Herri kiroletan trebatzeko zentro bat inauguratu dute Bilbon

Txurdinagako udal kiroldegian dago Bilboko Herri Kirolen Zentroa. Harrobia sortzea eta profesionalei entrenatzeko leku bat eskaintzea dira proiektuaren helburuak.

Bilboko Herri Kirolen Zentroaren inaugurazioa, gaur, Txurdinagako udal kiroldegian. BERRIA
Bilboko Herri Kirolen Zentroaren inaugurazioa, gaur, Txurdinagako udal kiroldegian. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 15a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta jende gehiago erakartzen dute herri kirolek, eta, ondorioz, entrenatzeko lekuak ere behar dira. Horregatik, Bilboko Herri Kirolen Zentroa sortu dute Txurdinagako udal kiroldegian. Bilboko Txirrika herri kirol klubak kudeatuko du, Bilbo Kirolak udal erakundearen laguntzaz. 846 metro koadroko eremuan, erabilera anitzeko pista bat, komun eta aldagela egokituak, fisioterapia gela bat eta beste hainbat gune atondu dituzte. Bilboko Udalak 1,3 milioi euroko inbertsioa egin du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 230.000 euro jarrita lagundu du obra. Gaur inauguratu dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Kirol eta Euskara diputatuak.

Aitzol Atutxa, Inhar Urruzuno eta Joseba Etxebarria ibili dira proiektua gidatzen. Alkateak esan duenez, profesionalentzako erreferentziazko zentro izatea da gune berriaren helburua. «Herri kirola sustatzeko eta bultzatzeko funtsezkoa azpiegitura izango da: hasi edo hobetzen jarraitu nahi duten guztien eskura dago». Kirol diputatuaren arabera, herrialde osorako erreferentziazko zentroa izango da. «Bizkai osoan zehar ditugu herri kiroletarako ekipamenduak, herri txikietan eta handietan. Gure paisaiaren parte dira. Udalekin elkarlanean, azpiegitura horiek egokitu eta hobetu ditu foru aldundiak. Orain, Bilbon dugu guztion etxea, batzen gaituen etxea».

11

Zenbat diziplina landuko dituzten Bilboko Herri Kirolen Zentroan. Txurdinagako udal kiroldegiko pistan 11 herri kiroletan aritzeko aukera egongo da: harri jasotzea, sokatira, trontza, aizkora, lasto jasotzea, ingude jasotzea, txinga eroatea, zaku eroatea, orga jokoa eta lokotx batzea.

Bilboko Herri Kirolen Zentroak adinaren araberako jarduera programazioa eskainiko du. Bi arlotan jardungo du. Batetik, eskola kirolari erreparatuko dio: Bilboko zenbait ikastetxek zentroan eskainiko dituzten tailerretan parte hartuko dute. Harrobia lantzea da helburua, zentro horretan prestatutako kirolari profesionalak maila altuenetan aritu daitezen etorkizunean. Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren laguntza izango dute jarduera inklusiboak lantzeko. Bestetik, kirol federatuak ere lekua izango du: herri kirolen hainbat diziplinatako entrenamendu espezifikoak eskainiko dituzte, kirol teknikari kualifikatuek gidatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA