Igo egin da nazioarteratzeko interesa duten Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen kopurua

Iaz, Bizkaiko Foru Aldundiak 1.341 enpresa proiektu lagundu zituen, 28 milioi euro ipinita, hainbat programaren bidez.

Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomiaren Sustapenerako diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomiaren Sustapenerako diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 15a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu mailako ezegonkortasuna gorabehera, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainek nazioarteratzeari eutsi diote. Izan ere, ugaritu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako ematen dituen laguntzetan eskaerak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez. «Gure enpresek badakite lehiakortasunari eusteko ezinbestekoa dutela dibertsifikazioa, bai ekoizten duten produktuarena, bai geografikoa».

Guztira, 90 enpresa lagundu dituzte. Negozioa Alemaniara, Erresuma Batura, Frantziara, Italiara, AEBetara, Txinara eta Portugalera hedatu gura izan dute batez ere. Laguntzak eskatu dituzten enpresek 50 langile izan dituzte batez beste. Diputazioak hainbat jardueratan lagundu die: merkatu berrietan sartzen, bazkideak bilatzen, azoketan parte hartzen eta atzerrian merkataritza jarduera garatzen.

Iaz foru aldundiak enpresei emandako laguntzen balantzea egin du Basurkok gaur. 1.341 enpresa proiektu lagundu zituen, 28 milioi eurorekin, hainbat programaren bidez. «Balantze honek erakusten du nazioarteko ezegonkortasunak markatutako urte batean gure enpresek zer-nolako indarra eta dinamismoa izan duten». Lau bloketan banatuta daude: ekintzailetza, talentua, berrikuntza eta nazioartekotzea.

Azken hamar urteetan %111 handitu da diru laguntza bidez banatutako kopurua. Blokerik zabalena berrikuntzarena da, horretara bideratzen baitute diru gehiena —22 milioi euro—. Digitalizazioa, jasangarritasuna, kudeaketa berria eta modernizazioa bultzatu nahi izan dituzten 1.075 proiektu lagundu dituzte. «Enpresa horiem eraldaketa teknologikoa, industria jasangarritasuna, energia eraginkortasuna eta prozesuen modernizazioa indartu ditugu», esan du Basurkok.

Ekintzailetzari lotutako programetan 99 proiektu lagundu dituzte, hiru milioi euro ipinita. Horri esker, sendotu egin dute enpresariak ideia duenetik enpresa martxan hasi arteko bidea. Bizkaia Whit The Talent estrategiaren barruan, 518.000 euro pasatxo banatu dituzte 77 proiekturen artean. Estrategia horren helburua da kualifikazio handiko profesionalak erakartzea, garatzea eta fidelizatzea, Bizkaiko enpresa sarean halako profesionalen eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen desoreka murrizteko.

Emakumeak sortzaile

Enpresa horietan andreek dute presentziari ere erreparatu dio diputatuak. Basurkok esan du azpimarragarria dela hainbat programatan emakumeek duten lidergoa. Bereziki ekintzailetza berritzaileari, sormen industriari eta trantsizio berdeari lotutako laguntza programetan nabarmendu dira andreak. Esaterako, Bizkai Sortzailea programan, proiektuen %60 emakumeek gidatuta daude. Enpresa berritzaileak sortzeko programan, ia herenak izan dira. Basurkoren esanetan, horrek agerian uzten du emakumeen lidergoak pisu nabarmena duela proiektuen fase goiztiarretan eta sormen sektoreetan. Ostera, oraindik ere andreen presentzia txikiagoa da teknologia konplexutasun handiagoko berrikuntza eta inbertsio programetan edo digitalizazio aurreratuaren esparruan. «Lanean jarraitu behar dugu emakumeek sarbidea izan dezaten Bizkaiko lehiakortasunerako eta eraldaketa ekonomikorako estrategikoak diren guneetan ere», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.