Bizkaiko Batzar Nagusiak gaur berrituko balira, EH Bilduk lau puntuko igoera izango luke, hamar boto emailetik ia hiruren babesa lortuta. Ondorioz, batzarkide bat edo bi gehiago eskuratuko lituzke, guztira hamasei edo hamazazpi, alegia. Gizaker azterketa etxeak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egin duen inkestaren arabera, bozak orain eginez gero, herrialdeko lau barrutietan egingo luke gora koalizioak, baina bereziki Busturia-Uriben eta Enkarterrin; bietan ia bost puntu. Hain zuzen, iragarpenak beteko balira, EH Bilduk bermatuta edukiko luke Enkarterrin batzarkide bat gehiago lortzea. Jokoan duen bestea Bilbokoa litzateke.
Maiatzaren 25etik ekainaren 10era telefonoz egindako 3.000 elkarrizketaren emaitza da inkesta. Hartan bildutakoak beteko balira, jeltzaleek izango lukete gehiengoa, orain baino batzarkide bat gehiago lortuta —24 guztira—, baina, halere, beste bi beharko lituzkete gehiengo osoa lortzeko. 2023ko hauteskundeekin alderatuta, hamarren bat baino ez luke egingo gora: %39,2tik %39,3ra. Gainontzeko alderdiek behera egingo lukete boto eta batzarkide kopuruan. PSE-EEk eta PPk bana galduko lukete, inkestako iragarpena betez gero: zazpi eta bi lortuko lituzkete, hurrenez hurren, biek ere bi puntu inguru galduta. Egungo Elkarrekin Bizkaiaren lekuan bi aukera ageri dira: inkestaren arabera, Elkarrekin Podemosek ez luke ordezkaririk izango edo bati eutsiko lioke, eta Sumarrek ez luke batzarkiderik izango. Baliteke Vox lehenengoz Bizkaiko Batzar Nagusietan egotea, botoen %3,1 bilduta.
Barrutiei erreparatuta, galdeketako aurreikuspenak betez gero, jeltzaleek gora egingo lukete Bilbon, puntu eta erdi zehazki. Bizkaiko hiriburukoa litzateke taldera gehituko luketen batzarkide. Enkarterrin hamarren bat baino ez lukete egingo gora. Arratia-Durango eta Busturia-Uribe barrutietan, ostera, pisua galduko lukete jeltzaleek: botoen %39,1 bilduko lituzkete Arratia-Durangon, eta %41,9 Busturia-Uriben. Hain zuzen, bi eremu horiek eztabaida politikoen erdigunean egon dira azken urteetan, batez ere Busturialdea, Urdaibaiko Guggenheimen auzia dela medio.
Sozialisten beherakadarik nabarmenena, berriz, Enkarterriko barrutian gertatuko litzateke, inkestan islatutakoak betez gero. Hartan daude Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko udalerriak. Historikoki, sozialistek indar handia izan dute bai Meatzaldean eta bai Ezkerraldean, baina, azken urteetan, jeltzaleek aurrea hartu izan diete, eta ezker subiranista lanketa berezia egiten dabil han. Iker Casanova EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaileak sarri esan du haien erronka nagusia metropolian indartzea dela.
PPk, berriz, nagusiki Bilbon galduko lituzke botoak, hauteskundeak orain egingo balira. Hain zuzen, hiriburuan izango luke Voxek indar handiena, botoen %5,6 eskuratuta —orain baino bi puntu gehiago—. Enkarterrin ere indartuko litzateke eskuin muturra, boto kopurua ia bi halakotuta: herritarren %4,2ren babesa lortuko luke.