Bizkaitarren iritzi publikoa, oro har, egonkorra izaten da, inkestetan ikusten denez: aldian-aldian, antzeko balorazioa egiten dute. Aldatzen den bakarrenetakoa herrialdeak dituen arazoen zerrenda izaten da, eta azken urtean bada bereziki nabarmentzen ari den bat: etxebizitza. Gaur foru aldundiak kaleratu duen Bizkaiko Iritzi Publikoaren Azterketaren arabera, hamar herritarretik seik uste dute Bizkaiak duen arazo larriena dela. Azken urteetan egindako azterlanen emaitzei erreparatuta, orain arte ez da egon horrenbesteko adostasunik lortu duen beste arazorik.
Ikusi gehiago
Etxebizitzarekin batera, enpleguari eta segurtasunari lotutakoak ere nabarmendu dituzte bizkaitarrek, baina pisu txikiagoa zuten. Hiru horiek daude zerrendaren goienean, bai herrialdeaz galdetzean, bai nork bere udalerrikoez berba egitean. Hala ere, %86k 7tik gorako nota ipini diote herrialdeko bizi kalitateari. Gizaker enpresak egin du azterlana, maiatzaren 25etik ekainaren 10era telefonoz egindako 3.000 elkarrizketarekin.
Herrialdeko ekonomiari 6,3ko nota ipini diote; hamarretik seik esan dute datorren urtean ere berdintsu jarraituko duela egoerak, baina hiruk uste dute okerrera egingo duela. Enpleguari 6ko nota ipini diote. Oro har, bizkaitarren erdiak baikorrak dira etorkizunera begira: emakumeak eta 18-24 urte artekoak dira itxaropentsuenak.
%42Etxean politikaz zenbatek egiten duten berba. Bizkaitarren gehiengoak ez du politikaz hitz egiten etxean; soilik %42k aipatzen dute gai hori etxekoekin. Gehien 18 eta 24 urte artekoek egiten dute berba; gutxien, berriz, 65 urtetik gorakoek.
Aldarteaz ere galdetu diete, eta hamarretik zazpik poza, lasaitasuna eta ilusioa sentitzen dute. Zoriontsuenak 18 eta 24 urte artekoak dira: ia denek erantzun dute pozik bizi direla. Oro har, gutxik esan dute haserrea, beldurra eta nazka sentitzen dituztela, baina hiru sentsazio horiek 25 eta 34 urte artekoek aipatu dituzte gehien.
Bizkaitarren ia erdiek ez dute inoiz greba batean parte hartu, inkestaren arabera, baina, adinaren arabera, badago aldea: 18 eta 24 urte artekoen erdiek greba egin dute azken urtean eta 25 eta 34 urte artekoetan hamarretik lauk. Gainontzeko adin tarteetan, ostera, kopuruak oso apalak dira. Manifestazioei dagokienez, azken urtean %37 joan dira gutxienez batera.

Bizkaitarren %58k uste dute gobernu baten erantzukizun garrantzitsuena pertsonen askatasun eta eskubideak bermatzea dela; %29k erantzun dute gizartean segurtasuna eta ordena bermatzea izan beharko litzatekeela egiteko nagusia. Oro har, konfiantza dute erakundeengan, nahiz eta inkesten sorta luze bat hartuta, beherakada txiki bat nabaritzen den denborak aurrera egin ahala. Zenbat eta gertuagokoa izan erakundea, orduan eta konfiantza handiagoa. Gainditu dute, esaterako, foru aldundiak , Eusko Jaurlaritzak , norbere herriko udalak eta Ertzaintzak. Ostera, justizia sistemak, Europako Batasunak, Espainiako Gobernuak, Elizak, alderdi politikoek eta komunikabideek 5etik beherako nota lortu dute. Adinari erreparatuta, gazteenek ematen dizkiete notarik onenak Elizari, Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei.
%51Zenbat bizkaitarrek egiten dieten boikot produktu batzuei. Inkestaren arabera, herritarren erdiek produktu batzuk erosteari utzi diote azken urtean arrazoi politiko, etiko edo ingurumenari lotutakoengatik. Herritarren erdiek ere arrazoi horiengatik lehen erosten ez zituzten produktu batzuk hasi dira erosten.Â
Ahaldun nagusiari buruzko galdera beste modu batera egin dute: orain arte nor den galdetu izan dute, baina oraingoan Elixabete Etxanobe ezagutzen duten galdetu dute. Beste inkesta batzuekin alderatu ahal izateko egin dute aldaketa, eta horrek honako emaitza hau ekarri du: ezagutza %52tik %61era igo da azken sei hilabeteetan. Haren lanari 6ko nota ipini diote, duela sei hilabete baino hamarren bat gutxiago.
Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiei dagokienez, EAJk —5,6— eta EH Bilduk —5,5— baino ez dute gainditu. Gizonezkoek hobeto baloratu dute EH Bilduren lana eta emakumeek jeltzaleena. Adinari dagokionez, gazteek koalizioari ipini diote nota hobea, eta adinean gora daudenek EAJri. Inkestan parte hartu dutenen %33k jeltzaleengan du konfiantza eta %24k EH Bildurengan. %38k gertuago sentitzen dute EAJ, eta %36k, berriz, EH Bildu. %2k baino ez dute aipatu Vox, baina 35 eta 44 urte artekoetan %5era igo da kopuru hori.
Herritarren %63k uste dute Bizkaiko egoera politikoa ona edo oso ona dela. Erdiek interes nahikoa edo handia dute politikarekiko, baina laurdenek ez dute batere interesik. Politikarengandik zerk aldentzen dituen galdetuta, hamarretik lauk esan dute politikariek ez dutela hitzemandakoa betetzen eta gezurrak esaten dituztela.