Bizkaian edukiontzi grisera botatzen diren hondakinen %40 organikoak dira oraindik. Baina portzentajea apalduz doa urtez urte, eta aurten «nabarmen» handitu da edukiontzi marroietan bildutakoa. Neurri handi batean, diputazioak herrialdeko 28 udalerritan egindako A ze marroia «kanpainari esker» izan da, Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako diputatuak adierazi duenez. Herri horietan bizkaitarren %75 bizi dira, eta urtarriletik abuztura iazko epe berean baino %22 organiko gehiago bildu dute. Gainontzeko herrietan, %10ekoa izan da hazkundea. Guztira, dagoeneko 13.000 tona inguru bildu dira herrialde osoan, eta diputazioak uste du urte bukaeran 15.500 tona izango direla, «orain arteko erritmoari eutsiz gero». Hau da, iaz baino %20 gehiago Bizkai osoan.
Kanpainari esker, 1.021 bizkaitarrek edukiontzi marroia erabiltzeko izena eman dute, eta 1.100 ikasle inguruk hartu dute parte hondakinak bereizten ikasteko tailerretan. Atutxak gogoratu duenez, kanpaina urtarriletik maiatzera bitartean egon zen indarrean. Gorakadarik deigarriena Ibarrangelun ikusi dute: %61,5 handitu da bildutako ongarriko kopurua. Durangon, ostera, otsailean eta ekainean izan dira gorakadarik handienak, eta gainontzeko hilabeteetan apalagoak.
Kanpaina maiatzean bukatu bazen ere, haren eragina aztertzeko denbora gehiago itxaron gura izan dute, herritarren ohiturak aldatzeko balio izan duen jakiteko. «Ikusi dugu geroko hilabeteetan ere igoerari eutsi zaiola», azaldu du. Beraz, «arrakastatsutzat» jo du kanpaina, eta aurrera begira beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoa iragarri du. Era berean, edukiontzi marroiaren hedapenari ere bultzada eman beharko diote udalek; gaur egun Bizkaiko hamar udalerritik bederatzitan daude.
Ostalariekin lanean
Oraindik asko falta da Bizkaiak gaikako bilketan 2030erako ipinitako helburuak betetzeko. Atutxak herritarrei dei egin die kontzientzia hartu eta ohiturak aldatzeko. Diputazioak bestelako jarduera batzuk ere egingo ditu. Esaterako, urrian aparteko lana egingo dute herrialdeko ostalariekin, zer ohitura eta beharrizan dituzten ezagutzeko. Diputatuaren esanetan, ostalaritzarako aparteko bilketa sistema bat sortzea aztertzen ari dira.
Organikoaren bilketa hazkundeak hura tratatzeko baliabideak beharko ditu, eta horretarako sortu du diputazioak Metabarri. Astelehenean inauguratu zuen Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Metabarri zentroa, eta bertan biometanoa eta ongarria sortuko dute organikoarekin.