Gurutzaontzietako turistentzako hotelaren proiektuak kezka sortu du Getxon

Zortzi solairuko hotel bat eraiki gura du Bilboko Portu Agintaritzak Getxoko kirol portuan. Kosta Mugapea eta Getxoko Udaleko oposizioa proiektuaren aurka agertu dira.

Gurutzaontzi bat, Getxoko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Gurutzaontzi bat, Getxoko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko irailaren 19a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Portuak hotel bat zabaldu gura du Getxoko kirol portuan gurutzaontzietan datozen turistentzat. Portu Agintaritzak hasita dauka beharrezko tramite administratiboa. Izan ere, aste honetan argitaratu du Portu Erabileren Planaren aldaketa, hotela eraiki ahal izateko. Dena den, proiektu horrek traba handi bat gainditu beharko luke: Estatuko Portuen eta Nabigazio Zibilaren Espainiako Legeak debekatu egiten du Estatuko Portuak Espainiako erakunde publikoaren portuetan bizitzeko erabilera izan dezaketen azpiegiturak ipintzea.

Kosta Mugapeak ere proiektuaren aurkako txostena egin du, batez ere eraikinak izango lukeen inpaktu bisualak kezka sortzen diolako. Txostenaren berri izandakoan, Portu Agintaritzak Espainiako Estatuko Abokatutzara jo du babes eske. Kosta Mugapearekin duten talka horren gakoa zera da: Kosta Mugapeak dio itsasoari irabazitako gune hori ere itsasertza dela, baina Portu Agintaritzak uste du portua dela.

Oraingoz, Amaia Agirre Getxoko alkatearen oniritzia du proiektuak. Iragarri du sakon aztertuko dutela aldaketa, proiektuaren nondik norakoak ezagutu, eta, egoki iritziz gero, alegazioak aurkezteko. Hala ere, adierazi du udala bat datorrela hotela eraikitzeko asmoarekin, eta legealdiko planean herritarrekin hartutako konpromiso baten ondorio dela. Hain zuzen, udalerrian ostatu ahalmena handitzeko beharra dagoela dio udal gobernuaren planak, eta hori ahalbidetzeko asmoa dago jasota.

Dena den, nahiz eta legealdi planak hori esan, udal gobernuaren babesa ez da erabatekoa. EAJ eta PSE-EE daude elkarrekin. Sozialistek esan dute babestuko dutela baldin eta proiektua ez bada «aberrazio eta zentzugabekeria hutsa». PPk ere sozialistek erabilitako berbak erabili ditu proiektuaz hitz egiteko, baina ez du zalantzarik agertu: «Ez dugu halako aberraziorik babestuko», ohartarazi dute. Hotelaren datuak ez dira edonolakoak. Lau izarrekoa litzateke. Zortzi solairutan banatuta —26 metro garai litzateke eraikina— ,190 logela lituzke.

Turismo eredua, zalantzan

EH Bilduri ere ezinegona sortu dio berriak, eta proiektua bertan behera uzteko eskatuko du iraileko osoko bilkuran —hilaren 25ean egingo dute—. Eskaerak hiru aldarrikapen nagusi izango ditu: koalizioak gura du Bilboko Portu Agintaritzak gurutzaontzien turismoa sustatzeari utz diezaiola; ez du gura Getxoko kaia ontzien lotarako portu bihurtzea, eta gura du udalak proiektuari alegazioak aurkeztu diezazkiola, bertan behera geratzeko.

Koalizioak kezka agertu du gurutzaontzien turismoak herrian duen eraginagatik. Portu Agintaritzak berak emandako datuak dira: aurten, 90 gurutzaontzi baino gehiago lehorreratuko dira Getxon, eta 150.000 turistatik gora ekarriko dituzte. EH Bilduk ohartarazi du ezezaguna dela turismo mota horren eragina, ez delako ikertu: «Ez dakigu zein den haren ekarpen ekonomikoa. Badakigu gurutzaontzi gehienak ordu batzuk baino ez direla egoten portuan, eta bisitari askok zerbitzu eta otordu guztiak ontzian bertan izaten dituzte ordainduta».

Itsasontzi horiek kostaldean eragiten duten kutsadura ere azpimarratu du koalizioak. «Askotan aipatu da gurutzaontziak direla garraiobiderik kutsakorrena: milaka autok baino sufre toxiko gehiago isurtzen dute». Azkenik, turismo mota horren eragin sozialaz ohartarazi dute, eta bultzatu dezaketen turisfitikazioaren eta gentrifikazioaren inguruko kezka agertu dute. Berbarako, EH Bilduk uste du gurutzaontzietan etortzen diren turistek zerikusia dutela Bilboko Zazpikaleetako gentrifikazioarekin. Gogoratu dute udan gurutzaontzietako autobusek trafiko arazoak sortu dituztela Algortan, eta metroan ere pilaketak izan direla turistengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.