarako, Portuko Plan Berezia moldatu du, eta informazio publikora zabaldu. Getxoko Udalak, berriz, alegazioak aurkeztu dizkio planari. Ondorioz, hotela ezingo da Arriluzeko Naufragoen Etxea baino altuagoa izan. Gainera, udalak gura du hotela gutxienez eraikin bitan banatzea, inpaktu bisuala txikitzeko. Izan ere, garaiera mugatuta, arriskua ikusi du oso zabala izango den eraikin bakar bat sortzeko.
Egitasmoa beteko balute, lau izarrekoa litzateke hotel berria. Portuaren asmoen arabera, zortzi solairutan banatuta —26 metro garai litzateke eraikina—, 190 logela lituzke, eta horrek kezka eragin du herrian eta udalean ordezkaritza duten alderdien artean. EH Bildu, PP eta Elkarrekin Bizkaia aurka agertu dira, eta udal gobernuari eusten dioten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, zalantzak agertu dituzte. Amaia Agirre alkateak esan du ez daudela hotel bat egitearen aurka baldintza batzuk betetzen baditu.
Alvaro Gonzalez Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, «hirigintza arloko irizpide teknikoetan oinarritu» dira alegazioak prestatzeko. Agirreren esanetan, alegazioen asmoa ez da «soilik garaierak eta bolumenak arautzea, getxoztarren ondare den leku bat babestea baizik». Udalak gura du kirol portua «herritarren gozamenerako gune ireki eta integratua» izatea: «Gure lehentasuna da kirol portua topaleku, gozamen eta jarduera ekonomikorako gune izatea aurrerantzean ere, udalerriaren ingurunearekin eta bizitzarekin orekan egotea». Alkateak gogoratu du hauteskunde programan EAJk jasoa zuela herrian hotel berriak eraikitzeko asmoa, «etxebizitzari eragin gabe, hiri eredu orekatu, iraunkor eta ongizate kolektiboaren zerbitzuko baten alde».
Zaharberritzea, etenda
Getxoko kirol portua burua altxatu ezinik dabil aspaldian. Lokal gehienak zarratuta dauzka, eta azpiegiturak zaharberritzeko premia du. Biziberritu egin gura du udalak, eta, horretarako, lekuaren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen El Abra-Getxo Kirol Portua sozietate publikoak. Abra Getxo Port enpresak lortu zuen adjudikazioa urte hasieran, baina kontratua eteteko nahia iragarri zion bart El Abra-Getxo Kirol Portua sozietateari.
Getxoko alkatea da sozietate publikoko lehendakaria. Agirrek esan du teknikari juridikoa txosten bat egiten ari dela, eta haren arabera erabakiko dutela enpresaren eskaera onartu edo ez. Adierazi duenez, kirol portuak normal funtzionatzen jarraitzeko konponbideak lantzen ari dira. «Zerbitzua bermatuta dago, eta Getxorako eta Bizkairako funtsezkoa den azpiegitura horren etorkizuna seriotasunez, gardentasunez eta irmotasun instituzionalez kudeatzen jarraituko da».
Abra Getxo Port enpresak urtarrilean hasi behar izan zituen ingurua zaharberritzeko lanak, baina obra txiki batzuk baino ez ditu egin. Gainera, oraintsu jakin dute kirol portuaren eremu handi bateko lurrak kutsatuta daudela, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen txosten baten arabera, eta, eraikitzen hasi aurretik, garbitu egin beharko dituztela.