Hartu-emanaren erakusleihoa

Eguenean zabalduko ditu ateak Durangoko 59. Azokak. 'Hartzea ematea DA' lelopean, 933 nobedade aurkeztuko dituzte aurten.

Hainbat bisitari, iazko Durangoko Azokan, Landako gunean. JON URBE / FOKU
Hainbat bisitari, iazko Durangoko Azokan, Landako gunean. JON URBE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Euskal kulturaren aterpe bihurtuko da datozen egunetan Durangoko Landako gunea: eguenean hasi eta abenduaren 8ra bitarte, Durangoko 59. Azoka egingo dute. Hartzea ematea DA leloa izango du aldi honek, eta askotariko 933 nobedade aurkeztuko dituzte. Udatxo eta Balu artistek ondu dute kartela: euskal kulturaren erreferenteen irudiekin eta azokako aurreko urteetako kartelen zatiekin hainbat geruzaz osatutako artelana egin dute.

Denera, 274 erakusmahai jarriko dituzte Landako gunean  —iaz baino hamazazpi gehiago—. Besteak beste, 639 liburu, musikari lotutako 216 lan, 47 aldizkari eta bestelako 31 argitalpen izango ditu eskuragarri bisitariak. Landako gunetik harago ere, eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneak egongo dira. Guztien artean, berrehun kultur ekitaldiko programa osatu dute.

Egunero, 10:30etik 20:00etara irekiko ditu ateak Landako guneak; igandean izan ezik: 18:00etan itxiko da azoka. Eguenean egingo dute Ikasle Eguna: Euskal Herri osoko berrogei ikastetxek eman dute izena egun horretako ekitaldietan parte hartzeko. Bezperan, berriz, abenduaren 5ean, Gazte Eztanda egingo dute, hirugarrenez: gazteentzat erakargarri izan daitezkeen ekitaldiak prestatu dituzte.

Bisitariei garraio publikoan joateko deia egin diete antolatzaileek. Edonola ere, aurreko urteetan egin legez, doako autobus zerbitzuak jarriko dituzte Landako gunetik urrunen dauden aparkalekuetara.

Nobedadeen artean, Bizkaiko artisten hainbat lan egongo dira erakusgai. Hona hemen horietako lau.

Ander Goitia - Toc musika taldeko baxu jotzailea.

«Gure erosotasunetik aldentzen saiatzen gara gauza berriak konposatzerakoan»

TOC
Ander Goitia, Aitor Etxebarria, Xabi Bilbao eta Mikel Bilbao, Toc taldeko kideak, artxiboko argazki batean. MARIA MURIEDAS

Euskal musikaren eszenan leku handia hartu du Mungiako Toc musika taldeak. 2016an sortu zuten taldea, eta 2019an kaleratu zuten Badau estreinako EPa. Haren ondotik etorri ziren Zidazun hamabi kantuko disko luzea, 2021. urtean, eta Bat barik ez dauz bi EPa, 2022an. Urte hauetan guztietan, soinu propioa garatu du taldeak, eta, Ander Goitia baxu jotzailearen (Mungia, 1998) esanetan, esentzia hori mantentzen ahalegindu dira Jaioak hiltea zor lan berrian ere. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, eta Ahotsenean emango dute lehen kontzertua, abenduaren 7an, 19:10ean.

Jaioak hiltea zor diskoa kaleratu duzue Durangoko Azokarako. Zer-nolako diskoa da?

Bidaia baten moduan planteatu dugu lan berria. Abesti bakoitzarekin oso gustura geratu bagara ere, iruditzen zaigu hasieratik amaierara entzuteko disko bat dela. Abestiez gainera, interludeak edo pasarte musikalak sartu ditugu.

Berritasunik izango du aurreko lanekin alderatuta?

Sormena elikatzeko helburuagaz, gure erosotasunetik aldentzen saiatzen gara gauza berriak konposatzerakoan. Bigarren lan luze honetan elementu kontrajarriak bateratzen ahalegindu gara, hori izango baita diskoaren kontzeptu orokorra: soinu baliabide prozesatuak eta organikoak kontrajarri ditugu.

Abenduaren 7an aurkeztuko duzue Ahotsenean. Lehen kontzertu hori Durangon eta azokan egitea berezia da?

Bai. Formatu berezia izango du kontzertuak, Ahotseneko kontzertuak ordu erdi batekoak izaten direlako. Beti nabaritu izan dugu gure proiektuek indar handia izaten dutela Durangoko Azokan, eta zer esanik ez kontzertua emateko aukera izanda. Beraz, bai, oso berezia da guretzat.

Digitalizazioaren eraginez, behera egiten ari da euskarri fisikoaren salmenta. Zer-nolako eragina du horrek zuentzat? 

Gure kasuan, digitalizazioaren aroan sortu zen Toc. Ondorioz, diskoen salmenta ez da inoiz ere izan gure diru iturri nagusia. Bestelako bide batzuetatik lortzen ditugu diru sarrerak; kontzertuetatik, adibidez.

Egunero egongo zarete azokan. Musikari moduan, zer eskaintzen dizue Durangoko Azokak?

Gure lana erakusteko aukera ematen digu azokak. Disko berria, kamisetak eta orain arteko lanak izango ditugu salgai, baina, gehienbat, gure musika eskaintzeko gogoz gaude.

Izaskun Gracia Quintana - Idazlea.

«Nahi nuen hori kontatzeko modu berri bat bilatu behar izan dut»

Izaskun Gracia Quintana idazlea, urriaren 14an, Donostian, 'Basokoa' eleberria aurkezten. GORKA RUBIO / FOKU
Izaskun Gracia Quintana idazlea, urriaren 14an, Donostian, 'Basokoa' eleberriaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU

Urrian kaleratu zuen Basokoa eleberria Izaskun Gracia Quintanak (Bilbo, 1977), Alberdania argitaletxearekin. Idazleak euskaraz publikatu duen lehen nobela da, eta pozik dago. Familiaz eta naturaz «kontatzen ez dena» kontatu du eleberrian. Abenduaren 7an Durangoko Azokako Ahotsenea gunean aurkeztuko du liburua, 17:00etan.

Basokoa eleberria aurkeztuko duzu Durangoko Azokan. Zer kontatzen da liburuan?

Beldurrezko eleberri bat da. Hodeitza eta Nahia ahizpak orain dela gutxi hil den amonaren baserrira joango dira, lekua hustera, baina ohartuko dira baserritik gertu dagoen basoan zerbait dagoela euren zain. Familiaren gorabeherak kontatzen diren bitartean, familiak urte askoan pilatu duen zorra kitatzen saiatuko dira bi ahizpak.

Aurrez, poesia idatzi izan duzu zuk. Zerk bultzatu zaitu nobela bat idaztera?

Bai, nire ibilbidean poesia landu izan dut gehienbat, baina bi ipuin bilduma ere badauzkat argitaratuta. Uste dut bilakaera logikoa izan dela: prosa idazten hasita, eleberria lantzen da lehenago edo beranduago.

Euskarazko lehen liburua duzu. Nolatan animatu zara euskaraz idaztera?

Erronka bat izan da niretzat. Eleberriak eta ipuinak oso desberdinak dira elkarren artean, eta aurrez testu laburren bat edo beste euskaraz idatzi izan badut ere, hau izan da nire lehen testu luzea. Nahi nuen hori kontatzeko modu berri bat bilatu behar izan dut, nire ongizate eremutik at geratzen zena. Zaila izan da, baina uste dut lortu dudala.

Aurten estreinakoz arituko zara Durangoko Azokan. Zer moduz zaude? 

Gogotsu eta urduri. Orain arte, irakurle gisa joaten nintzen Durangoko Azokara, baina orain ni neu liburua aurkezten aritzea oso berezia eta hunkigarria da. Atzerrira bizitzera joan nintzenetik ez naiz azokan egon [Berlinen bizi izan da azken urteotan]. Giroaz gozatzeko gogo handia dut.

Idazle moduan, zer eskaintzen dizu Durangoko Azokan egoteak?

Irakurleengana heltzeko aukera, batetik: irakurleek zure liburua ezagutzea eta haiekin hitz egiteko aukera izatea oso polita da. Horrez gainera, beste idazle batzuekin topo egitea, nobedadeak ezagutzea eta irakurtzeko zaletasuna elikatzea ere oso garrantzitsua da.

Ane Berriotxoa - Zinemagilea.

«Nire lana modu indibidualean erakusteko aukera ematea pribilegio bat da»

Ane Berriotxoa zinemagilea lanean, ezkerrean, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Ane Berriotxoa zinemagilea, erdian, lanean, artxiboko irudi batean. ANBOTO

Bisitari bezala urtero joan den arren, aurten aurkeztuko dute estreinakoz Ane Berriotxoa zinemagilearen (Zornotza, 1995) lan bat Durangoko Azokan: Nire amaren etxea. Abenduaren 6an proiektatuko dute, 11:00etan, Zugaza aretoan. Filmaz gainera, azokan egongo diren hainbat artistaren bideoklipak ere zuzendu ditu.

Nire amaren etxea ikus-entzunezkoa proiektatuko dute Durangoko Azokan. Zer lantzen da filmean?

Amaren eta alabaren arteko harremana kontatzen da: batak besteari zein geure buruari barkatzeari buruzko istorio labur bat da. Adin jakin batera iristerakoan, niri eta ingurukoei gertatu zitzaigun konturatu ginela gure ama pertsona oso bat zela, ez gure ama bakarrik. Hausnarketa horretatik sortu zen istorioa.

Iruditan eman baino lehen, idatzita aurkeztu zenuen testua. Nolatan eraman duzu pantaila handira?

Leku beretik abiatzen dira biak, baina, berez, bi kontu desberdin dira. Amona hil zenean osatu nuen argazki liburua. Haren etxea husten aritu ginen bitartean, argazkiak atera nituen hutsune hori irudietan islatzeko. Ikus-entzunezkoa ere etxe horretan grabatu genuen, baina gauza desberdinak lantzen dira. Pertsonaia eta oso erreala da liburua, eta fikzioa, ikus-entzunezkoa.

Filmaz gainera, euskal artisten bideoklipak landu dituzu: Olatz Salvador, Olaia Inziarte, Janus Lester... Desberdina da lan egiteko modua?

Bai, lengoaia oso desberdinak dira. Film laburren prozesua askoz ere luzeagoa da, askoz ere introspektiboagoa. Bideoklipek aukera ematen didate beste erritmo batean lan egiteko, beste gauza batzuekin esperimentatzeko, estetikarekin jolasteko... Asko gozatzen dut; beste modu batean lan egiteko aukera ematen didate.

Artista horiek nola izan dute zure berri?

Hala suertatu dela esango nuke. Artista batzuk lehenagotik ezagutzen nituen, baina, berez, nire lana ahoz aho zabaldu dela uste dut.

Aurten, lehenengoz erakutsiko dute zure lan bat Durangoko Azokan. Zinemagile gisa, zer eskaintzen dizu azokan egoteak?

Nire amaren etxea nahiko pieza luzea denez —28 minutu ditu—, ez du horrenbeste leku izaten jaialdi handietan, ez delako ez pieza labur, ez luze kontsideratzen. Ondorioz, azokak nire lana modu indibidualean erakusteko aukera ematea pribilegio bat da niretzat. Euskal zinema aldarrikatzeko eta ahotsa emateko modu bat ere bada aukera hau. Oso eskertuta nago.

Naiara Lopez Zabala - Karrika antzerki taldeko kidea.

«Kulturazaleak Karrikara zein antzerkira hurbiltzeko aukera ematen digu azokak»

Karrika antzerki taldeko kideak, artxiboko argazki batean. Ezkerrean, Naiara Lopez Zabala. KARRIKA
Karrika antzerki taldeko kideak, artxiboko argazki batean. Ezkerrean, Naiara Lopez Zabala. KARRIKA

Antzerki munduan ibilbide luzea du Durangoko Karrika antzerki taldeak: 26 urte bete ditu aurten. Datorren ikasturtera begira, Hurrengo geltokia izeneko antzezlana prestatzen dabiltza, eta haren lagin bat ikusteko aukera egongo da Durangoko Azokan. Bi emanaldi eskainiko dituzte San Agustin kulturgunean, abenduaren 6an: 11:30ean eta 16:00etan izango dira, hurrenez hurren. Sei aktore egongo dira oholtza gainean, Patricia Urrutiaren gidaritzapean. Horietako bat da Naiara Lopez Zabala (Berriz, 1983).

Hurrengo geltokia antzezlana estreinatuko duzue Durangoko Azokan. Zer erakutsiko duzue?

Gure opera magna izango den ikuskizunaren work in progress-a aurkeztuko dugu. Gure barruak oholtza gainean azaleratzea eta gure barneko kezkak eta desirak plazaratzea da asmoa. 

Ordu erdi bateko antzezlana prestatu duzue azokarako. Gerora, baina, luzatzeko asmoa duzue.

Bai, berez, amaitu gabe dago antzezlana. Gure asmoa obra ikasturte honetan estreinatzea da; beraz, jo eta ke jarraitzen dugu lanean.

26 urte bete ditu Karrika antzerki taldeak. Nola dago osasunez?

Garai desberdinak bizi izan ditugu urte hauetan guztietan. Egun, sei kide gaude taldean, baina sasoi batean hogei ere izan ginen. Dena dela, taldea osasuntsu dago, eta egon izan da beti.

Zuen ustez, Karrika zergatik izan da tranpolin moduko bat hainbat euskal aktorerentzat?

Karrika baino gehiago, antzerki talde amateur guztiak dira tranpolin moduko bat euskal aktoreentzat; bertan hazten eta loratzen baikara sortzaileok. Halako antzerki taldeetan sortzen da, nire ustez, antzerkirako eta kultur sorkuntzarako grina.

Antzerkigile bezala zer eskaintzen dizue Durangoko Azokan egoteak?

Beti da plazer bat Durangoko Azokan parte hartzea. Gerediaga elkarteak beti hartu izan gaitu kontuan, eta, alde horretatik, zorionekoak gara halako proiektu baten parte izateagatik. Gure obrak azokan plazaratzeak erakusleiho zabala eskaintzen digu, eta bertatik igarotzen diren kulturazaleak Karrikara zein antzerkira gerturatzeko aukera ematen digu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.