Basauriko udal gobernuak datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu die gaur oposizioko alderdiei. 2026an 68,8 milioi euro izango dituzte, aurten baino %4,6 gehiago. Hauek dira udalak proposatutako inbertsio nagusiak: haur eskola bat eraikitzea eta hiri ortuak sortzea. Horrez gainera, 400.000 euroko zorroa sortu dute basauriarrek aukeratutako proiektuetarako.
Asier Iragorri alkateak nabarmendu duenez, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako helburuei lotutako gastu sozialerako erabiliko dute diruaren %42: «Agerian utzi dugu konpromisoa hartu dugula pertsonen eta basauriarren bizi kalitatea hobetzearen alde». Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Sustapen arloak inoizko aurrekontu handiena izango du: 10,8 milioi euro, aurten baino %3,9 gehiago. Hezkuntza atala izango da gehien haziko dena: %151, milio bat euro gorde baitituzte haur eskola berrirako. 310.000 euro erabiliko dituzte hezkuntza zentroetan hobekuntza lanak egiteko. Adinekoentzako politiketan, berriz, 5,1 milioi euro jarriko dituzte, eta 540.000 euro berdintasun politiketan.
Basauriko Udalak arazoa izan du zorrarekin. 2021ean hamabi milioi eurokoa zen. Berta Montes Ogasun zinegotziaren arabera, «doitasun eta eraginkortasun politikei esker», datorren urtean Basaurik izango duen zorra «ia sinbolikoa» izango da: 806.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute aurrekontu proiektuan. «Ahalegin handia egin dugu bizilagunen euro bakoitza eraginkortasunez eta erantzukizunez administratzeko», esan du zinegotziak.