Gueñes eta Bilbo arteko autobus zerbitzua probatuko dute zapatu gauetan

Intermodaletik irtengo da, 03:00etan, eta Gueñeseko lau auzo nagusietan izango ditu geldialdiak. Autobusa erabiltzeko, aurrez izena eman beharko da.

Gueñes garraio enpresako autobus bat, Gueñesen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Gueñes garraio enpresako autobus bat, Gueñesen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 28a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren 7tik aurrera, Bilbo eta Gueñesko herrigunea, Sodupe, La Quadra eta Zaramillo lotuko dituen gaueko autobus zerbitzua ipiniko du martxan Gueñesko Udalak. Funtsean, garraio publikoan Bilbora joan eta etxera zelan itzuli ez duten herritarrentzat izango da zerbitzua. Autobusak 55 lagunentzako lekua izango du, eta 03:00etan irtengo da Bilboko Intermodaletik, zapatuetan. Udalerriko lau auzune nagusietan egingo du geldialdia. Izena emateko eta tiketak jasotzeko, Gueñesko udaletxera edo Sodupeko udal bulegora joan beharko da, otsailaren 2tik 6ra bitartean. Udala@guenes.eus helbide elektronikora idatzita edo 946-69 00 04 telefonora deituta ere egin ahal izango da eskaera. Udalerrian erroldatutako pertsona bakoitzak gehienez txartel bi erosi ahal izango ditu.

Azken asteetan udalerrian egindako entzute prozesuaren emaitza da zerbitzu hori. Udalak jakin gura izan du Gueñesko bizilagunek garraioari lotutako zer behar dituzten. Juan Andres Iragorri alkateak azaldu duenez, herriko gazteak eta helduak asteburuan zelan mugitzen duten jakin ahal izan dute inkestari esker. «Gaueko autobus hau martxan jartzea garraio zerbitzua hobetzeko, segurtasuna indartzeko eta aisialdi arduratsua errazteko modu bat da, ibilgailu pribatura jo beharrik gabe».

Udalak azpimarratu du zerbitzuan segurtasuna lehenetsiko dela. Horregatik, jarrera desegokiak edo ibilbidea arriskuan jar dezaketen egoerak daudenean, bidaiariak kalean uzteko aukera izango du gidariak. «Guztiontzako zerbitzu erabilgarria eta segurua izatea nahi dugu, eta arduraz erabiltzea», adierazi du alkateak.
Udalak zerbitzuaren bideragarritasuna aztertuko du. «Funtzionamendua, erabilera maila eta herritarren erantzuna kontuan hartuko ditugu, hobekuntzak edo zabaltzeak erabakitzeko», esan du alkateak. Zerbitzu berria udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE) Elkarrekin Podemosekin egindako akordio baten emaitza da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.